Bertsogintza eta euskal kultura, elkarren eskutik egindako bidea

Bertsogintza eta euskal kultura, elkarren eskutik egindako bidea –

Kulturklik atariak Antxoka Agirreri egindako elkarrizketa.


Nola jaso dute hedabideek bertsolaritza historian zehar? Zein eginkizun bete dute diziplina sendotzen eta transmititzen? Zalantza horiek eta beste batzuk argitzeko asmoz, duela lau urte Antxoka Agirre buruan zuen ikerketaren zirriborroa marrazten hasi zen, eta pasa den urtarrilean aurkeztu zituen haren ondorioak. Bertsolaritzak prentsa idatzian, irratian, telebistan edo hedabide digitaletan egin duen ia bi mendeko ibilbidea aztertu ondoren, tesiak ezaguna den ideia berretsi du: ahozkotasunak euskal kultur sistemaren eraketan izan duen pisu handia. UPV/EHUko doktorearekin mintzatu gara bere ikerketaren emaitzakazal diezazkigun.

Bertsoari buruzko kazetaritza ez zaizu arrotza. Bertsolarialdizkarian duzun esperientziak lagundu al zizun azterlana planteatzen?

Hortik etorri zen gaia neurri handi batean. Bi hamarkada baino gehiago dira aldizkarian lan batean edo bestean nabilela, nire tesi zuzendarietako batek, Txema Ramirez de la Piscinak, bazekien hori horrela zela, eta berak proposatu zidan kazetaritza eta bertsolaritza harremanetan jarriko zituen tesia egitea.

Oso gustuko ditudan bi alor uztartzen ditu gaiak, euskal kultura eta kazetaritza, eta zentzu horretan asko disfrutatu dut tesirako lanean aritu naizenean.

Zure ikerlanak ia bi mende hartzen ditu. Nola heldu diozu? Zer metodologia erabili duzu?

Egia esan hasiera batean ikerketaren objektua mugatuagoa zen: Amurizak 1980an irabazi zuen txapelketarekin hasten den bertsolaritzaren aro garaikidean bertsolaritzaren presentzia mediatikoak izandako loraldia. Lanean jarri nintzenean, ordea, loraldi horren zenbait gako lehenagokoak zirela esaten zidan intuizioak, bertsolaritzaren historiaz irakurtzen hasi nintzen, prentsako testu zaharretan saltseatzen, eta azkenean bertsolaritzaren historia osoari egin diot errepasoa, ia bi mende.

Metodologiari dagokionez azterketa kualitatiboa sakoneko elkarrizketekin burutu dut. Hamasei elkarrizketa luze egin ditut hiru multzotan banatuta: batetik, bertsolari erreferentzialak, azken hiru txapeldunak eta Amuriza; bestetik, bertsolaritzan espezializatutako kazetariak, prentsan, irratian, telebistan edota Interneten ibilbide bat egindakoak; eta, azkenik, Bertsozale Elkartean komunikazioarekin zerikusia duten ardurak izandako eragile batzuk.

Azterketa kuantitatiboa, berriz, ‘historia seriala’ deritzon metodologia jarraituz egin dut. Prentsa historikoko, 1980a baina zaharragoak, bertsolaritzaren inguruko 4.159 testu bildu eta etiketatu ditut, baita 1980tik aurrerako Txapelketa Nagusiko finalei buruz prentsan argitaratutako guztia, eta Bertsolari Aldizkariak azken 28 urteetan argitaratutakoa ere, beste 2926 testu.

 

Bertsogintza eta euskal kultura, elkarren eskutik egindako bidea
[Bertsolariei buruzko aipamena alemanez Wiener Zeitung egunkarian (1860)].

Testu hauen etiketatzetik datuak eta grafikoak atera ditut: aldi bakoitzean protagonista izan ziren bertsolariak, gaiari buruz gehien idatzi zuten sinadurak, gehien argitaratu zuten hedabideak, bertsolaritzaren inguruko prentsako testuetan ze azpigai jorratzen ziren…

Datu hauekin, bertsolaritzari buruzko bibliografiatik ateratakoarekin, prentsa historikoko testuetan topatutako historia txatalekin eta elkarrizketetan bildutakoarekin bertsolaritzaren historia mediatiko eta sozial bat osatu dut.

Ba al dago ikasteko zailtasun bereziki handiak dituen arorik? Hala bada, zergatik dira zailtasun horiek?

Lau ziklo nagusitan banatu dut bertsolaritzaren historia sozial/mediatiko hori: Lore-Jokoak (1845-1917), Euzkal Pizkundea (1918-1944), Frankismo Garaia (1945-1979) eta Garaikidea (1980 – …). Eta ziklo hauetan denboran geroz eta atzerago joan zailagoa izan da ikerketa.

