Bertsolari, regueifeira eta glosadoreen arteko topaketea hasiko da bihar
Bertsolari, regueifeira eta glosadoreen arteko topaketea hasiko da bihar –
Asier Abrisketak BEGITUn.
Regueiglobertso izeneko topaketan ikasle arratiar, galiziar eta kataluniarrak batuko dira Igorren. Ekitaldi nagusia eguenean ospatuko dabe Lasarte Aretoan, konbidadu bereziakaz batera.
2016an hasi zan, “Hizkuntzak egiten gaitu” lelopean, Galiziako regueifeiren eta Arratiako bertsolaritza ikasleen arteko topaketea. Gero, Kataluniako glosadoreak be batu ziran alkartruke kulturalera. Holan jaio zan Regueiglobertso; Euskal Herria, Katalunia eta Galiziako ahozko literatura eredu herrikoien arteko topaketea.
Aurtengo edizinoan, regueifeira eta glosadoreak Korrikan parte hartzeako aukerea be eukiko dabe, eta holan hasiko dabe topaketea. Aprilaren 6 goizean, Korrika Txikian hartuko dabe parte eta gero, Korrika ofizialagaz egingo dabe bat, 15:00etan Igorren. Arratiako Bertso Eskoleagaz batera egingo dabe kilometroa, jubiladuen egoitza parean hasita.
Arrastian be, ariketa fisikoagaz jarraituko dabe, beti be kultureagaz lotuta. 17:30ean Karmele Gisasolak herri kirol probak gidatuko dauzKultur Etxeko plazan. Ostean, Arratia BHIko ikasleek jantza saio irekia egingo dabe.
Topaketako ekitaldia nagusia hurrengo egunean izango da, aprilaren 7an. Lasarte Aretoan, 17:30etik aurrera batuko dira Arratia BHIko ikasleak, Galiziako ikasleak, Kataluniako ikasleak, Arratiako Bertso Eskolea, Glosadors de Catalunya eta regueiferoak. Bertsolaritza munduko izen esanguratsuen laguntzea izango dabe, Maialen Lujanbio eta Onintza Enbeitarena. Hori bakarrik ez, konbidadu sorpresak be prometidu dabez.