Bertsogintzaren nekazaria

Bertsogintzaren nekazaria –

Ane Maruri Usansolok, Busturialdeko Hitzan.


Bere garaia berritu eta bertsolaritzaren etorkizuna erein zuen Jon Lopategi bertsolariak. Transmisioan egindako lanagatik nabarmendu zen, eta 1989an Euskal Herriko txapela jantzi zuen.

Nire hiletara bazentozte laster, errezatu Beltzari hiru pater noster. Bertso hori bota zuen Jon Lopategi bertsolari muxikarrak bertso saio batean behin. Orain dela bi aste, baina, bertso berbera gogora ekarriz agurtu zuten Beltza, 84 urtegaz agur esan duen bertsolaritzaren ikurretako bat.

Bertsogintzaren nekazariaBertsolaria eta bertsozalea zen Lopategi. Euskara eta bertsoa izan zituen ardatz bere bizitza osoan, eta bere azken urteak ere, bertsolari gazteez eta euren bertsoez gozatzen igaro zituen. “Eskualdean eta inguruan antolatzen ziren bertso saioetara etortzen zen beti, bertsolari gazteak animatu eta txalotzera”, gogoratu du Onintza Enbeitak. Ariatzan egindako bertso saio bategaz oraindik oroitzen da muxikarra, baita bertan Lopategik esan zionaz ere: “Bertsotan ibili ginen, eta saioaren bukaeran gazteak animatu ziren kantantzera. Bukatutakoan saio polita izan zela esan zidan, baina saioko politena bukaera izan zela onartu zidan”.

Bertsolaritzaren transmisioa zuen kezka nagusia Lopategik, eta horretan berak egindako lana eredugarria izan da. 1984. urtetik aurrera, Bizkaiko Ikastolen Elkarteagaz batera, bertsolaritza eskoletara zabaltzeko proiektua sortu zuen, eta gaur egungo bertsolari bizkaitar asko haren ikasle izandakoak dira.

Josu Goikoetxea gai jartzaile ohiak dioenez, irakasle izateaz gain, txapela jantzi eta bertsolaritzaren nekazaria izatera ailegatu zen Lopategi. “Hazi bat erein zuen, eta hazi hori arbola ikaragarria bihurtu da gaur egun. Orain dela 30 urteko kontuetaz ez gara asko ohartzen, baina pertsona batzuen ideiengatik orain fruitu ederrak dauzkagu”, dio Goikoetxeak Lopategik egindako lana gogoratzerakoan.
Gaur egun kulturaren transmisioak duen garrantzia “barneratuta” dagoela uste du Enbeitak: “Oso onartuta daukagu bertsoaren transmisioa bultzatu behar dela bertso eskoletan, hori delako horien ardatza. Euskal Herriko beste kultura espresioek ere imitatu egiten dute Bertsozale Elkarteak transmisioan egindako lana”.

Onintza Enbeita: “Bertsolaritzaren frikiak izatetik talde baten parte izatera bultzatu gintuen”

Alabaina, orain dela 30 urte Jon Lopategik bere zenez eta inongo teoria idatzirik barik bere denbora eta energia transmisioan inbertitzen hasi zela dio Enbeitak: “Lopategiren egitekoa ez zen eskolak ematea bakarrik, gugaz egoten zen, eta edozertan laguntzeko prest zegoen. Hil arte etorkizunaren garrantzia azpimarratzen ibili da han eta hemen”.

Lanaren jarraipena

Lopategiren ikaslea izan zen Ander Elortegi bertsolari natxituarra, eta, egun, Lopategik ikastoletan sortutako postuan dihardu lanean. Lopategiren lanari «jarraipena» ematen saiatzen dela dio, eta harengandik ikasitakoa gazteei transmititzen saiatzen dela onartu du: “Nik pribilegio handia izan dut. Lopategik ikastetxe batzuk utzi zituenean Ikastetxeen Elkartetik niri eman zidatelako beren lanagaz jarraitzeko aukera. Nik neuk bizi izandakoa ikusteko eta irakasteko aukera daukat. Metodologiak aldatu dira, baina Lopategik transmititutako guza guztiak landu eta transmititzen ahalegintzen naiz”.

