Baso Lanbrotsuen belaunaldia
Baso Lanbrotsuen belaunaldia –
Jokin Bergarak ZuZeun.
Nerea Ibarzabalek «Baso Lanbrotsu baten hara ze zortziko…» kantatu zuen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hasierako agurrean, Harry Potterren mundu magikoaren soinu bandaren erritmora ateratako doinuan. Agian gure belaunaldia irudimenez busti duen saga magikoak laga du arrastorik baso lanbrotsuetatik zuhaitzik zuhaitz bidea topatzen ibiltzeko joeran. Azken hilabetean komunikabideen arretagune izan da 90eko hamarkadan jaiotako bi neskak beren herrialdeetako bertsolari txapelketa irabazi izana; galdera, laburrean, ondokoa zen: zer ari da gertatzen?
Analisi eta hari-mutur ezberdinak hautatu baitaitezke ere galdera horri erantzun funtsatu bat ematen saiatzeko, nik begirada soziologikotik heltzeko ariketa egin nahiko nuke, azken hamarraldietan Euskal Herrian gertatu diren zenbait eraldaketarekin harremanean. Merezi du, beraz, euskal bertsogintzan feminismoaren bidetik loratzen ari den esperientziak arreta soziologikorik. Txapelak Bizkaian eta Nafarroan, Euskal Herriko plazen kopuru esanguratsuan presentzia, liburu propioak, disko propioak, bertso-eskola bereiziak eta diskurtso egituratu bat publikoki plazaratua. Hartu duten sona, egiten ari diren ekarpenen eta jorratu dituzten bideen balio kualitatiboagatik uste dut kategoria sozial berri baten inguruan hitz egin dezakegula: Baso Lanbrotsuen belaunaldia.
Automatikoki emana datorren lehen galdera da ea zein diren gertakari sozial hori azaltzen duten kausak. Zergatik loratu da horren indartsu bertsolaritzan? Zenbateraino ari dira jokatzen mundu kulturalean abangoardia papera? Behin begiratzen hasita pintzel lodia ateraz gero, aipatu litezke azken urteetako olatu feminista zabala, gazte belaunaldien politizazioa feminismotik etorri dela gehienbat edo gatazka-osteko euskal testuinguruan bestelako eztabaida sozial eta politikoek hartu dutela emantzipazio mugimenduen erdigunea. Gerra egin beharrak bigarren mailara eramaten zuen ekarpen teorikoak egiteko premia. Alabaina, esperientzia kultural-politiko honen bereizgarritasunak aletzeko merezi du pintzel finagoa ateratzea, eta fenomeno soziologiko modura tratatzea, egon diren eraldaketa ekonomiko eta sozialekin harremanean.
Partekatzen duten lehen ezaugarri esanguratsua unibertsitate publikoan ikasiak izatea da. Euskararen aldeko pultsua eraman duen langile klasearen alabak, euskaraz alfabetatu, goi-mailako ikasketak burutu eta nazioartean eztabaidan dauden teoria akademikoak ezagutu dituzte. Horrek ahalbidetu die ekoizpen teoriko propiorako gaitasunak biltzea eta Euskal Herritik bertatik pentsamendu autonomoa produzitzen ari dira feminismo kulturalaren senean. Formakuntza unibertsitarioa jaso izanak lan-merkatu intelektualean kokatzera eraman ditu euretako asko, irakaskuntzatik hasi eta idazle, teorialari, kazetari, sortzaile, gidoigile, artista, zutabegile edo ikerlari feminista bilakatzeraino. Esan dezakegu, beraz, bertsogintzak baduela harrotasun puntu bat erakusteko mamia, Euskal Herrian ekoizten den pentsamendu autonomo potente eta entzutetsuenetakoa bere senetik atera baita. Arrazoi ezberdinak daude horretarako: bertsogintzak berak eragiten duen euskararekiko atxikimendua eta kezka kulturala, kritika sozial eta politikorako leku emankorra izatea, aurreko belaunaldiek zabaldutako bidea intelektualismo antzeko batekin lotzea, esperimentazio artistikorako grina asetzeko eremu bezala aurkeztea edota bertsolaritza mugimendu egituratu eta antolatuak radar politiko-soziala piztuta mantendu izana, ekarpen eta posizio berrietara zabalik.
90eko hamarkadan jaioak gehienak, feminismoa besarkatu dute teoria sozial nagusi bezala. Hori zeri zor zaion pentsatzean, esan genezake, Vazquez Montalban parafraseatuz, feminismoak eskaintzen duela gaur erakarmen zientifiko handiena garaiko teoria sozial modura, erakarmen etikoa zapalduekin konpromisoa hartzeko bide bezala eta erakarmen estetikoa indarrean dauden balio-egituren ukapenerako jarrera gisa. Aipatu behar da, hala ere, marxismoaren eta langile mugimenduaren desliluratze batek, mundu postmodernoaren etorrerak eta abertzaletasunaren krisiak zerikusia izan dutela herri mugimenduen begiraden eraldaketan. Faktore horiek hor egonda ere, itsu egongo ginateke talde feminista antolatuen haritik etorri den bultzada baztertuko bagenu, hartu duen zentraltasun politikoa nabarmena izan da urteetako lan militanteari eta asmakuntza estrategikoei esker.
Gehitu behar da Baso Lanbrotsuaren belaunaldiaren ekarpena ez dela soilik maila teorikoan gelditzen, errealitate sozialean esku-hartze zuzenak egiten dituzte, mundu-ikuskera zehatzak taupatuz inguruko sektore sozialetara, bertsogintzarekin apenas harremanik izan duten sektoreetara. Gaitasun eta ezagutza kultural altu horrek abangoardia papera jokatzea ahalbidetzen die zenbait kasutan, eta euskal gizartea problematika berriekin bustitzeko, ertz ezberdinetara begiratzeko paradan jartzen du. Bestela esanda, emakumeek gidaritza izango duten euskarazko intelektualidade gazte bat eratzen ari da, sorkuntzaren eta pentsamenduaren eremuan ekarpen zentralak egiten ari direnak. Berri bikainak datozen urteetan herri bezala ditugun erronken aurrean, potentzial hori guztiori zukutzen asmatuko ote dugun, hor galdera.