Anjel Larrañaga: "«Lehen uste zuten dena 'golferia' zela, bertsolaria izatea eta soinu jolea izatea»
Anjel Larrañaga –
Andoni Imazek Berria egunkarian.
Kantaria eta kantugilea da Larrañaga. Kantuaz gozatzen du, bertsotan zein Kupela taldean. Hitzak eta doinuak sortzen ditu, entzuleak gogoan izanda: «Beti akordatzen naiz jendearekin».
Afizioa etxekoa du Anjel Larrañagak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1947), bai bertsotarako, baita musikarako ere. Hala ere, «berandu» hasi zen bertsotan, eta diskoak grabatzen ere bai: 32 urterekin kantatu zuen Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean, eta 52rekin atera zuen lehen diskoa, Tomas Soraluze Epelde soinu jolearekin batera: Elkarren ondoan. «Nobedade bat zen; boom bat izan zen». Puntatik jaitsi gabe, beste lagun batzuekin aritu da azken urteetan, Kupela taldean. Orain, agurtzeko garaia iritsi zaio taldeari, baina Larrañagak ez du kolpetik gelditzeko asmorik: «Oraindik ondo sentitzen naiz, baina komeni da gauzak bere garaian leuntzea».
Kantua, panderoa eta bertsoa. Erromeria giroan aritu zara beti.
Trikitia, panderoa eta dantza izaten zen asteburuko erromerietan. Ogitartekoren bat jan eta ardo edo sagardo trago bat edanda, izaten zen umorea, tenplea; horrela hasi nintzen bertsotan. Plazara irteteko saltoa berandu egin nuen, ordea, gaurkoarekin konparatuta; 24 urterekin. Entzutera joaten nintzen, eta iruditzen zitzaidan bertsolariak kristorenak zirela, gaia jarrita aritzen zirelako. Nik taberna giroan kantatzen nuen, baina, azkenean, lagunak zirela eta ez zirela, animatu egin nintzen txapelketetan aritzera.
Zer moduz moldatu zinen?
Egin nuen lehenengo plazan bigarren geratu nintzen, Patxi Etxeberriaren atzetik. Horrek animoa eman zidan, eta hurrengoa Xenpelar saria joan zen. Han ere geratu nintzen bigarren, eta harekin ere gustura. Urtebeteren barruan, hirugarrenean txapela eman zidaten. Jaialdietara eta auzoetako festetara joaten nintzen orduan, baina, txapela daukazunean, hargatik edo honengatik, dena egin nahi duzu, eta orduan eta okerrago geratzen da. Ez nintzen denetara joaten, ikusten nuelako ez nintzela neu naizena.
Laster beteko dira 40 urte Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean kantatu zenuenetik.
Hala da, bai, maila horiek egin genituen. Halere, sekula ez naiz izan jaialdi zalea. Gu ondo moldatzen ginen geure baserri munduko gaiekin, gai ezagunekin, baina pixka bat geure lekutik ateratzen gintuzten gaiekin ez horrenbeste. Ez da ez genekiela, baina kezka geneukan, zer jarriko ote zuten. Puntutan-eta herriarengana ailegatzen nintzen, baina bakarkako gai hartan… Akordatzen naiz Jon Lopategi zenak esan zidala behin: «Hi finalean ibiltzeko bertsolaria bahaiz, baina heuri gustatzen ez zaiken horretan ez haiz saiatzen». Gero bertsolaritza berria etorri zen: batetik onak, eta bestetik ikasiak.
Noiz igaro zinen bertsotik kantura?
Bi bertsolari baldin bazeuden, beti soinu joleren bat izaten zen festan. Juan Mari Narbaizak eta biok plaza asko egin genituen, eta, behin, proposatu nion soinu jole batekin zerbait grabatzea. Doinu eta hitz zahar batzuk hartu, berriak egin, eta grabazioa egin genuen Agurtzane Elustondo eta Imuntzorekin [Juan Ramon Azpitarte]. Arrate irratiak eman zuen hori, eta gero beste bat egin genuen Loiolan, hobeto grabatuta. Ez nintzen konforme geratzen, ordea, eta disko bat grabatzeko saiakera egin nuen, estudioetara joanda. Pena ematen zidan halako estimua izan zuen grabazio bat hor lagatzeak.
Epelderekin grabatu zenuen, azkenean.
Proposatu nionean, hark ez zidan ezetz esan, baina bai lan handia zela. Azkenean, haren iloba Aitor ere animatu zen, eta Joseba Tapiak lagundu zigun. Kapritxoz bezala egin nuen lehenengo diskoa, eta berehala esan ziguten: «Hau gutxiegi duk; beste bat egin behar diagu».
Disko hartan zegoen Kupela abestia.
Epeldek esan zuen: «Hau diferentea duk». Nire alabak 18 urte edukiko zituen, eta hark ere esan zidan: «Hau entzungo da!». Entzun? Oraindik ere joaten garen leku guztietan eskatzen digute. Hiru aldiz askotan jo izan dugu. Izaten da zeuk ez dakizula…
Aurrera jarraitzeko indarra ematen du horrek?
