Araitz Katarain: "Asmoa izan da sortzea leku eroso bat bertsorako"

“Asmoa izan da sortzea leku eroso bat bertsorako” –

Uxue Gutierrez Lorenzok Noticias de Alavan.


Lokatz Loreak sormen taldea abiatu dute Janire Arrizabalaga, Araitz Katarain eta Izaro Bilbao bertsolariek. Bertso saio frikiak antolatzen hasi dira

 

"Asmoa izan da sortzea leku eroso bat bertsorako"
Udaberrian sortu zuten Lokatz Loreak sormen taldea Arrizabalaga, Bilbao eta Katarainek. LOKATZ LOREAK

 

Bertsolariak dira Janire ArrizabalagaAraitz Katarain eta Izaro Bilbao eta amankomunean dituzte zenbait zaletasun eta deserosotasun. Gustuko dituzten gaien inguruan kantatu eta bertsotarako espazio gozagarriak sortu asmoz jarri dute martxan bertso saio frikien bira. Saioak Lokatz Loreak taldearen estreinako ekimena dira. Taldearen sorreraz, xedeaz eta taldekideen esperientziaz mintzatu da Araitz Katarain taldekidea.

Zer da Lokatz Loreak?

Sormen talde bat da, eta sortu dugu bertsolaritzan gure lekua topatzeko. Nahiko kuriosoa izan zen sortzeko modua; hasieran ez ginen ezagutzen. Bertsolaritzako ekimen ezberdinetan elkartu ginen; Ahalduntze Bertso Eskolan ezagutu ziren Janire eta Izaro eta gero ni Bizkaiko emakume bertsolarien topaketan batu nintzen taldera. Hortik sortu zen beharrizan bat; beharra genuen bertso munduan guretzako toki bat topatzeko. 

Zein izan da hutsunea edo faltan zenuten hori?

Hasten zarenean plazetan ibiltzen igartzen duzu leku batzuetan ez zaudela gustura, edo nabaritzen duzu nahiko zenukeela toki bat benetan zurea sentitzen duzuna. Abiapuntua hori izan zen honekin hasteko; nahi genuen sortu leku eroso bat eta pentsatu genuen modua izan zitekeela gai ezohikoak erabiltzea. Ikusten genuen hirurok geneukala alde friki bat edo hirurok genituela interes batzuk ez direnak asko entzuten plazan. Nahi izan dugu sortu leku eroso bat bakoitzak egiteko nahi duena eta hitz egiteko nahi duenari buruz. 

Bertsolaritzaz diharduzue baina sormen taldea bezala izendatzen duzue. Zergatik hautu hori?

Bertsolaritza bada taldearen ardatz handi bat, baina baita ere lantzen ditugu beste gai asko ez daukatenak loturarik eta ez dutenak inoiz loturarik eduki bertsoarekin eta orduan nahi diogu aukera eman ideia horiei ere eta ez mugatu bertsolaritzara. 

Noiz jaio zen hortaz Lokatz Loreak?

Udaberrian. Bertso munduko emakumeen topaketaren egunean. Kasualitatez bazkaldu genuen elkarren aurrean eta hor irten zen ideia erdi nahi gabe. Erdi brometan. 

 

"Asmoa izan da sortzea leku eroso bat bertsorako"
Argazkian, abuztuan Zornotzan egindako saioa. LOKATZ LOREAK

 

Taldea abiatzeko lehen ekimena ere martxan duzue. Bertso saio frikiak antolatu dituzue.

Bai. Oraingoz bost saio egingo ditugu, bakoitza gai friki edo ez ohiko baten bueltan. Gai hori da bertso saioaren ardatza, eta gero hori janzten dugu animazioarekin, musikarekin… normalean bertso saio ohikoetan ikusten ez diren elementuak. 

Aipatu duzue landuko dituzuen gaiei buruz ez dela normalean plazan hitz egiten. Zergatik dira frikiak? 

Gizartean bai hitz egiten dira, eta bertsolaritzan dago alde horretatik hutsune bat. Frikia izan daiteke edozerena: kirolarena, musikarena… eta guk aukeratu ditugu bost gauza uste dugunak zaletasun handia pizten dutela gizartean. Batzuenak gu bagara frikiak eta beste batzuenak ez, adibidez horoskopoa, baina uste dugu badela gauza potente bat hitz egiten dela gizartean. Gustatzen zaigu frikiak garela aldarrikatzea, erabiltzen dugu hitza gure burua definitzeko. 

Eta zergatik uste duzue ez zaiela tokirik egiten bertso munduan gai hauei?

Askotan igual bertsolariek daukagu konplexua intelektualak izatearena. Gai sakonenak direla bertsorako onenak, eta agian ez da horrela izan behar beti. Agian gizartearen isla izateko modu on bat ere bada modari edo Harry Potter-i buruzko saioak egitea. Oso markatuta egon da bertsoa beti eta inor ez da ausartu. Orain arte behintzat oso tradizionala izan da beti, orain apurka badaude sortzen bestelako moldeak. 

Gazte izateak badu eragina ausardia horretan? Ikusten duzue nolabait aukera horrelako ekimen gehiago sortzeko?

Guk akuilu bezala hartu ditugu beste zenbait ekimen ere: Señora Sariketa, Ez Da Kasualitatea bertso saio musikatuak, bertso Erronda… Hartu ditugu akuilu bezala eta uste dugu gu ere izan gaitezkeela akuilu beste batzuentzako. Beti behar da erreferente bat edo norbait ausartzen dena egiten. 

Zer gustatuko litzaizueke eragitea?

Guk gure tokia topatzeaz aparte, bertso munduan beraien tokia topatu ez duten bertsolari batzuek espazio eroso eta seguru bat sentitzea eta ahal bada gurera hurbiltzea. Jarri dugu zaintza ardatz eta horregatik sortu dugu ere dinamika bat dela bertsozalekidearena. Hau da, norbaitek ez baldin badauka norekin joan ahalegintzen gara bermatzen izango duela norekin etorri, saiatzen gara lotzen beste norbaitekin… gustura egotea da helburua.

Aipatu duzue deseroso sentitzetik ere badatorrela ekimena. Zer nolako deserosotasunak sentitu dituzue plazetan?

Askotan antolakuntzatik bertatik hasita. Adibidez esaten dutenean: neska bat behar dugu. Orduan zoaz oholtzara ordezkatzen emakume guztiak. Askotan bertso munduan badaude etiketa horiek eta guk nahi duguna bakoitzak jartzea nahi duen etiketa bere buruari. 

“Asmoa izan da sortzea leku eroso bat bertsorako” “Asmoa izan da sortzea leku eroso bat bertsorako” “Asmoa izan da sortzea leku eroso bat bertsorako”