Bertsogintzaren nekazariaOtsailaren 7an hil zen Lopategi, eta ordutik igarotako bi asteetan muxikarra nor izan zen erakutsi die gazteei: ”Ikasleen harrera ikaragarria izan da; oso harrituta geratzen dira Lopategi nor izan den ohartzen direnean. Zelan heldu zen, zer egin zuen eta bere lorpenak zeintzuk izan ziren kontatzen diet”. 
Elortegik dioenez, askotan pertsona batek uzten duen hutsunea ez da nabaritzen hiltzen den arte, baina Lopategiren lorpenak gogora ekarri beharrekoak direla nabarmendu du: “Berak egindako lan hori barik, Bizkaiko bertsolaritza kopuruz eta kalitatez askoz ere txikiagoa litzateke”.

Etorkizunera etengabe begiratzen zuen bertsolaria zen Lopategi. Txapelduna eta txapeldunen sortzailea. Bere lanaren puntuetako bat bertsolari gazteak plazara salto egitera bultzatzea izan zen. “Bertsolari gazteak plazarako prestatzea izan da bere asmo nagusia. Plazan egoteko jarrera eta modua erakutsi dizkigu bere zenez”, onartu du Enbeitak.

Plazako bertsolariak sortu ditu Lopategik, eta horietako asko Kanpantxuko egonaldietatik igarotakoak dira, baita Enbeita bera ere: “Kanpantxun elkar ezagutu genuen, eta berak ematen zigun askatasuna oso handia zen. Gure aldetik, berarekiko errespetu handia sortu zuen”. Adin tarte nabarmena egon arren, Kanpantxura “oso gustura” joaten zirela onartu dute Enbeitak eta Goikoetxeak. Elortegik ere, Lopategiren klaseak jasotzea “pribilegioa” zela dio.

Onintza Enbeita: «Lilibertsoren garrantziaz jabetu eta gure ondoan  egon da beti»

“Bertsolaritza gustuko genuen friki izatetik talde baten parte izatera bultzatu gintuen, eta horretan asmatu egin zuen” –aitortu du Enbeitak–; “erraztasun handia zeukan gazteekin egoteko. Gizon lasaia zen, eta denetariko gauzak egiten uzten zigun”. Goikoetxeak gaineratu du Kanpantxuko egonaldiak ez zirela bakarrik bertsoak sustatzeko: “Hasieratik bertsolari moduan oso txarra izan nintzen, baina bere helburua ez zen bakarrik bertsolariak sortzea, euskaldun eta euskalzaleak sortzea baizik”.

Kanpantxuko egonaldiez gain, furgoneta hartu eta saioz saio alde batetik bestera eramaten zituela gogoan du Elortegik: “Bere etxera joaten ginen, laguntzeko prest egoten zen beti, eta guk beragaz egon nahi izaten genuen. Berak lotzen zizkigun saioak herrietan edo ez dakit nongo jaietan”.

Azken urteetan aktibo

Maisua ez ezik, laguna. Azken urteetara arte aktibo egon da Lopategi. “Busturialdean zorte handia eduki dugu Lopategi 84 urtera arte aktibo egon delako. Iaz Astran egon zen geugaz afaltzen, bazkari asko egin ditugu elkarrekin eta gugaz egon da azkenera arte presente”, aitortu du Elortegik.

Josu Goikoetxeak dio iazko Gernika-Lumoko San Roke egunean ikusi zuela Lopategi: «Urteetan aritu naiz Gernika-Lumoko jaietako bertso saioa gidatzen, eta Lopategi beti egon izan da bertan.

Bertsolaritza oso hurbiletik jarraitu du azkenera arte. Iaz ere, txistuagaz ibili zen bertso saioa girotzen». Hala, bertsolaritzaren historian urte luzez gogoratuko duen pertsona izango dela dio gai jartzaile ohiak: “Lopategi kalean ikusita ez ginen ohartzen Euskal Herriarentzat zer izan den bertsolaria, baina legendarioa izan da. Eskertzekoa da horrenbeste bizi, entzun eta eman duenak oraindik bere azken urteetan ere bertsoagaz horren lotuta egotea”.