Bi urtez behin egin dugu disko bat: hiru egin nituen Epelde eta Larrañagarekin, bost Kupelarekin, eta, azkenean, Lana festa bihurtuz, Anjel Larrañaga izenarekin. Bederatzi dira. Ez da erraza hainbeste hitz sortzea, baina beti akordatzen nintzen jendearekin. Jendeari zer gustatuko zaio? Kanporako egin behar dituzu hitzak, ez zeuretzat bakarrik. Asko asmatu dugu. Zabale [Xabier Alberdi] ere kristoren soinu jolea da. Guk ehun plaza egindako urteak baditugu, eta 80 egindako pila bat. Azkenaldi honetan, 40ren bueltan, eta, aurten, zerbait gutxiago.
Aurten hartuko duzue erretiroa?
Gauza asko pasatu dira. Erretiratu ere egin gara, eta horrek gastu handia dakar, altak direla eta bajak direla. Abenduaren 29an egingo dugu azken kontzertua, Aristerrazun. Aurretik, hilaren 13an, Santa Luzia egunean, Saizarren izango gara. Hemendik atzerako denak dira bukaerak. Ematen dit zera bat, baina, hainbeste ibili eta gero, iruditzen zait bukatu ere egin behar dela.
Bukatzen ere jakin egin behar da, ezta?
Bai, bai. Narraska ibiltzea ere ez da polita: jendeak bidali baino lehenago, alde egin. Kolpera ezin gelditu, ordea. Bertsotan jarraituko dut, osasunak laguntzen badu. Bertsotan kosta askoz gehiago egiten da, ordea, eta gutxi ibiltzen bazara, oraindik eta gehiago, baina pixka bat asmatzen baduzu eta jendea gustura badago, norbera oso satisfazio handiarekin geratzen da. Bestela ere bai: zeure kantuak kantatzea ederra da.
Publikoak garrantzi handia du zuretzat?
Gure garaiko jende bat egon da hor urte askoan, hiru ordu dantzan egiteko kapaz dena, eta horrek ikaragarri laguntzen dio soinu jole bati. Beste gazte batzuk sartu dira orain, eta oso onak dira dantzan. Halere, lotuan ez dute soltean bezala egiten. Bazterrean egoten dira, tragoarekin, kontuak esaten. Ez da erraza hiru orduz dantzan segitzea; hori kirol ikaragarria da!
Erromeria giroa asko aldatu da?
Gauzak aldatu egiten dira. Hernion, adibidez, urtero jo dugu, Zelatunen. Aurten sekulako eguraldia tokatu zen. Ikusi egin behar zen jende pila hori, herrialde denetatik etorria, dantzan. Zazpi bat orduz jo genuen, eta ez ginen inor gabe egoten. Hori ez da galdu: hori hobetu egin da. Orain soinu jole pila bat dago erromeria on bat egiteko; nik ez dut batere gaizki ikusten giroa. Modernoa ondo dago, eta beti gauza berarekin ezin duzu jardun, baina gauza onak baldin badaude lehengo puska horietan, eutsi egin behar zaio horri, eta beste zerbait eman, gainera.
Etxean hasi zinen panderoa jotzen?
Erregeek 9 urterekin ekarri zidaten panderoa. Berehala puskatuko nuen, eta aita zenak larrua jarri zion. Oraindik han dago hura. Gure etxean soinua ez, baina panderoa beti egon da, eta soinu giroa ere bai. Osaba ezagutu nuen jotzen, eta nik banuen ikasteko ilusioa, baina hark ez zuen batere aurreratzen. «Soinu jole izatea oso morroia duk, gauean ordu pila bat, beti besteak agindutakoa egin behar…». Parranda bezala ikusten zuen. Orduan, dena golferia zela uste zuten, bertsolaria izatea eta soinu jolea izatea. Gero bertsoa etorri zen, eta soinua, atzeratu. Esku artean ere zer egongo zen, bada, soinua ekartzeko? Ezer ez! Gosea kentzeko, justu-justu. Halere, oso garai onean jaio nintzela pentsatzen dut, zorteko naizela bizitzan.
Denbora asko pasatuko zenuen etxetik kanpo…
Plazagizon bat oso gogorra da etxerako. Emazteak horrekin ezagutu zaitu, zurekin daramazu, eta hori izugarrizko meritua da, izugarrizkoa. Puntan dagoen jende hori ez dago etxean sekula. Har bat egoten da barruan… Eta dirua ere badago tartean, noski. Dena ez da kanpotik ikusten den arrosa eder hori: festa festa da, baina lan asko dago tartean.
Kamioi gidari aritu zinen 30 urtez. Kantatzeko ondo, behintzat?
Bai, hori bai ona! Bolantea oso ona da, bolantea eta bakardadea. Akordatzen naiz doinu batekin buelta eta buelta ibiltzen nintzela, baina han utziz gero, kito, igual ez zara gehiago akordatzen. Orduan, hots egiten nion alabari, grabagailua prest izateko, eta lasai geratzen nintzen. Azken urteetan, neuk ibili nuen grabagailua, eta han unean bertan grabatu.
Lana festa bihurtuz liburuan, Andoni Egañak esan zuen bi ahots dituzula: bertsotakoa, serioagoa, eta kanturakoa, jostalariagoa. Hala da?
Festak tristura ez du maite. Serio egon zaitezke, baina festak konexioa behar du jendearekin. Bidean gauza asko ahaztu zaizkigu. Ahaztu zaigu kontuak esaten, pasadizoak, barre egiten ere bai! Dena aurrerapena dago orain, eta inora ezin gara ailegatu. Patxada galdu dugu. Uste dut hor labainduko garela, eta erori ere bai, igual. Labaindu eta tente ibiliz gero, hor nonbait, baina erortzen bagara, kolpea hartuko dugu.