Bertsoaroa otsailaren 9an hasiko da Iruñean

Bertsoaroa otsailaren 9an hasiko da Iruñean –

Bertsozale Elkartearen ataritik.


 

Abiatzear da Bertsoaroaren 32.edizioa. Otsailaren 9an abiatuko da zikloa, eta martxoaren 2ra arte luzatuko da. Tartean, sei emanaldi izango dira guztira, Iruñeko hainbat tokitan barreiatuta.

 

Bertsoaroa otsailaren 9an hasiko da Iruñean

Programazioaren baitan, hiru bertso jaialdi izango dira, ‘Anonyme Popular’ izeneko emanaldi berezia, ‘Bertso jasa,bat-bateko jolasa’ haurrentzako tailerra, eta, lehen aldiz Bertsoaroaren baitan, bertso afari bat, kasu honetan zentzumenekin lotua.  Urteroko apustuari helduz, Nafarroako bertsolariei eta bertsolari gazteei protagonismoa eman nahi izan diete antolatzaileek.

Antzerki Eskolan egingo diren hiru emanaldiek bosna euroko sarrera izango dute -14 urte artekoen kasuan, doan-, eta hiruentzako bonoa eskuratu ahal izango da 12 eurotan (sarrerak salgai antzokiaren webgunean). ‘Bertso jasa’ tailerrerako izena eman beharko da aurrez, eta bertso afari sentsorialaren kasuan, Geltokiren webgunean erosi beharko dira sarrerak, 21 euroan (kontsultatu menua, hemen). Gazteen bertso saioak sarrera librea izango du, aforoa bete arte.

Sei emanaldi guztira
Bertsoaroaren 32. aldia, ohikoa den gisan, lehen mailako bertso jaialdi batekin hasiko da. Ainhoa Larretxea arduratuko da gaiak prestatu eta jartzeaz, eta, haiei kantari arituko dira ibilbide eta herrialde ezberdinetako sei bertsolari, tartean, herrialdeetako txapelketetako lau txapeldun. Otsailaren 9an izango da saioa, Nafarroako Antzerki Eskolan, 19:00etan. Saioa hasi baino ordu erdi lehenago, 18:30ean, Iruñeko III. Bertsopaper Lehiaketako sari banaketa egingo da, ekitaldi xume batean.

Otsailaren 15ean, LABAn, bertsolari gazteen saioa izango da. Urteak badira Bertsoaroak, bere egitarauan, leku egiten diela bertsolari gazteei ere. Aurten ere helduko zaio apustuari, bertsolaritzaren orain eta etorkizun diren horiei plazan trebatzen eta kantatzen segitzeko aukera emanez.

Biharamunean, otsailaren 16an, Anonyme Popular emanaldiak lur hartuko du Iruñean. Igor Elortzaren gidaritzapean, ikus-entzunezko bertsoak taularatuko ditu obrak; bertso berriak, garaiari eta giroari jarriak.  Igor Elortza Aranoaren hitzak eta ahotsak, Rafa Rueda Etxeberriaren doinuek eta soinuek, eta Kulturaz-eko dapatisten irudiek eta dirudiek osatzen dute emanaldia. Oier Zuñiga aritu da aholkularitza eszenikoan, eta Gotzon Garaizabal eta Malen Amenabarrena da irudia. Urtarrilaren 29an estreinatuko da lana Azpeitian, eta Iruñekoa izango da lehen emanaldietako bat. Antzerki Eskolan izango da, 19:00etan.

Txikienek ere izango dute haien tokia Bertsoaroan. Aurreko urteetan bezala, ‘Bertso jasa, bat-bateko jolasa’ tailerra eskainiko da, otsailaren 18an, larunbatarekin, Arrosadiko Civivoxean.  ‘Bertso Jasa, bat-bateko Jolasa’ haur eta gaztetxoei zuzendutako bertso-saioak dira. Haurrek jolas eta ariketen bitartez gaiak eta egoerak proposatzen joango dira, eta modu horretan, bertso saioa osatuko dute bi bertsolari gonbidatuek. 8 eta 12 urte arteko haurrei eskaini zaie tailerra, eta izen-ematea ezinbestekoa da, nafarroa@bertsozale.eus helbidera mezua idatzita edo 948143747 telefonora deituta, otsailaren 16a baino lehen.

Otsailaren 23an, ohiko gisan, bigarren bertso jaialdi bat izango da, Antzerki Eskolan. Oholtzan izanen dira puntako bertsolariak, ibilbide luzeagokoak eta gazteak, nafarrak eta beste herrialdeetakoak. Denen artean, egungo bertsolaritzaren berri eskainiko dute. 19:00etan hasiko da jaialdia.

Modu berezian bukatuko da aurtengo Bertsoaroa; izan ere, lehen aldiz, bertso afari bat izango da egitarauaren baitan. Ez da bertso afari arrunta izango, dena dela; zentzumenak jolasean jarriko dituzte bertsolariek, afalaurretik zein ostean. Geltokin egingo da, eta tokia izango dute produkzio ekologikoan dabiltzan gertuko hainbat ekoizlek ere. Geltokiko webgunean bertan erosi daitezke sarrerak, 21 euroan, eta bertan kontsultatu daiteke menua ere.

Leire Urbeltzen irudia

Leire Urbeltz Munuce ilustratzaile iruindarrak egin du aurtengo Bertsoaroaren irudia, eta Elizondoko Malmö estudioaren laguntza izan du diseinu grafikoan. Hala azaldu du Urbeltzek irudiaren jatorrizko ideia: “2023ko Bertsoaroaren irudian, zehar-mintzo eta ibilbide landuen bidez, bertsoak botatzeko neurriz gaineko diskurtso-gailu sofistikatua aurkezten dugu. Bitxikeri honek normalean kate-erreakzio bat sortzen du: metrika, errima eta patroiekin jolastuz zentzu sakona duen bat-bateko hartu emanak eragiten baititu”.

 

 

Bertsoaroa otsailaren 9an hasiko da Iruñean

Bertsoaroa otsailaren 9an hasiko da Iruñean Bertsoaroa otsailaren 9an hasiko da Iruñean Bertsoaroa otsailaren 9an hasiko da Iruñean