Ander Elortegi: “Bere lanik barik, kopuruz eta kalitatez ere askoz txikiagoa litzateke bertsolaritza”

Bertsoa presente izan du, baina ez bertsoa bakarrik, bertso eskolak ere. Elortegiren berbetan, bertsolari muxikarrak bazekien bere lana oso handia izan zela eta horrek, gaur egun, jarraipena daukala. “Niri askotan esaten zidan kalean ‘Ai Ander, zuk hartu duzu nire erreleboa, eta zein pozik nagoen’. Bazekien bere lana oso handia izan zela. Horregatik, lan hori elikatzen eta gure ondoan egoten saiatzen zen”. 
Gertutasun hori azken urteetan eskualdean sortu den Lilibertso taldeagaz ere eduki du Lopategik.

Bertsogintzaren nekazariaLilibertso taldearen sorreragaz Lopategik zerikusirik izan ez zuen arren, beti bertan egon dela dio Enbeitak: “Taldearen garrantziaz ohartu, eta gure ondoan egon da beti. Inoiz ez du kritika txarrik egin, beti poztu eta eskertu egin du Lilibertsoren lan hori. Bertso saioetara etorri eta entzun egin ditu”.

Lilibertsoko zaharrenak eta gazteenak Lopategigaz harremana izan zuela dio Elortegik, “bertsolariak kalean, tabernan zein bertso saio bakoitzean harreman hori bultzatzen zuelako”. Azkenera arte gazteen ondoan egon da, eta beragaz gozatzeko aukera izan dutela dio natxituarrak: “Ohore bat izan da 84 urteko Jon Lopategi ezagutzea. Niretzako kristorena zen bere errekonozimendu hori”.

Gertukoa, hurbila. Denek gogoratzen duten maisu hori da Lopategi. “Bere ilusio, gogo eta gaztetasuna agerian geratzen ziren. Beragaz bizitakoekin geratzen naiz”, azaldu du Elortegik.

Goikoetxearentzat “karisma” handiko pertsona izan zen, “hainbat bide zabaldu zizkiona”. Guztiek diote Lopatetigaz egun bakoitza «abentura» berri bat zela, eta milaka istorio dituzte kontatzeko.

Garai gogorretan tente

Frankismo eta frankismo osteko garaietan aritzen zen bertsotan Lopategi. Zapalkuntzen aurrean hizkuntza bultzatu gura zuen, eta horretarako tresna ezin hobea izan zuen bertsoa.

Adin batetik aurrera bertsolaritzaren nekazaria izan zela dio Goikoetxeak, baina aurretik «zinemako izarra» izan zela aitortu du: “Bera eta Amuriza agertzen zirenean, ikaragarria zen zelako zaletasuna sortzen zuten”. Bizkaiko Txapelketa irabazi zuen lau aldiz, 1962, 1964, 1966 eta 1987. urteetan. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian ere gailendu zen, 1989an.

Josu Goikoetxea: “Bertsolaritzaren nekazaria izan aurretik, zinemako izarra zen Lopategi”

Enbeitarentzat Lopategiren jarduna «oso ona» izan zen: “Bera eta Azpillaga oso denbora konplikatuan hasi ziren bertsotan. Ariatzako taberna batean lehenengo bertsoak bota zituztenean, frankismo bete-betean zeuden, eta ausardia handia izan zuten euskaraz berba egiteko eta bertsotan aritzeko. Bertsoen kalitatea ez ezik, garai hartan bertsotan egitera ausartzeak bazuen kalitatea; kalitate ideologikoa, praktikoa eta humanoa”.

Garai hartan bertsotan ibili zirenek bertsolaritza berpizteaz gain, euskara ere bultzatu gura zutela dio Enbeitak: “Euskara zuten ardatz, eta bertsolaritza horretarako bitartekoa zen”. Etorkizunean ere bideari eutsiko diote, maisuaren berbak gogoan: Anai arrebak ez etsi. Lehengo sustrairik ez utzi. Arima kendu nahi digutenei hortzak erakutsi. Herri libre bat iritsi. Arma benetan ziurrena den euskarari eutsi.

Bertsogintzaren nekazaria
Bertsogintzaren nekazaria
Bertsogintzaren nekazaria
Bertsogintzaren nekazaria
Bertsogintzaren nekazaria
Bertsogintzaren nekazaria
Bertsogintzaren nekazaria
Bertsogintzaren nekazaria