Bertsoa aldatu zuen saioa

Bertsoa aldatu zuen saioa –

Edu Lartzangurenek Berria egunkarian.


Hitzetik Hortzera‘ saioak 30 urte bete ditu bertsolaritza nola garatu den erakusten. Baina telebistak berak bertsoari nola eragin dion azaldu du Felix Irazustabarrena sustatzaileak.

Bertsoa aldatu zuen saioa
Hitzetik Hortzera saioa egiten duen taldea. Irazustabarrena, eserita, ezkerretik hirugarrena da. EITB

Kamera bakarrarekin aritzen ginen, eta bertsoak grabatzeari noiz utzi erabaki behar izaten genuen, txaloak grabatzeko». Hala kontatu du Felix Irazustabarrena Bertsozale Elkarteko Hedapen taldeko arduradunak. 30 urte bete ditu aurten Hitzetik Hortzera saioak, eta hura hasieratik ezagutu du sustatzaileak.

1988ko abenduan izan zuen estreinako saioa Hitzetik Hortzera-k, Irazustabarrenak kontatu duenez. Tartean zebilen bera, baina, beste lan batzuk zituenez, ez zen buru-belarri sartu hiru bat urte pasatu arte. Orduan hasi zen asteburuero bertso ekitaldietara joaten, Joxerra Garzia saioaren orduko zuzendariak kameraria gidatzeko eskatu baitzion, eta hurrengo egunean bertso aukeraketa egiteko.

Oso desberdina zen hasiera hura. Hilean saio bat egiten zuten, eta baliabideak oso mugatuak ziren. «Orain, kamera gehiago erabiltzen ditugu, eta gehiago saiatzen gara giroa eta entzuleak islatzen», esan du Irazustabarrenak.

Edonola ere, Irazustabarrenak azaldu du bertso saioak, ordukoak eta gaurkoak, antzekoak direla. Orain, erreportajeak, bertso saio musikatuak, elkarrizketak eta bestelakoak lantzen dituzte, eta urtez urte joan dira formatua aldatzen, baina lehengaia bera da. «Plazan dagoenaren isla izatea izan da Hitzetik Hortzera-ren funtsa, eta hori ahal den ondoen pantailara eramatea».

Keinuak eta aurpegiak

Hiru hamarkada belaunaldi oso bat da, eta Hitzetik Hortzera epe horretan bertsolaritzan gertaturiko aldaketen lekuko eta erregistroa izan da, aldi berean. Esaterako, emakumeak bertsoaren plazan agertu izana jaso du saioak, Irazustabarrenak kontatu duenez.

1980ko hamarkadan bertso saioen eztanda moduko bat gertatu zen, eta, Irazustabarrenaren arabera, Hitzetik Hortzera-k berak ere izan zuen eragina horretan: «Bi-hiru urtean, burrunba handia hartu zuen: bertso saio oso jendetsuak eta jaialdi handiak egiten ziren». Orain, ordea, bertso saio gehiago egiten dira, horren jendetsuak ez badira ere, Bertsozale Elkarteko kidearen arabera. Saioak «zabalkunde handia» eman zion bertsolaritzari, eta hitz neurtuaren artea herritarrengana eramateko «funtsezko tresna» izan da urteotan.

Saioak ere aldaketa ekarri du bertsolarien oholtza gaineko jardunean. Ahotsez gain telebistarako irudiak grabatzen hasi zirenean, bertsoa emateko modua aldatu egin zen. Izan ere, plazako entzuleek bertsolaria behetik eta urrutiagotik ikusten bazuten ere, telebistak haien aurpegiaren gertuko planoak erakusten zituen. «Bertsoari keinuekin eta aurpegiarekin lagundu behar zitzaiola ikusi zuten bertsolariek». 

Bertsozale belaunaldi berriei begira ere jarri behar izan du saioak azken boladan. Izan ere, aurten Eider Perez hasi da aurkezle gisa, eta saioa baino gazteagoa da. «Jakin-mina dut duela 30 urteko irudiekin», esan du berriki. Hitzetik Hortzeraduela 30 urteko bertso saioak ere erakusten hasi da abendu honetan, gazteen jakin-min horri erantzuteko, eta urteurrena ospatzeko.

Horrez gain, sasoi honetan «bertsolaritzaren ekosistema osoa» biltzen saiatzen ari dira, Eneritz Urkola saioko zuzendariak irailean azaldu zuenez. Horretarako, lau laguneko gidoilari taldea du saioak, eta bi irudigilerekin dabiltza, bertsoaren munduaren erretratua osatzeko.

Bertsozaleen Elkartea ETBrekin lankidetzan aritzen da, baina berak egiten du saioaren diseinua eta ekoizpena. «Bertso saioari, zelofanean bildu, eta kolore pixka bat eman nahi diogu», esan du Irazustabarrenak. Telebistarako produktu guztiek dituzten erronka berak dauzkate: Internetek ematen dituen aukerak, saioak nahieran ikusteko jartzeko lana tartean. Nolakoa izango dira bertsolaritza eta Hitzetik Hortzera 30 urte barru? «Pausoka aldatuz joango da, eta saioa harekin batera aldatuko da», esan du Irazustabarrenak.

Bertsoa aldatu zuen saioa
Bertsoa aldatu zuen saioa
Bertsoa aldatu zuen saioa