Ataundar gailenak organo barrokoaren argitan
Ataundar gailenak organo barrokoaren argitan –
Marta Garcia, BERRIAn.
DONOSTIAKO 85. MUSIKA HAMABOSTALDIA
Organo zikloa
Organoa: Daniel Oiartzabal. Bertsolariak: Maddalen Arzallus eta Amets Arzallus. Egitaraua: Bach familia bertsolari artean: J. S. Bach, W. F. Bach, J. C. Bach, J. E. Bachen obrak eta inprobisazioak. Lekua: Tourseko San Martin Eliza (Ataun). Eguna: abuztuaren 4a.
Nola batu litezke XVII. mendeko —akaso historiako— konpositore-familiarik garrantzitsuena eta Euskal Herriko bertsolari tradizioa? Musika Hamabostaldiko Organo Zikloan, nola ez. Iazko edizioan ere emanaldi zirraragarri batean uztartu ziren lehenengoz bertsoak eta organoa. Entzule puristak eskandalizatuko ziren akaso, baina gutxi dira, eta, horien aurrean, heldu egingo diogu Amets Arzallusek igandeko emanaldi hasierako agurrean esandakoari: «Pixka bat arriskatu dezagun, arraio, elizari ere ondo etorriko zaio».
Emanaldiaren egitura honakoa zen: ataundar gailenen inguruko aurkezpenak baliatzen zituen Ana Belen Garcia zikloaren zuzendari eta (oraingo honetan ere) gai-jartzaileak; Amets eta Maddalen Arzallusek launa bertso tartekatzen zituzten; eta, ondoren, Daniel Oiartzabalek ekiten zion organoan. Hala, Juan Arin Dorronsoro, Joxemiel Barandiaran, Pilar Barandiaran, Juanito Dorronsoro eta duela gutxi zendutako Maximo Aierberen bizitzak eta obrak gogoratzeko aukera izan genuen, baita barrokoaren organo-konposizio finak entzuteko ere. Horietan nabarmenena izan zen Johann Bernhard Bachen Txakona sol maiorrean, ziurrenik Ataungo organo bikainaren koloreak hobekien hautematea ahalbidetu zuelako. Berezia da instrumentua: Lorenzo de Arrazolak eraiki zuen 1761ean eta harribitxia da organeria barrokoan, bertako zein nazioarteko organistek biziki preziatua. Eta Oiartzabalek ongi daki 35 erregistroak nola profitatu, tinbre garbiak zabalduz zein fraseatze argi eta dotoreak eskainiz.
Gaien segidak aukera eman zien Arzallus anai-arrebei erbestearen eta etxera itzultzearen esperientziaz, familia berean txapeldun izatearen eta ez izatearen desberdintasunez, eta estimatzen ditugunak galtzearen oinazeaz fintasun osoz aritzeko. Era berean, Joxemiel eta Pilar Barandiaranen harreman eta ekarpenetatik tiraka, azaleratu egin zen historia osoa eta, noski, musikaren historia ere zeharkatzen duen auzia: gizonezko artista handiak zaindu eta sostengatu izan dituzten emakumezkoen izenen ezkutatzea. Jeinurik gorenena ere ez baita burugaina.