Bazterren aroa, behingoz. Kattalin Miner

Bazterren aroa, behingoz. Kattalin Miner –

Abenduaren 17an BECen jokatu zen Txapelketa Nagusiko finalaren bueltan Kattalin Minerrek egindako kronika, Argian argitaratua


Abenduaren 17an BECen jokatu zen Txapelketa Nagusiko finalaren kronika. Sailkapen taulak hau esan zuen: Maialen Lujanbio txapeldun 1.756 punturekin. Aitor Mendiluze bigarren, buruz burukoa Lujanbiorekin eginda, 1.680,5 punturekin. Hirugarren Sustrai Colina 1.137,5 punturekin (buruz burukoa jokatzetik puntu erdira geratu zen). Amets Arzallus (1.136), Igor Elortza (1.124), Aitor Sarriegi (1.107,5), Beñat Gaztelumendi (1.076,5) eta Unai Agirre (1.072,5).

KATTALIN MINER @MKattalin
2017ko abenduaren 18a
Bazterren aroa, behingoz. Kattalin Miner
Argazkia: Dani Blanco.

 

Oraindik BECekoa liseritu baino, irentsi beharrean nago. Zer nolako finala eman zigun zortzikoteak! Hasi eta buka. Bejondeizuela eta eskerrik asko, egun paregabea biziarazi zeniguten!

Beraz bai, pozik nago, oso pozik txapelketak utzitako gazi-gozoak kendu nituelako igandearekin; Maialen Lujanbiorenarekin. Zeren, lagunok, bidea ederra izan da, baina urdaila ere uzkurtu izan zaigu batzuoi sarri. Izan ere, ez dakit badakizuen, baina Bertsolari Txapelketa Nagusian, apenas neurtzen ari garen nork egiten duen hobekien bertsotan (bai, barkatu hala, braust botatzea). Beno, hori ere neurtzen omen da, baina beste parametro batez ere ari gara, beste esanahi batzuez. BTNko finalean zehazki, gauza asko erabakitzen, kontsentsuatzen eta onartzen ditugu (bertsotan hobekien nork egiten duenaz aparte).

Erabakitzen baitugu, zer den kultura. Erabakitzen baitugu zer den euskaraz egitea edo nola egin behar litzatekeen. Erabakitzen eta finkatzen dugu, zein bertso-joera gailenduko den. Zer den bertsotan egitea. Zer den ederra, eta zer edertasun saiakera. Zein doinu den atsegina, eta beraz, zein doinuk biziraungo duen plazan, eta zeinek ez. Zein mundu ikuskera eskertzen den. Zerk eragiten dion Euskal Herriari eta zerk munduari. Zer moduz datozen neskak aurten. Zein diren egungo gai sozialak. Zer den politikoa eta zer ez. Zer den umorea eta zeri egin diezaiokegun barre eta zeri ez (nahiz barreak ihes egin). Zein puntutaraino onartuko dugun feminismoaren hau, edo non jarriko diogun muga. Zer den fikzioa eta zer norbere galbahetik kantatzea. Nork ordezkatzen gaituen kulturalki. Zein anitzak (ote) garen. Euskara zenbat maite (eta erabiltzen) dugun (eta behar genukeen). Transmisioan ondo gabiltzan edo ez. Epaileak objektibo izan daitezkeen edo ez. Zer ekarri erdigunera eta zer utzi atzean.

Gutxi gorabehera.

Eta igandearekin, herri honek erabaki zuen, berriro (esango nuke urte batzuk kostata) nork ordezkatzea nahi duen. Euskal kulturaren adierazpide gorenetako batean, nork eraman(go) duen gidaritza, eta ondo ez dakigun arren, nora eraman(go) duen bertsolaritza.

Ez, BECen, lau urtetik behin ez dugu erabakitzen nork egiten duen hobekien bertsotan. Lau urtetik behin, paktu sozial bat egiten dugu (adostasun gehiago edo gutxiagokoa), eta erabakitzen dugu, nork hitz egingo duen gutaz, eta nork hitz egingo digun guri eta zertaz.

Beraz, ulertuko didazue, Lujanbiorenagatik pozteaz gain, zer horrekin nagoela txoratzen. Lujanbiori eskertu egiten diodala, erraietatik, egindakoa, baina entzuleok, euskarazko komunitate honek, transgenero, yonki, puta, migrante, arrazializatu baten ahotsa onetsi du paktu kolektibo baten bidez; eta horrek oso harro sentiarazten nau. Izan ere, jakina da, nik maite, bazterrak maite ditudala ezeren gainetik. Milesker beraz, Lujanbiori, eta paktu hori berretsi dugun guztioi. Bejondeizuela.

Bazterren aroa, behingoz. Kattalin Miner