Bertsoen hari zientifikoa
Bertsoen hari zientifikoa –
Deia egunkarian Arantzazu Zabaletak argitaratutako erreportajea.
XIX. eta XX. mendearen hasieran Gipuzkoan eman ziren aldaketen aurrean herri xeheak eman zuen erantzuna ikertu du Luzia Alberrok, garaiko sei bertsolariren hitzak iturri
ARANTZAZU ZABALETAREN ERREPORTAJEA – 2018/01/28
Bertsoak ikerketa zientifikorako informazio iturri. Iturri aberatsa eta oso baliagarria, gainera. Luzia Alberro Deustuko Unibertsitateko irakasleak haiek erabili ditu Gipuzkoako modernizazio prozesua aztertzen duen eta argitaratu berri duen doktorego tesian. Aldaketen aurrean, herri xehearen ahotsa topatu nahi zuen eta bertsoetan aurkitu zuen.
Bertsolarien ahoz. Modernizazio prozesua eta identitate bideak Gipuzkoan, 1830-1936 lana, EHUk argitaratutakoa, Durangoko azokan aurkeztu zuen Luzia Alberro historialariak. “Garaia interesatzen zi-tzaidan, aldaketa nabarmenak eman zirelako Gipuzkoan: hiriak hazi ziren, industria indartu, alfabetiza-tze prozesua areagotu… eta aldaketa giro horretan herri xeheak nola erantzun zuen aztertu nahi nuen”, azaldu du. Herri xehe horrek, ikasketarik gabe eta alfabetatu gabe gehien bat, ez zuen idatzirik utzi. Baina haien ahotsa entzuteko bertsoak iturri historiko baliagarria direla frogatu du, kontuan hartu beharrekoa, beste hurbilketa batzurekin osatuta.
Gipuzkoako herri xehe horren ahots moduan, sei bertsolari aukeratu zituen: Xenpelar (Errenteria, 1835-1869), Bilintx (Donostia, 1831-1876), Pello Errota (Asteasu, 1840-1919), Pedro Mari Otaño (Zizurkil, 1857- Rosario, Argentina, 1910), Txirrita (Hernani, 1860-Altza, 1936) eta Jose Mari Lopetegi (Irun, 1875-Arrueta, 1942). Horiek aukeratzeko irizpide nagusiak bi izan ziren: alde batetik, aniztasuna bilatu nahi izan zuen (hirikoak batzuk, landa girokoak besteak…) eta, bestetik, haien bertso dezente jaso dira eta horiek eskura izateak ere garrantzia izan zuen, azterketa osoagoa izan zedin. Gainera, sei izen horiek ezagunak dira eta “pisua” daukate oraindik. “Pena badaukat emakumerik ez dudalako topatu eta hor hutsunea badago”, onartu du Alberrok. Izan ere, garai hartan emakumezko batzuk aritu aritzen ziren bertsotan, baina ez plazaz plaza gizonezkoen moduan eta bertso paperak sortzen ere ez.
Bertso paperak izan ziren Alberroren iturri nagusia eta, batez ere, Antonio Zavalak jasotako lerroak. Horietan bertsolariek haien gizartearen errealitatea jaso zuten eta aldaketa garai horretako kezkak eta zalantzak ere bai. Zehazki, ekonomiari buruzko haien diskurtsoa, familiari buruzkoa, politikaren ingurukoa eta identitatearen ingurukoa aztertu ditu historialariak.
Erantzun desberdinak
Ondorio garbi bat atera du Alberrok: herri xeheak erantzun eta jarrera desberdinak izan zituen aldaketen aurrean. Hau da, bertsolariek diskurtso diferenteak zituzten errealitate aldakorrarekiko. “Erantzun desberdinak ematen dituzte, batetik, modernizazio prozesuak bakoi-tzarengan izan zuen eraginaren arabera eta, bestetik, norberaren nortasunaren arabera”, aipatu du Alberrok.
Ezagunak egin dira eta gaur arte iritsi zaizkigu trenaren kontura Txirritak botatakoak, baita Bilintxek idatzitako amodio kontuak ere. Hiriburuan edo gertu bizi izan ziren biak eta Pedro Mari Otañok, esaterako, beste hainbat euskaldunek bezala, emigrazioa ere ezagutu zuen. Xenpelar Errenteriaraino iristen ziren frantziarrak ezagutu zituen eta fabrikan aritu zen lanean. Pello Errota, bestalde, baserri eta landa giroan kokatu zituen bere lerroak.
