Antxoka Agirre: «Kazetaritzaren ikuspegitik gauza oso bitxiak, bereziak eta berriak egin ditu aldizkariak»

Antxoka Agirre –

Amagoia Mujikak Gaur8-n.


 

Aldizkariaren 30 urteak oso gertutik bizi izan ditu, toki desberdinetik garai bakoitzean. «Aldizkariaren sorreratik bertan nagoela esan daiteke. 1991n hasi zenean aitaren proiektu pertsonal bat zen eta inguruko jendea inplikatu zuen. Niri asko gustatzen zitzaidan marrazkiak egitea eta horretan hasi nintzen, marrazkiak egiten. Gero beti egon naiz inguruan. Erreportajeak idazten, publizitatea eskatzen, atez ate harpideak egiten… Bertsolariei bertsozaleen zerrendak eskatzen genizkien eta ni Zarautz, Zumaia, Zestoa eta Azpeitiko bertsozaleen etxeetara joaten nintzen. Atea jo eta aldizkariaren inguruko azalpenak ematen nizkien eta harpide egin nahi ote zuten galdetu. Gogoratzen naiz jendeak oso ondo hartzen ninduela, bazkaltzera ere gonbidatu ninduen baten batek».

 

Antxoka Agirre
Arg: Jon Urbe / FOKU

 

Geroxeago kudeatzaile lana egiten hasi zen eta hori egiten jarraitu du gaur arte.

Joxean Agirre izan zen zuzendari 2008. urtera arte. Hurrengo lau urteetan Josu Martinezek hartu zuen aldizkariaren ardura. Eta geroztik zuzendaritza partekatua izan da; Antxoka Agirre eta Riki Idiakez lehendabizi; Agirre eta Beñat Zamalloa ondoren eta, 2015 urteaz geroztik, Agirre bera eta Beñat Hach Embarek.

«Aldizkariko lan guztietatik pasatu naiz, maketatzea bakarrik falta zait. Hain juxtu, 30 urtean hor inguruan gabiltzanak Txema Garcia maketatzailea eta neroni gara. Tira, eta aita ere ez da urruti ibiltzen».

«Egoskor talde baten» historia izan daiteke “Bertsolari” aldizkariarena, 30 urtean segi eta segi egin duena. «Proiektu txiki bat da, garrantzi handirik ez dio inork ematen. Baina norberak sinisten badu merezi duela, han eta hemen ateak jo eta finantzaketa lortuz eta lan asko eginez, ba eutsi egiten dio. Eta ideia bera ona dela iruditzen zait, kazetaritzaren ikuspegitik oso proiektu interesgarria iruditzen zait».

Bertsolaritza behetik gora zetorren garaian sortu zen aldizkaria, kazetaritza ere olatu berri batean igota zegoen garaian, eta “Bertsolari”-k olatua harrapatzen asmatu zuen. «Bertsolaritza beti izan da euskal kulturaren adierazpen oso sonatua eta arrakasta handia izan duena. Baina garai horretan bertsolari belaunaldi indartsu bat egokitu zen, hedabideetan sartu zena. ‘Hitzetik hortzera’ izan zen leherketa hura eragin zuen aldagai nagusia, baina ‘Egin’ ere ari zen gauza berriak egiten, ‘Egunkaria’ ere hor inguruan sortu zen… nolabait euskal kazetaritzak garapen urte batzuk izan zituen eta giro horretan sortu zen aldizkaria. 90eko hamarkadan Andoni Egaña txapelak janzten hasi zen, bertsolaritza hedabideetan zabaltzen ari zen eta gorakada horretan sortu zen. Gerora sari batzuk ere izan ditu, Argia saria tartean».

