Bertsolaritza eta askatasuna
Bertsolaritza eta askatasuna –
Ricardo Cruz Lopez BERRIAn.
Bertsolaritza eta askatasuna izenburuarekin Gogoan elkarteak antolatutako solasaldian, oso hausnarketa sakon eta mamitsuak egin dituzte Xabier Euzkitze eta Ekaitz Goikoetxea bertsolariek, BERRIAn agertu denez, eta, gure herrian gertatzen dena ulertzeko haiek esandakoak duen garrantzia kontuan hartuta, gogoeta batzuk egin nahi ditut, euskaldunon bake eta adiskidetzea lortzeko lagungarri izango ditugulakoan.
Lehenik eta behin, bertsolaritzaz zerbait esango dut. Kulturaren aldetik duen garrantzia handiaz gain, historian zehar askatasuna lortzeko borrokan izan duen funtzio inportantea azpimarratu nahi dut. Euskal Herrian bizi izandako garai desberdinetan askatasunaren mezulariak izan ziren bertsolariak, eta adibide asko eman dezakegu: foruen abolizioa gertatu zenean, foruen alde kantatu zuten orduko bertsolariek; eta, denboran hurbilen dugun unea aipatzeagatik, nola ahaztuko ditugu frankismoaren garai beltzenetan arrisku handia beren gain hartuz Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokari kantatu zioten bertsolari kementsu horiek? Hor ditugu Txiki eta Otaegiren fusilamenduak, poliziek egindako torturak eta giza eskubideen urraketa larriak, amnistiaren aldeko borrokak, errepresioa… Egoera horien guztien aurrean ez ziren isilik geratu bertsolariak, eta askotan jazarpen larria pairatu behar izan zuten beren konpromisoaren ordainetan.
Zer esanik ez garai hartako bertsolariak erabat miresten ditudala, eta gehien ezagutzen dudana aipatuko dut: Xabier Amuriza, niretzat ere erreferentzia izan baitzen gure herriaren aldeko borrokan.
Bigarrenik, arestian azaldutakoa argi eta garbi adierazi ondoren, inork zalantzarik izan ez dezan, bertsolaritzak Euskal Herriko historiaren beste etapa batean bizi izan duen, eta agian oraindik bizi izaten duen, askatasun falta aipatu nahi dut. Une batetik aurrera, Euskal Herrian abertzale eta euskaldun asko ETAren kontra jarri zirenean, bertsolaritzaren munduan, sektore handi-handi batean, ez zen aldaketa hori onartu eta errespetatu, eta, ondorioz, Xabier Euzkitzek eta Ekaitz Goikoetxeak ezin ederkiago adierazten dutenez, beste zentsura eta jazarpen mota bat pairatu zuten bertsolari batzuek, ezker abertzalearen inguruko bertsolariek ezarritako arauei men ez egiteagatik.
BERRIAk emandako informazioan, bi bertsolari horiek oso-oso ederki azaltzen dute bizi izandakoa, ez naiz horretan luzatuko, baina izugarria eta guztiz salatzeko modukoa iruditzen zait. Nola esan dakioke bertsolari bati ETAri buruzko haren jarrerak ez ziola bertsolaritzaren munduan mesederik egingo? Jaun-andreok, zentsura eta faxismoa da portaera hori, besterik ez, eta ozenki arbuiatu behar da, torturak eta guardia zibilen basakeriak salatu ditugun moduan. Zer dela-eta bertsolari batek ezin du Isaias Carrascoren hilketaren kontra ondoriorik izan gabe kantatu? Ez ditut bertso-saioak gehiegi jarraitzen, baina zergatik ez zen ETAren indarkeria gaien artean jartzen? Galderak egiten jarrai genezake; gogorra, tristea eta lotsagarria da gertatu dena, benetan esaten dut.
Hirugarrenik, Ekaitz Goikoetxeak egindako hausnarketa bat aipatu nahi dut: «Zenbait gai ez dira oraindik jorratzen. Ez dakit zergatik: zeren beldur gara?». Mesedez, eztabaida zabal bat izan dezagun euskaldunon artean, bertsozaleen artean batez ere, guztiz beharrezkoa baitugu guztien errespetuan oinarritutako bakea lortzeko.