Ezkontza tratuak
Familiari buruzko bertsoek konta-tzen dute XIX. mendean oraindik ohikoak zirela ezkontza tratuak eta, horiek haustean, askotan jotzen zuen bikoteak bertsolariarengana bere bertsioa zabalduko zuketen lerroak idatz zitzan. Baina garai berdintsuan maitasun erromantikoan oinarritutako bikoteak ere egon bazeuden eta horren bila aritzen zirenak ere bai, Bilintxen bertsoak horren adierazgarri. “Lerro horien guztien bidez garai hartako gizartean zeuden emakume eredu desberdinak ere azter daitezke”, aipatu du Alberrok, eta hori beste ikerketa lerro bat dela proposatu du.
Ekonomiari dagokionean, industrializazio prozesuari buruz kantatu zuten. Batzuentzat lana topatzeko aukera zen eta, besteek, aldiz, ez zuten ondo ikusten. “Gipuzkoako herria pobrea zela ere ikus daiteke, ez ziren miserableak, baina nekazaritzaren estuasuna nabaria zen”, azaldu du Alberrok. Horregatik, bertso paperak diru iturri izan ziren askorentzat eta bertsolaritza lehenengo aldiz ofizio bihurtu zuten askok.
Identitateari dagokionean, oraindik kristautasunak zuen pisua agerian utzi du azterketak. Hala ere, hiriguneetan eta zenbait bertsolarirengan hori ahultzen ari dela ikusten da garbi eta, horren faltan, beste erreferente baten bila hasten dira, “gu zer garen galderari erantzuteko”. Trenari esker gero eta errazagoa zen mugitzea eta orduan hasi ziren gehienak haien herrietatik kanpo zegoena ezagutzen, besteak ezagutzen: “Eta beste horrengandik zerk bereizten gaituen, zerk definitzen gaituen bilatzen hasi ziren”. Euskaran topatu zuten erantzuna ba-tzuek eta euskal paisaiaren aldarrikapena eta idealizazioa ere egiten hasi ziren beste batzuk.
Politikarekin lotuta, etxetik gehiago ateratzen hasi ziren eta lurraldearen eta nazio ikuspegia zabaltzen hasi zen, udalerriaren erreferentearen gainetik. Baita ere, Euskal Herriarenganako atxikimendua edo sentimendua indartzen hasi zen herri xehearen artean. Hori Txirritarengan neurri batean baina, batez ere, Pedro Mari Otañorengan ikus daitekeela dio Alberrok, euskal nazionalismoari buruz kantatu baitzuen. Otañok herri utzi eta Argentinara joan zen eta kanpora ateratze horrek ikuspegi zabalago bat eman ziola nabarmendu du.
Baina nazionalismo politikoa zabaltzen ari zen bitartean, beste gipuzkoar askorentzat oraindik erreferentea etxea eta auzoa ziren, Pello Errotaren bertsoek islatzen dutenez. Aurrerago, XX. mendearen hasieran, Lopetegik errepublikanismoaren ikuspuntutik ere hitz egin zuen.
Dena den, bertsolariengan, herri osoarengan bezala, garapen bat eman zela ere ikusi du historialariak.
Asmatu zuten
Horrenbeste aldaketen aurrean, bertsolariek nolabait “asmatu” zutela uste du Alberrok: “Haien dis-kurtsoan elementu batzuei heldu zieten” eta aurrekoekin “katea” ez haustea lortu zuten, baita ondorengoengana gerturatzea ere. “Gaur egunera arte heldu zaizkigu sei bertsolari hauen eta beste batzuen izenak eta bertsoak”, aipatu du.
Tesia bukatuta bertsolaritzak une jakin horretan herri xehearentzat izan zuen garrantzia azpimarratu du Alberrok: alde batetik, aldaketa garaian, euskaraz kantatzen jarraitu zutelako;eta, bestetik, hitzekin abilagoak izanda, diskurtso bat eraikitzeko giltzarriak eskaini zizkietelako herrikideei.
Tesia liburu batean argitaratzean gaikako aurkibideak ere gehitu dizkio eta, horrela, hainbat gai lantzeko kon-tsulta moduan erabilgarri izatea espero du. Izan ere, oso gai desberdinak jorratu zituzten bertsolariek eta horietako edozeinen hurbilketa zientifiko bat osatzeko iturri “baliagarri eta aberatsa” izan daitezke haien hitzak.