Beotibar bertso plaza da
Beotibar bertso plaza da –
Erreportaje hau Tolosaldeko atarian argitaratu zen pasa den astean.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken final-laurdena ospatuko da larunbatean Tolosako pilotalekuan. 90eko hamarkadan bertso jaialdi jendetsuen lekuko izan zen frontoia.
Gaur, urriak 12 da, Pilarika eguna. Urteetan, egun honen bueltan bertso saio jendetsuak ospatu izan dira Tolosako Beotibar pilotalekuan. Bertara itzuliko dira bertsozaleak etzi, Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken final-laurdena ospatuko baita bertan, justu, Pilarika egunaren inguru-marian.
Toki aproposa da Tolosako frontoia bertsotarako eta bertsoak entzuteko. «Garai bateko pilotalekuen xarma du. Harmailak oso gainean ditu eta erraz berotzen da giroa. Toki bildua da», esan du Felix Irazustabarrena alegiarrak. Aurrena entzule gisa ezagutu zuen Pilarika egunean Beotibarren antolatzen zen saioa, Amarozko guraso elkarteak antolatzen zuena, eta gerora Tolosaldeko bertso eskolako kide gisa aritu zen antolakuntzan.
Eskola berean ibilitako Jexux Murua altzotarrak aitortu duenez, «pilotazaleek bezainbeste estimatzen dute bertsozaleek Beotibar». Aurretik Amurizaren eskola jarraituz bertsozale talde bat biltzen bazen ere, Tolosaldea Berreuskaldundu Dezagun euskara elkarteak jarri zuen bertso eskola martxan 1982-1983 ikasturtean. Anjel Mari Peñagarikano eta Joxerra Garzia izan zituzten irakasle lehen ikasturte hartan, eta besteak beste, Irazustabarrena eta Murua izan ziren ikasle. Tolosako Udaleko euskara zerbitzuak eskatuta, eskola gaztetxoentzako zabaltzeko erabakia hartu zuten geroago eta orduan hasi zen Murua irakasle lanetan. Ia etenik gabe, 1997. urtera arte jardun zuen Tolosaldeko bertso eskolak.
«Amarozko jendeak Pilarika egunean antolatzen zuen saioak zuen arrakasta ikusita, jaialdiaren antolakuntza guregain hartzeko proposamena luzatu genuen», esan du Muruak. 1987. urteko urriaren 10ean antolatu zuten lehenengo aldiz. Joxe Agirre, Andoni Egaña, Lazkao Txiki, Sebastian Lizaso, Anjel Mari Peñagarikano eta Jon Sarasua aritu ziren bertsotan. Hurrengo hamar urteetan Pilarika egunaren inguruan Beotibarren antolatutako saioek Tolosaldeko bertso eskolari sostengua emateko balio izan zuten. «Gure urteko jarduna estaltzeko behar genuen ekarpena jaialdi horri esker lortzen genuen», dio Muruak.
Bertsolaritzaren ‘boom’a
Tolosaldeko bertso eskolaren garairik onenetan 60 ikasle inguru biltzen ziren, haur, gazte eta helduak kontuan hartuta. 1986ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren ondoren, bertsozaletasunak bizi izan zuen loraldiak izan zuen zerikusia horretan. Horretaz jabetuta hasi ziren Tolosaldeko AEK-ko kideak, toki berean, Beotibarren, bertso saioa antolatzen. Joxemi Aranburuk gogoratu du: «Behar ekonomikoagatik hasi ginen. Kontuan hartu, garai hartan AEK-k administraziotik laguntza eskasak jasotzen zituela eta Tolosan euskaltegia sortzeko obretarako dirua behar genuela. Ekimen ezberdinak egin genituen, eta tartean, bertso jaialdia antolatu». 1989tik 2000ra, martxo inguruan urtero antolatu izan zuten bertso jaialdia Beotibarren. Eta saio horietara ere erruz gerturatu zen bertsozalea.
«Zorionez AEK-k bidelagun ugari izan ditu inguruan», esan du Aranburuk, «eta besteak beste, Tolosaldeko bertso eskolako kideen laguntzarekin erabakitzen genituen bertsolariak eta baita haiei jarri beharreko gaiak». Pilariketako saiorako gaiak ere, bertso eskolan taldean prestatzen zituzten eta Irazustabarrenak aipatu duenez, «gero jendaurrean aritzeko balio zutenak jartzen genituen aurkezten». Martxeli Sagastume, Joxepa Madariaga, Jexux Mari Irazu, eta beranduago, Amaia Agirre aritu ziren urriko Beotibarreko saioa aurkezten.
