Berezkoa eta naturala

Berezkoa eta naturala –

Lander Arretxea BERRIAn.


 

Berezkoa eta naturala

 

Zenbat da ez duzula fikziozkoa ez den zerbait astero-astero ikusten? Zenbat da ez zaudela saio baten zain, gogotsu? Zenbat ez duzuela etxean tradizio zalantzaezin bilakatu saioa batera ikusteko erritual hori? Gure etxeetan —asko zapaldu ditut azken hamarkadan ez da horrelakorik izan Goenkale edo Wazemank-en garaitik —eta pasatu dira ordutik gutxienez milurte pare bat—. Baina oraintsu, jada halakorik gehiago egingo ez genuela uste nuenean, besarkatu dugu ohitura zahar-berria. Berezkoa eta Naturala ikusten dugu asteazkenero. Bai: Leire Vargas, Haizea Arana, Oihana Arana eta Aner Euzkitzek gidatzen duten saioa; Argia-k ekoizten duena; Bertso Txapelketa Nagusiaren asteburuko emanaldia duena hizpide.

Poztekoa da Argia berriro ere, bertso txapelketaren aitzakian, ikus-entzunezko jostariak sortzen aritzea. Aitzindaria eta ederra zen Beranduegi, baina ez zuen askorik iraun. Apurtzaileak izan ziren Hitzetik Hultzera eta Damutuko zaizute, baina ordutik ere pasatu dira pare bat milurte —esaldi errimatuak ateratzen zaizkit, zer da hau?—. Baina geroztik apur bat bazterrean utzia zuten alorra; Beranduegi podcast bihurtu dute eta ez dago batere gaizki, baina ez da gauza bera. Orain laukote berri eta ezin aproposagoarekin proiektu hori egiten ari badira, gogotsu, umoreko eta lantalde berrituarekin ari diren seinale da.

Baina utz dezagun Argia, eta jorratu dezagun mamia. Jogurtarena ez, saioarena. Bertso emanaldiek utzitako ale finenak ekarri eta iruzkintzen dituzte, baina egiten dute askoz gehiago ere: look eta postura onenen errepasoa, bertsozaleak beldurtzen dituzten saio osteko kaleko elkarrizketak… Eta ondo pasatzen dute: bati eta besteari adarra joz, baina elkarri hitza zapaldu gabe eta hausnarketa kritikoak tartekatuta. Umorea egiten dute, arin eta bizi, baina arinkerian erori gabe.

Bertsolariak dira lau kideak, eta hor dago, ziur asko, koska. Ikasia izango da hori ere, baina honezkero berezkoa eta naturala zaie ariketaz ariketa erregistro eta tonu desberdinak hartzea. Gaiak, plazak edo neurriak eskatzen duenera egokituz bertsotan, eta saioaren atal bakoitzak eskatzen duenera bideopodcastean: orain absurdoan, orain kritiko, umoretsu, jakintsu gero, pedagogiko, kaotiko… Dena batera, eta dena elegantziaz.

 

#BTN22

Berezkoa eta naturala