«Asko esperimentatu da»

Bertsolaritzaren inguruko kazetaritza berri bat ekarri zuen, ordura arte egiten zenaren desberdina. «Bertsolaritzari buruzko ehun orrialdetik gorako aldizkari bat, koloretan eta formatu bereziarekin. Bai, berritasuna ekarri zuen. Eta hari nagusia bertsolaritza den arren, kazetaritzaren ikuspuntutik gauza oso bitxiak egin dira, beste inon ikusten ez direnak: 30 orrialdeko erreportajeak, Euskal Herriko bertso eskola guztiak zenbaki berean, bakoitza bere argazki eta protagonistekin; sukaldariak bertsolaritzari buruz idazten; Bizkaiko txapelketako parte-hartzaileak elkar elkarrizketatzen… Kazetaritzaren ikuspegitik asko esperimentatu da eta gauza oso berriak probatu ditugu. Egia da egunkarietan ere gertatu dela garapen hori. Baina kazetaritzaren ikuspegitik gauza oso bitxiak, bereziak eta berriak egin ditu aldizkariak».

30 urtean pilatutako aldizkariak entziklopedia baten pareko dira. «Aurretik Auspoa bildumak beste belaunaldi batzuekin egindakoaren antzekoa da, baina beste formatu batean. Egañaren aurreko belaunaldia, osorik dago jasoa. Egañaren belaunaldia bera, zer esanik ez; haien zaletasunak, bertsokerak, espektatibak, oporrak, inguruak… erretratu oso-osoa. Ondoren etorritako belaunaldia hazten ikus daiteke aldizkariaren orrialdeetan; Iturriaga nerabe zenetik ilea urdindu zaion arte. Belaunaldi berriaren parte bat ere jasota dago eta jasotzen ari da».

Belaunaldi batetik bestera bada alderik. «Egañaren belaunaldiak komunikabideetan agertzeko, bertsolaritza toki guztietara iritsarazteko beharra zeukan. Ondorengo belaunaldia fokupean jaio dela esan daiteke eta desberdina da. Lehengo aldizkaritik oraingora alde hori badago; lehen okurritzen zitzaigun ia guztia egiteko prest zeuden bertsolariak. Gaur egun denok gehiago dakigu komunikazioaren inguruan, baita bertsolariek ere, eta gehiago zaintzen dute zer ateratzen den eta zer ez».

Bertsolaritzaren eta kazetaritzaren historiaren txatalak ikus daitezke aldizkarian, horregatik badauka bilduma izaera eta harpideek aleak gordetzeko joera daukate. «Horretan ere txikitasunak lagundu egiten du. Urtean lau ale, liburuxka moduko aleak dira, jasotzeko modukoa. Bilduma bezala balioa dauka. Beti esaten da papera desagertu egingo dela. Nik uste dut papera geratzekotan objektu fetitxe bezala geratuko dela, gordegarria eta berezia dena. Eta ‘Bertsolari’-k badauka profil hori».

Aurrera begira

Atzera begira ez ezik, aurrera begira ere badago proiektua. Eta une honetan belaunaldi arteko erreleboa eman da. «Ni oso pozik nago. Tartekoa naizela esan daiteke, nire aurrekoek sortu zuten, ni gaur arte hemen inguruan nabil eta orain lortu dugu erreleboa ematea. Eta pozik nago horrelako proiektu txikietan ez delako batere erraza hori lortzea. Beñat Hach Embarek asko inplikatu da eta oso serio hartu du. Aldizkariko protagonista eta kolaboratzaileak ere belaunaldi berri batekoak dira eta lortu dugu errelebo hori ere gertatzea. Gainera, gogoa izateaz gain, azken urteotan komunikazioaren arloan izan diren aldaketetara egokitzeko gaitasuna duen jendea da. Aldizkariak webgunea dauka 1997tik, aspalditik, baina aurreko belaunaldiak ez zuen oso ondo ulertzen webgunearen funtzioa. Orain askoz dinamikoagoa da, sare sozialak hor daude, podcastekin esperimentatzen hasi gara… etorkizun ona ikusten diot aldizkariari. Auskalo gero zer gertatuko den, baina oraintxe une ona da aldizkariarentzat».

Antxoka Agirre
Antxoka Agirre
Antxoka Agirre