Bertsolaritza eta flamenkoa oholtza gainean

Bertsolaritza eta flamenkoa oholtza gainean –

Maia Ramirez de Okariz, Noticias de Gipuzkoan.


Batetik, bertsolaritza, eta bestetik, flamenkoa. Izan daiteke bi diziplina artistikoren arteko elkarrizketa bat. Izan daiteke nor beretik jardutea eta bi hizkuntza ezberdinen artean nolabaiteko erdigune bat aurkitzea. Izan daiteke ere bakoitzak sentitzen duena ahots eta gorputz bidez adieraztea eta hori ikusleari transmititu nahi izatea, eta aldi berean, ahal izatea. Hori guztia -eta gehiago- batzen du Gorria ikuskizunak. Miren Amuriza (Berriz, 1990) bertsolariak eta Askoa Etxebarrieta “La Pulga” (Gasteiz, 1976) flamenko dantzariak ondu duten lana da. Hala ere, nabarmendu dute oholtza gainean agertu ez arren, ikuskizuneko parte direla beste zenbait lagun ere. Jada egin dituzte emanaldi batzuk, eta orain ikuskizuna aurkezten arituko dira han-hemengo aretoetan.

Bertsolaritza eta flamenkoa oholtza gainean

Pasa den azaroan aurkeztu zuten Iruñeko Kondestable Jauregian urtebeteren buruan osatu duten lana, Bertsoaroa zikloaren baitan. Amurizak adierazi du publikoaren gehiengoa bertsozalea izan arren, bientzako plaza berri bat zela hura: “Publikoa bertsozalea zen, niretzako, ohikoa, baina sentsazioa ezberdina zen, rol desberdin bat jokatzen bainuen. Askoarentzako, aldiz, alderantzizkoa zen egoera; bere gainontzeko emanaldietan legez zebilen dantzan, baina bestelako plaza batean”. Etxebarrietak, berriz, aitortu du gustura gelditu zela lehen emaitzarekin, eta publikoko zenbait kideri flamenkoa gerturatzeko balio izan zuela aukerak. Lehen emanaldiaren ostean, Legution (Araba), Bergaran (Gipuzkoa), Barakaldon (Bizkaia) eta Markina-Xemeinen (Bizkaia) eskaini dituzte emanaldiak, besteak beste.

LEHEN URRATSAK Ikuskizuna sortzeko bidean, berriz, Amurizak eman zuen lehen pausoa, pertsonalki elkar ezagutzen ez bazuten ere. Azaldu du aditua izan ez arren, flamenko zalea dela, eta beraz, bazuela Etxebarrietaren berri: “Ikusita nuen nolako indarra zuen dantzan eta zer transmititzen zuen; banuen intuizioa gure doinu eta metrika jakin batzuekin, batez ere, koplekin, bat etorri zitezkeela flamenkoko erritmo batzuk, eta agian, zerbait sortzea posible litzatekeela”.

Mezu bat bidali zion flamenko dantzariari, eta azken honek gehitu duenez, “bi aldiz pentsatu gabe” erantzun zion baietz. Gainera, kontatu du gogoko duela esperimentazioa, eta beraz, behin baino gehiagotan nahastu dituela diziplina artistiko ezberdinak: “Ez dut aterik ixten”. Esate baterako, Berriketan proiektuaren parte da, eta txalaparta uztartzen dute flamenkoarekin batera.

Erabakia hartu, eta Lanku kultur zerbitzuak eskaintzen duen bekara aurkeztu zuten ideia. Hain zuzen ere, Bertsozale Elkarteak sortutako entitatea da, eta helburuetako bat bertsolaritza indartzea eta zabaltzea da. Haiei eman zieten bertso edukien sormenerako Lanku Beka 2018an, eta pausoak ematen hasi ziren. Flamenko dantzariak, ordea, nabarmendu du beka eman izan ez baliete ere, “berdin-berdin” jarraituko luketela ikuskizunarekin aurrera: “Biok genuen gogoa zerbait egiteko, eta beraz, egingo genukeen aurrera; egia da, ordea, laguntza honek eskaini digula plus bat, eskaintzen du dirua gure poltsikoetatik jarri behar ez izatea”. Are gehiago, adierazi du beka ematearekin bat, kultur zerbitzuak “apustua” egin zuela ikuskizunarekin. Gutxi gorabehera, urtebete inguru egon dira prestatzen, baina nabarmendu dute emanaldiz-emanaldi aldaketa txikiak egin ohi dituztela.

ELKARGUNERANTZ Egileentzat ikuskizunaren helburua ez zen fusioa, baizik eta, bi diziplina artistikoen arteko elkarrizketa bat sortzea. “Jariakorra izan zitekeen zerbait egin nahi genuen, eta bertsolaritzaren eta flamenkoaren artean erdigune bat bilatu”, esan du Amurizak. Hala, nor bere diziplinatik aritzeko hautua egin zuten, baina egokitzapen txikiak eginda. Esate baterako, pentsatu zuten zein doinu izan zitezkeen dantzagarriak flamenkorako eta bertso doinu batzuk nola uztartu zitezkeen flamenko erritmoetan. Gainera, elkarrizketa horretan, bai Amurizari zein Etxebarrietari garrantzitsua iruditzen zitzaien bakoitzak zer sentitzen zuen azaltzea. “Bagenuen gogoa, batetik, nik bertso doinu bat entzutean sentitzen nuena flamenkoarekin adierazteko, eta Mirenek zer sentitzen zuen islatzekoa beretzat ohikoa ez den musika erritmoarekin”, gehitu du Etxebarrietak.