Aro Garaikideko bertsolaritzari buruzko prentsa Xenpelar Dokumentazio Zentroan bilduta dago, baina hortik atzerakoa ez. Bilketa neuk egin dut. Eta Aro Garaikideko nahiz Frankismo Garaiko testigantza zuzenak lortu ahal izan ditut elkarrizketen bidez, baina lehen bi zikloen inguruan ezin zen horrelakorik egin, noski.

Bestalde, Euzko Pizkundea eta Lore-Jokoen artean azken hau askoz ezezagunagoa da bertso-munduan. Txirrita eta Basarriren 1930eko hamarkadako txapelen inguruan asko idatzi izan da, garai hartako eragile nagusia izan zen Jose Ariztimuño Aitzoli buruz ere bai… Baina Lore-Jokoetako bertsolaritzari buruz askoz gutxiago ikertu eta hitz egin izan da. Garai hartako testuak dira gainera lortzeko zailenak…

Bertsolaritza modernoaren oinarriak hor jarri ziren, Lore-Jokoetan, beraz, oso garrantzitsua da aro hori, baina, aldi berean, hau da ikertzeko aro zailena.

Zer profil dute bi mende hauetan zehar bertsolaritzaren presentzia mediatikoa bermatzeaz arduratu diren eragileek? Zeintzuk izan ziren hori lortzeko erabilitako estrategiak?

Ziklo garaikidean eman da aldaketa handiena. Bertsozale Elkartearen sorrerarekin bertsolariek eurek hartu zuten fenomeno kulturalaren gidaritza, eta baita honen hedabideratzearena ere.

Aurretik euskal kulturgileak izan dira eragile eta sinadura nagusi. Lore-Jokoetan lehen euskal kulturgile modernoak: Abbadie eta Duvoisin Iparraldeko Lore-Jokoetan, Manterola eta Campion Hegoaldekoetan. Chaho izan zen Lore-Jokoen aurretik prentsan bertsolaritzaren lehen apologia egin zuena… Euzko Pizkundean Aitzol da eragile garrantzitsuena, baina Zubimendik ere lan handia egin zuen hedabideetan, eta Lauaxeta edo Orixe bezalako figuren aleak ere topa daitezke. Frankismoan Hernandorena eta Basarri, rol horretan aritu zen lehen bertsolaria, hasieratik eta Euskaltzaindiaren bueltan zebiltzan Zavala edo Irigoien geroxeago…

Estrategia ezberdin ugari erabili zituzten, baina garrantzitsuena txapelketak antolatu eta hauei oihartzun mediatikoa ematea izan zen.    

Ikerketak adierazten al du bertsogintzaren bidea eta euskal kulturarena paraleloak diren?

Elkarren eskutik egindako bide bat izan da. Bi Euskal Pizkundeak funtsezkoak izan dira bertsolaritzaren bilakaeran eta bertsolaritza funtsezko elementu bat izan zen bi Euskal Pizkunde hauetan.

Euskal kulturak bere ertzekotasunagatik tradizio idatzi bat garatzeko izan dituen zailtasunei zor zaie kulturgileek ahozkotasunari ezarritako arreta berezia; garai bakoitzean euskal kulturaz eratu diren irudikapenak funtsezkoak izan dira bertsolaritzaren irudikapenetan, eta euskal kulturgintzaren antolaketa nahiz estrategietatik edan du bertsolaritzaren eragiletzak ere…

Euskal kulturaren bilakaera oso singularra da. Europa Mendebaldean kokaturik dagoen kultura bat da, alegia, Kultura Modernoaren garapenaren epizentro izan den eremuan, baina aldi berean ahozkotasunak pisu erabakiorra duen kultur sistema bat mantendu du, diskurtso hegemonikoak mendeetan zehar modernitatea-etorkizuna idatziarekin lotzen zuen bitartean.

Euskal kulturaren bilakaera singularra azaldu eta ilustratzen du bertsolaritzarekin egin ahal izan den bideak.

Ibilbide honek bertsolaritzaren historia soziala marrazten digu, baina gutxienez XX. mendearen amaierara arte emakumeak ia desagertuta daude, plazetan gertatzen zen bezala. Posible al da euren ekarpena berreskuratzea komunikabideetan egon ez direla kontuan hartuta?

Zaila da, baina azken urteetan ahalegin bat ari da artikulatzen hainbat frentetatik eta emaitza batzuk eman ditu.

 

Bertsogintza eta euskal kultura, elkarren eskutik egindako bidea
[Manuela Zubiaurre (1837-1916) bertsolaria argazki eta guzti La Voz de España egunkarian (1977)].

