Bertsolari ijitoak
Ijitoa izatea luzaz egon da debekatua Europako hainbat lekutan, baita, nola ez, gure estatu maite eta abegikor Espainia eta Frantzian ere.
Bertsolari ijitoak –
Cira Crespo, ARGIAn.
Horregatik, denbora luzez, ijitoek ez zuten ijito zirenik esan ohi. Eta halaber horregatik, historialariok oso zail daukagu bere historia ezagutzea, eta behar den bezalako aitortza ematea. Baina, nahiz eta zaila izan, Historiaren hutsuneak bete egin behar izaten dira, Historia ahal denik eta desberdinena eta zintzoena egiteko. Horretan dabil hainbat historialari ijito. Euskal Herriari dagokionez, El pueblo gitano en Euskal Herria (Ijito herria Euskal Herrian) (Txalaparta, 2017) irakur liteke David Martinena, gai honen inguruan, nik dakidanez, daukagun monografia onena.
Martinen lanari esker jakin nuen, dokumentuetan ijitoak aurkitzeko, besteak beste, abizenak eta lanbideak erabili ohi direla. Hau da, badira ijitoei arrunt zaizkien abizen eta lanbide jakin batzuk eta horiei erreparatzeak ijitoak identifikatzeko arrastoan jarriko gaitu. Bi baldintza horiek betetzen ditu, adibidez, Martin Larralde Iturbide bertsolari eta euskal pertsonaia ikonikoak. Horren harira, duela denboratxo bat artikuluxka bat argitaratu genuen Ibai Iztuetak eta biok Zuzeun: Eta Martin Larralde ijitoa izan balitz, Zer?
Laburbilduz, bere bi abizenok, Larralde eta Iturbide, ijitoen dinastia ezagunetakoak dira. David Martinek bere liburuan azaltzen duen bezala, Yturbidetarrak “Epaitegietako dokumentuetan gehien ageri diren familietako bat dira”. Larralde, berez, hasiera batean, Pedro Yturbideren ezizen gisa agertzen da (1688), hortik aurrera, dirudienez, litekeena da familiakoek abizentzat hartu izana.
“Zer gertatuko litzateke bertsolari dezente ijitoak izan balira? Eta beraien bertsolaritzaren ekarpenak, berriz, funtsezkoak?”
Bestetik, dokumentu ofizialetan, Martin Larralde lanbidez cordonnier dela adierazten da, hau da, zapataria. “Euskal Herrian, Erregimen Zaharrean, gizartearen ertzetako lagunen ohiko lanbide aitortuak, ondorengo hauek dira: nekazari, tenporero, zapatari, arotz, zorroztaile, motzaile, danbolin-jole, txatarrero edota eskale profesional. Eta, hain zuzen, hauek dira ijito jendeak zituen ofizioak”. Ez hori bakarrik, familiako etxean, Bordaxurin, bizi ziren lagunek ogibide hauek zituzten: laborari, ohialkin, merkatari, ehule, tratante… guztiak ijitoekin lot litezkeenak, alegia.
Duela egun batzuk, berriz, beste froga zirkunstantzial batekin egin nuen topo: Martin Larralderen bertsoa bera. Flamenko adituek kontatzen digute ijitoek idatzitako koplek, askotan, bere historiako pasarteak kontatzeko balio izan dutela eta ohikoa izan dela atxiloketei, kartzelari, galerei buruzko bertsoak egin izana; Espainian carceleras izendapena ematen zaio kantu mota honi. Bada, horri buruz hitz egiten digu hain justu, Martin Larraldek:
“Kantu hauk eman ditut Paube-ko hirian,
burdinez kargaturik, oi! presondegian;
bai eta kopiatu denbora berian,
orok kanta ditzaten Hazparne herrian”
Hara hor, euskarara ekarrita, konparaziorako, Andaluzian bildutako koplatxo batzuk:
“Petatean nengoen eserita,
burua atzera botata
gogoan nituen gure haurrak,
Nola egongo da gure ama?
Baninderamaten
eta bidean esan nien
lasaitzeko sokak
min egiten zietela besoei”
Bertsolari jardundako ijitoak egon zirena ez da, berez, aurkikuntza bat, eta wikipedian bertan Franzisko Javier Etxeberria Txuntxunero ere agertzen da. Xenpelar ijito semea zela ere iradokitzen da.
Emakume ijito bertsolariak ere ezagutzen ditugu… bat, besterik ez bada ere. 1968ko urtarrilaren 11n Herri aldizkarian Pierre Laffitek horrela aurkezten dizkigu izenik gabeko alarguntsaren bertsoak: “Minduri debrusa horiek laket zuten elhe lazgarrietan; baina beren bizia irabazten bazuten ere, erran behar da nezkagarria eta okaztagarri bilakatzen zela heien jokoa. Emeki-emeki galdu da minduriaren ohitura. 1930an, apeza hoan zenean hilerritik, buhamea hil-kutxari lotu zitzaion bi beso eta hasi zen”:
“Martin Galox gaixoa,
ez haut gehiago mundu honetan ikusiko
Hi hintzen ene argia, ene ogia, ene gasna!”
Eresia honen zati bat kanta erdiragarri bihurtu zuen, geroago Oskorrik.
Datu horien aurrean, zer gertatuko litzateke bertsolari dezente ijitoak izan balira? Eta beraien bertsolaritzaren ekarpenak, berriz, funtsezkoak? Horrela izan balitz… polita izango litzateke, ezta? Euskal Herriaren baitan herri asko kabitu direla, eta euskara denon hizkuntza izan dela esan nahiko lukeelako.