Gaiak taldean prestatzeak «arriskatzeko» aukera ematen zuela aipatu du Irazustabarrenak, eta gauza «berritzaileak» egiten saiatu zirela saio haietan. Funtzioa telebista programan baleude bezala Andoni Egañari jarritakoak ditu gogoan alegiarrak eta Muruak aitortzen du esperimentu dezente egin zituztela garai hartan, «xelebrekeri batzuk okurritzen zitzaizkigun». Bertsoaldi gogoangarri asko utzi zituzten jaialdi haiek eta Aranburuk gogoan du Aitor Sarasuak eta Joxe Lizasok elkarrekin egin zuten saio antologikoa, 1992an.
Izan ere, beti puntako bertsolariak ekarri nahi izaten zituzten bai urte hasierako nahiz Pilariketako saioetara. Bertsoaldiaren «aparraldiak» bultzatuta, 1.000 lagun baino gehiago biltzen ziren 90eko hamarkadako jaialdi haietara. «Guk antolatu genuen garaian behintzat, 800dik behera behin ere ez», esan du Muruak. Irazustabarrenak gogoan du 1990. urtean 500 pezetatan saldu zutela sarrera bakoitza.
Txapelketen habia
«Inoiz Beotibarren jende gehiena kabitu den saioa, 1991. urteko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoa izan zen. Urte haietan segurtasun neurriak ez ziren hain zorrotzak eta frontoia leporaino bete zen. Ez zen inor gehiago kabitzen. Beotibarreko atetik Leidor pareraino sarrerak hartzeko zain zegoen jendea. Ilara osoa pasatu behar izan nuen, jendeari sarrerak bukatu zirela esanez. Epelak aditu behar izan nituen». Horrela gogoratzen du eguna Jexux Muruak. Ordurako, Euskal Herriko Bertsozale Elkartean lanean zebilen eta bete betean bizi izan zuen bertso mugimenduaren arrakastaren gailurra. 1991eko abenduaren 6. hartan, Beotibarren hiru mila bertsozale kabitu zirela dio altzotarrak.
Pilotalekua txapelketa gehiagoren lekuko izan da. Esate baterako, 1999ko Gipuzkoako Herri Arteko Bertsolari Txapelketako bi saio ospatu ziren bertan. 1986ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoak ditu gogoan Irazustabarrenak: «Goiz eta arratsaldez ospatu ziren saioak. Gogoan dut, goizeko saioan kantatzekoa zela Txomin Garmendia eta gaixo zegoela-eta, haren ordez, Jexux Iribar Olalde aritu zen. Nahiz eta gero finalean sartu zen, Peñagarikanok desastreko saioa egin zuen eta Jon Sarasuak, berriz, jende guztia harrituta utzi zuen». 2001eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako seigarren finalaurrekoa ere ospatu zen Beotibarren, baina ordutik oso okasio gutxitan erabili izan da bertso plaza gisa Tolosako frontoia.
Inguru hartan izan zuten amaiera bai Tolosaldeko bertso eskolak bai AEK-k antolatzen zituzten saioek. Aranburuk gogoratu duenez, «ordurako zaharkitua zegoen tokia eta ikuskizunak antolatzeko Herrizaingo saileko joko eta ikuskizunen sailak eskatzen zizkigun baldintzak gero eta gogorragoak ziren; une batean baldintza horiek betetzeko eskatzen ziguten inbertsioak ez zigun konpentsatzen egindako lana». Bat dator Murua eta erantsi du: «Segurtasun kontuengatik kexatzen gara askotan, baina kezkatu ere egin behar genuke. Garai horretan ez genuen arriskurik ikusten. Zorionez ez zen sekula ezer gertatu».
Tolosaldeko bertso eskolan 1993. urtearen inguruan etena egon zela aipatu du Muruak eta handik gutxira beste gazte talde batek hartu zuela ardura. «Talde horrek ez zion eutsi Pilariketako saioaren antolakuntzari eta bere horretan geratu zen». Irazustabarrenaren ustetan bertso mugimenduan 90eko hamarkada amaieran egon zen beherakadak ere izango zuen zerikusia jaialdi hauek gehiago ez antolatzearekin.
2004an Berrobin erretako Seskea-Berri baserriaren aldeko jaialdia eta 2010ean Tolosaldea Sahararekin elkartearen aldeko bertso saioak izan ziren Beotibarren ospatu ziren azkenekoak. Bertsogintzak izan zuen loraldi horren lekuko izan zen pilotalekua eta horregatik, «pozez» hartu du Muruak txapelketa berriz bertara itzultzea. Aurreko urteetan Usabalen antolatu izan dira txapelketako saioak eta Aranburuk uste du, aldea dagoela saioa herriko erdigunera ekartzerakoan. Berriz ere, urteetako ibiliaren ostean, zentralitatea izango du bertsoak Tolosaldean, Tolosako erdigunean dagoen pilotalekuan, etzi, 17:00etan hasita. Duela ia 30 urteko saio horien antzera, ziurtatuta dago jendetsua izango dela saioa. 1.200 bertsozalek beteko dute aretoa.