Bertso hamabostaldia antolatu dute Donostian, txapelketa nagusiak hizpide hartuta

Bilintxen Menda ekimenaren bigarren edizioak Gipuzkoako hiriburuaren plaza izaeraren “zentralitatea” aldarrikatuko du.

Bertso hamabostaldia –

Harri X.Fernandez, Noticiasen.


2021ean ospatu zen lehen aldiz Bilintxen Menda bertso hamabostaldia, Indalezio Bizkarrondo Bilintx jaio zela 190 urte bete zirenean. Antolatzaileek biurtean behin errepikatuko zela erabaki bazuten ere, iazko programazioa, antzokien eta bertsolarien agenda arazoak medio, aurtengo apirilera pasa dute. Gaur, astelehenarekin, Victoria Eugenia antzokian aurkeztu dute Donostiako Udalaren Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak elkarrekin antolatzen duten ekimenaren edizio berria. Apirilaren 19an hasiko da egitaraua, Antiguako Imanol Larzabal aretoan eta, gerora, Antzoki Zaharrera, Ernest Lluch kultur etxera eta San Telmo Museora egingo du salto. Berau aurkezteko bildu dira prentsaren aurrean Jon Insausti, Kultura zinegotzia; Xabier Euzkitze, hamabostaldiaren koordinatzailea; Laxaro Azkue gai-jartzaile ohia eta Ainhoa Goenaga, aktore, zinemagile, bertsozale eta Bilintxen inguruko liburu baten idazlea.

Bertso hamabostaldia
Xabier Euzkitze, Laxaro Azkune, Jon Insausti eta Aizpea Goenaga Bertso hamabostaldiaren aurkezpenean RUBEN PLAZA

Txapelketa nagusien eredua hizpide hartuta, Gipuzkoako hiriburuak bertso-plaza bezala izandako “zentralitatea” aldarrikatu nahi du Bilintxen Menda ekimenak, baita Donostian bertsolaritzak izandako bilakaera ere. “Donostiari bertsolaritzarekin pilotarekin gertatu zaion antzeko zerbait gertatu zaio”, azaldu du Euzkitzek. Urteak pasa dira final guztiak hiriburuko azpiegituretan ospatzen ziren urrezko garai haietatik eta, egun, azpiegitura handiagoak dituzten beste hirietara mugitu dira finalak.

Egitaraua

Egitaraua datorren hilaren 19an hasiko da, bizirik dirauten txapeldun nagusiek eskainitako saioarekin. Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio arituko dira Imanol Larzabal aretoan –sarrerak Donostia Kulturako web orrialdean eta ohiko leihatiletan salgai daude jada–. Txapela bi aldiz jantzitako Xabier Amuriza ere “tentatu” dutela onartu du Euzkitzek. Ez dute lortu, ordea, bertsolari bizkaitarra berriro plazetara itzultzea.

Handik bost egunera, hitzaldia antolatu dute Ernest Lluch kultur etxean. Ego eta hego: txapelketetako edukiei begiratu bat txalodependentziaren ikuspegitik ponentzia eskainiko du Jon Sarasua pentsalari “mamitsuak”. “Haren gogoetak beti ematen dute zer pentsa”, adierazi du Euzkitzek.

Apirilaren 28rako, aldiz, 1935etik 1967ra bitarteko Txapelketa Nagusietan kantatu zirenekin antologia kantatua osatu du Beñat Gaztelumendi donostiarrak. Oihana Iguaran, Unai Agirre, Nerea Ibartzabal eta Aner Euzkitze saiokideekin arituko da iraganaren eta gaurko egunaren arteko ispilu-joko batean. Gari Otamendik eta Ixak Arrutik musika joko dute zuzenean.

Antzoki Zaharrean izango da ekitaldia eta aurkezle lanetan Aizpea Goenaga arituko da, haurra zela ezagutu baitzituen berak Astorian eta Victoria Eugenian antolatzen ziren bertso egun eta txapelketak. “Gerra Zibilaren ostean eta 60hamarkadaraino, ez ziren garai errazak izan, bertsolaritza asko aldatu zen, baina Donostian beti izan zuen leku berezia eta jarraitzaile oso-oso sutsuak ziren hemen”, eman du aditzera Goenagak.

Gai-jartzaileen bilakaera

Azkenik, maiatzaren 2an gai-jartzaileen bilakaeraz hitz egiteko, hiru belaunaldietako ordezkariak garaian garaiko moduez eta ikuspegiez solasean arituko dira. Joxemari Iriondo, Laxaro Azkune eta Maite Berriozabal izango dira gonbidatuak eta Euzkitze bera, aldiz, moderatzailea izango da.

Azkune 1986an hasi zen gai-jartzaile lanean eta 2004an utzi zion plazetan aritzeari. Iriondoren belaunalditik jaso zuten berak eta bere kideek txapelketen eta jaialdien inguruko ezagutza. Hain zuzen ere, mundu horretan “kasualitatez” sartu zela kontatu du, Iriondok irratia eta agertokiak utzi zituenean. Haren lekua hartzea “tokatu” egin zitzaiola kontatu du, “buru-belarri”. Hogei bat urteren ostean hurrengo belaunaldiari luzatu zion testigua. “Uste dut lan polita egiten dutela orain eta elementu berri asko sartu dituztela”, azaldu du. Oraina eta iragana hizpide izango dituzte, beraz, Bilintxen Menda itxiko duen ekitaldian.

Bertso hamabostaldia  Bertso hamabostaldia