GORRIAREN ADIERAK Ikuskizuna, orotara, hamar bloketan dago banatuta, eta Amurizak jakinarazi duenez, pieza solteak dira guztiak. Atal horietako bakoitzean jarduteko era, berriz, ezberdina da. Batzuetan, biak batera daude oholtzaren gainean; beste batzuetan, bakarka edo txandaka. Eta bertsoen hitzetan lantzen diren gaiak ere anitzak dira. “Ikuskizunarekin gauzak esan nahi genituen, ez bakarrik dantza eta kantua izatea, baizik eta mami pixka bat edukitzea”, azaldu du flamenko dantzariak. Hain zuzen ere, egun sentitzen dituzten zenbait kontu azaleratzea zen helburuetako bat, gizartea inguratzen duen errealitate zenbaitez hausnarketa bat egitea. Piezak solteak izan arren, ordea, badago lotzen dituen hari bat; gorriaren sinbologiak eduki dezakeen indarra. Blokeetako bakoitzak ikuskizunaren izenburuarekin lotura duela aitortu du bertsolariak, modu batera edo bestera: “Piezetako batzuk elementu gorriekin daude lotuta, odolarekin, haragiarekin eta polizien kaskoekin, adibidez; beste batzuk, berriz, kontzeptualagoak dira, eta lantzen da, besteak beste, gorriak eduki dezakeen konnotazio erotikoa”. Etxebarrietak gaineratu du kontzeptuak mila esanahi eduki ditzakeela, eta horrek barne hartzen zituela ikuskizunean lantzen diren gaiak. Gainera, gehitu du gai eta bertso horiek aukera ematen dutela “leku batetik bestera” aritzeko eta dantzaren zein kantuaren bitartez sentitzen dena transmititzeko.

Azken batean, ikuskizuna intimista izatea ere bazen oinarrietako bat, eta horrek ere badu lotura bertan jorratzen diren gaiekin eta horiek lantzeko erarekin. “Gorria intimista izateko nahia genuen; bi emakume oholtza gainean. Hori egin nahi genuen”, azaldu du flamenko dantzariak; eta, nabarmendu du, pertsonalki, ikuskizunean sortu dutenak txikitako oroitzapenetara eta erroetara itzultzeko aukera ere ematen diola: “Euskalduna naiz, eta Mirenek betiko bertso doinuak abestean eta horiek flamenkoaren bitartez dantzatzean, nire erroetara itzultzeko aukera sentitzen nuen, betidanik entzun izan ditudan doinuak flamenkoaren bidez adierazteko”.

DANTZA ETA BERTSOA BAINO GEHIAGO Oholtza gainean bi protagonista baino ez daude, eta horrek ere ematen dio ikuskizunari intimista sentitzearen esentzia, baina egileek adierazi dute lan taldea jende gehiagok osatzen duela. Bertsoek eta dantzek musika dute bidaide, ezinbestean, eta nahiz eta oholtza gainean musikaririk egon ez, haiek aurrez eginiko lana nagusi da ikuskizunean. Aitor Escobar arduratu da gitarra doinuez eta Adrian Larrañaga perkusioaz. Musikaren grabazioa Aitor Ariñok egin du. Baina taldean badira lagun gehiago ere. Jantziez, Eder Aurre arduratu da; dekorazioaz, Lierni Eizagirre; argiztapenaz, Ion Chavez; eta, soinuaz, Jon Garagartza. “Ikusezinak dira aipatutako pertsona guztiak gu biok agertokian gaudenean, baina hor daude, oholtzaren gainean gurekin batera, eta egiten duten lana ezinbestekoa da proiektu osoa aurrera atera ahal izateko, noski”, gaineratu du Etxebarrietak.

DATOZEN EMANALDIAK Bertsoaz eta flamenkoaz gozatu nahi duen orok, beraz, badu horretarako aukera Gorria ikuskizuna aurkezteko egingo dituzten datozen emanaldietan. Besteak beste, martxoan Galdakaon, Berrizen eta Kuartangon izango dira eta bertan eskainiko dituzte ikuskizunak. Hortik aurrera ere egongo dira beste hainbat hitzordu.

Ohiko moldeetatik at dagoen proposamen honetan ikusleak edukiko du aukera gorria kontzeptuak dituen adiera zein esanahi ezberdinez ohartzeko, eta horietako bakoitzak lantzen dituen gaiez hausnartzeko. Ikusleak edukiko du aukera munduaren ikuskera ezberdin batez disfrutatzeko, eta inguratzen duen horretaz jabetzeko. Benetako Gorria zer den ezagutzeko aukera izango du ikusleak.

Bertsolaritza eta flamenkoa oholtza gainean
Bertsolaritza eta flamenkoa oholtza gainean
Bertsolaritza eta flamenkoa oholtza gainean
Bertsolaritza eta flamenkoa oholtza gainean