Ausardia eta zerbait gehiago

Ausardia eta zerbait gehiago –

Gorka Azkaratek BERRIAn.


 

Ausardia eta zerbait gehiago
Arg: Gartxoak (wikipedia)

 

Iraganeko eskolarteko saioetan inolako lotsarik gabe kantatzen zuen gaztetxo aramaioar hura bertsolari heldua da gaur egun, baina ez ditu bere-berezkoak dituen ausardia eta lotsagabetasun puntu hori galdu. Beretik kantatzen du une oro Peru Abarrategik, gizartea kezkatzen duten gaiei ertzak bilatuz eta aurkituz, entzun behar duenari entzun behar duen hori boteaz etengabe. Atzoko saioan bakarkakoetan aritu zen bereziki dirdiratsu, eta lan horietan oinarritu zuen bere garaipena. Deigarria izan zen, esaterako, lehenbiziko bakarkako lanean gaiari aurkitu zion ertza: bere nortasuna zizelkatzeko berandu ez dela aldarrikatzen duen adineko pertsona baten larrutik kantatu zuen ustekabean, eta nola kantatu, gainera! Buruz buruko bakarkakoan, berriz, galtzeko ezer gutxi daukanaren lasaitasunarekin, bertsoaldi gozagarria eskaini zigun, Arabako txapela irabazi eta parranda eroan murgilduta dabilenaren paperetik. Ez zen urruti ibiliko, ordu batzuk geroago, bertsotan xehetasunez iragarritakoa hitzez hitz betetzetik… Horrela, udazkeneko txapelketa nagusian lehenengo aldiz kantatzeko aukera izango du Peruk, Arabako txapeldun bezala, gainera. Bejondeizula!

Saioko lehenengo ariketan urduri antzean sumatu genuen Manex Agirre; irudipena baino ez zen izan, ordea. Hortik aurrera, motorra berotu eta bertsoaldi beteak eskaini zizkigun, akatsik gabeak ia, eta buruz burukorako hautagai ia ziurtzat jotzen genuen saioak aurrera egin ahala. Txapela hatz puntekin ukitzera heldu zen, eta agian jantzi ere egingo zuen, amaiera aldera egindako irristada hura egin ezean… Edozein kasutan, eskertzekoa da atzoko saioa maila gorenera igotzeko Agirrek bere bertsokera patxadatsu eta seguruarekin emandako bultzada.

Oihane Pereak txapelketetako bere ibilbideari amaiera emateko unea iritsi zaiola iradoki zuen atzo azken agurrean. Arabako bertsogintzaren belaunaldi ezberdinen lotailu ezinbestekoa, gasteiztarra, hamarkadak daramatza gurditik tiraka, eta atzo ere dezente eman zuen beretik, espero zen bezala. Abarrategirekin zakurra zikiratu behar dutenen rolean, esaterako, bertsoaldi dotorea osatu zuen. Atzo arte Arabako txapeldun zen Iñaki Viñaspre ere ez zen arratsalde-pasa joan Europa biltzar jauregira: buruz burukoan sartzeko puntuan egon zen, barrutik borborka bezala azaleratzen zaizkion bertsoak abiadura bizian kantatuz saio osoan zehar, kolpeak joaz bata bestaren atzetik, eta baita tarteka baliabide paratestualak erabiliz ere. Ezinbesteko bertsolaria gaur egun horrenbeste aipatzen den Arabako bertsoen ekosistema berezian. Xabi Igoak sakontasun handiarekin kantatu zuen beti, baina ez zuen bertsoaldi guztietan bete-betean asmatu. Bakarkako lana modu aipagarrian borobildu zuen, edozein kasutan, euskaraz aritzeko hautua egin duen kuadrilla bateko kidearen paperetik. Paula Amilbururentzat estreinako maila nagusiko herrialdeko finala izan zen atzokoa; giroak horretara bultza zezakeen arren, ez zen kikildu, eta aurtengoa etorriko diren final gehiagoren aurrekaria baino izan ez dela esan daiteke.

Ausardia eta zerbait gehiago