Ni ere saiatu naiz nire ekarpentxoa egiten. Komunikabideetan oso gutxi agertu ziren, baina horrek ez du esan nahi agertu ez zirenik. Prentsa historikoan bildutako 4.159 testu horietatik %0,7an aurki daiteke bertsolari emakumeen presentzia. Testu horietan gaurdaino ezagutzen ez zen bertsolariren bat topatu ahal izan dut.

Prentsa historikoko bilaketa xeheago batekin, eta topatutakoa xeheago aztertuta, aterako dira etorkizunean beste ale batzuk.

Zein faktorek azaltzen dute bertsolaritzak gaur egun duen oihartzun mediatiko handia?

Batetik, XIX. mendearen erditik hasita hainbat belaunaldik burutu duten lan jarraituak. Zazpi edo zortzi belaunaldi zeharkatzen dituen proiektu bat ikus daiteke eta honen ardatz batzuk gaurdaino iritsi dira: bertsoaren bilketa, orain Xenpelar Dokumentazio Zentroak egiten duena, Lore-Jokoetan hasi zen; bertso-lehiaketak lehenagotik zetozen, baina Lore-Jokoetatik janzkera moderno bat emateko ahalegina nabarituko da; fenomenoari oihartzun mediatikoa emateko lehen ahaleginak ere garai horretakoak dira; bertso-eskolen beharraren lehen aipamenak Euzko Pizkundekoak dira…

 

Bertsogintza eta euskal kultura, elkarren eskutik egindako bidea
[Antonio Zavala bertso biltzaile eta eragilea, gidoilari bertsolaritzari buruzko ‘Bersolaris, poetas populares vascos’ dokumentalean (1967)].

Gero, ziklo garaikidean bertso-mundua gizarte mugimendu kulturgile bezala antolatzen asmatu da, eta mugimendu honek geroz eta komunikazio estrategia profesionalizatuago bat izan du. Bertsolariaren irudikapen berri bat gailendu da gainera, irekiagoa… Euskal kazetaritzak azken ziklo honetan izan duen garapenak ere lagundu du (euskal telebista, euskara hutsezko prentsa, euskarazko irratiaren garapena eta abar).

Aurrekoaren jarraidura eta ekarpen berriak uztartzen asmatu delako eman da eklosio hau.

Ikerlan honen bidez egin ahal izan dituzun irakurketetatik, zein ondorio nagusi ateratzen dituzu?

Ikerketatik hainbat ondorio atera ditut. Bat aipatzen hasita, lehen esan dudanaren haritik, euskararen komunitateak biziraupen sen harrigarri bat erakutsi duela: kultura idatzia garatzeko behar beste baliabide ez ditu izan luzaroan eta honen aurrean idatzia garatzeko ahaleginari ahozkoa garatzeko ahalegina gaineratu dio. Oso hautu orijinala izan da hori, modernitatea, etorkizuna, kulturgintza, nagusiki idatziari lotu baitzaio gure inguru guztian. Eta hautua aurrera ateratzeko eragileek asmatzeko, berritzeko eta egokitzeko gaitasun handia erakutsi dute, beste kultura batzuetan egiten zenaren ezagutza, botere ezberdinek jarritako debekuei aurre egiteko ausardia, lanerako seta ikaragarria, elkarlanerako ahalmena eta abar.

Bertsolaritzaren historia sozialak, eragiletzaren historiak eta historia mediatikoak, oso ondo ilustratzen dute hau guztia.

Bestalde, garrantzitsua da baita azpimarratzea euskararen komunitateak garapen kultural singular bat izan badu ere, garapen horren gako asko testuinguru zabalago batean gertatzen zenarekin konektatzen direla. Lehen Euskal Pizkundea Lehen Modernitateari Europa mailan Erromantizismoak emandako erantzunean oinarritzen da, eta Bigarren Euskal Pizkundeak Beranduko Modernitateari Europako naziorik gabeko estatuetako gizarte mugimendu kulturgileek emandako erantzunaren elementu asko ditu. Bertsolaritzak guzti horietatik edan du.

(2020ko ekainaren 26an argitaratutako Berezia).

Bertsogintza eta euskal kultura, elkarren eskutik egindako bidea
Bertsogintza eta euskal kultura, elkarren eskutik egindako bidea
Bertsogintza eta euskal kultura, elkarren eskutik egindako bidea
Bertsogintza eta euskal kultura, elkarren eskutik egindako bidea
Bertsogintza eta euskal kultura, elkarren eskutik egindako bidea
Bertsogintza eta euskal kultura, elkarren eskutik egindako bidea