Ane Beloki: «Leku askotara iritsita, bertsolaritza indartsuago egongo da»

Ane Beloki –

Irati Saizar Artolak Tolosaldeko Atarian.


 

Beste lanen artean, Harituz Tolosaldeko Bertsozale Elkarguneak eskualdean dituen bertso eskoletako irakaslea izango da, ikasturte honetan, Ane Beloki; matrikulatzeko aukera zabalik dago oraindik.

 

Ane Beloki

 

Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak funtzionamendu aldaketa izan du aurten, 2022-2023 ikasturtera begira, eta Ane Beloki (Legazpi, 1999) izango da transmisio alorraren ardura hartuko duena; tartean, bertso eskoletako irakaslea izango da.

Nola iritsi zaizu Harituz-eko bertso eskolen ardura hartzeko aukera?

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko Mikel Artolak deitu zidan. Nire saltsako lana iruditu zitzaidan eta baiezkoa eman nuen. Aurretik aritu izan naiz bertso eskoletan lanean, eta nik uste gai izango naizela postu hau betetzeko. Haritz Mujikak nahiko goian utzi du langa, baina saiatuko naiz gerturatzen. 

Harituz azken urteetan lanean aritu da eskualdean bertso eskolen kultura sustatzen. Oinarri bat sortua dago?

Tolosaldean bertsolaritza oso indartsu dago. Ikusi besterik ez dago eskualdean zenbat bertsolari dauden gaur egun. Eta ikasle kopuruan ere antzematen da, giroa ere nahiko euskalduna izanik, erraztasuna ere badago bertsolaritza bidez horrelako girora iristeko. Beste zenbait lekutan baino erraztasun handiagoa dagoela ikusten da. Harituz, elkargune moduan, talde indartsua dela argi dago, emaitza onak izaten ditu antolatzen dituen gauza guztietan. 

Motibazio saioak ari zarete eskaintzen, gaztetxoak bertso eskoletara gerturatu asmoz. Zer nolako saioak dira?

Ordubete ingurukoak izaten dira, gaztetxoekin egiten ditugunak, ikastetxeen bidez. Ez dira ohiko saioak, oholtza gainean egiten direnak. Gaztetxoei egokitutako saioak dira, bertsolaritzarekin lehen kontaktua izan dezaten. Jolas moduko ariketak egiten ditugu, beraiek ere jolas horietan parte hartuz gurekin. Esaterako, gai jartzaile paperean jartzen ditugu, oinak beraiek ematen dizkigute guk bertsoa osatu ahal izateko, edota nor da nor jolasa ere egiten dugu. Atzo, adibidez, Villabonan izan ginen, eta oso gustura aritu ginen, ordubetea motz geratu zitzaien ikasleei. Ikusten dugu saio horiek lehen kontaktu horretarako balio dutela eta ea bertso eskoletara erakartzen ditugun. 

 

Ane Beloki
Arg: Harituz

 

Eta ondoren egiten duzue matrikulatzeko eskaintza? 

Bai, momentuan banatzen ditugu matrikulazio orriak, eskolan bertan. Orri hori bete beharko dute hala nahi duten ikasleek, eta bertan aukeratuko dute zein ordutegi datorkien egokien. Gainerakoan 688 654 012 zenbakira deitu beharko dute edo harituz.bzt@gmail.com helbidera idatzi. Hamar urtetik gorako haur nahiz gaztetxo guztiek izango dute aukera gurekin batera bertsolaritza gertuagotik ezagutzeko. 

Herri askotara iristen zarete bertso eskolekin. Gehiago zabaltzeko asmorik baduzue?

Bertso eskolarik ez dagoen tokian talde bat ateratzea polita litzateke. Leku askotara iritsita, bertsolaritza indartsuago egongo delako, eta gazteek ere etxetik gertu probatzeko aukera izango dutelako. 

Bertso eskoletako saioak nola antolatzen dituzue?

Normalean astean ordubeteko saioak eskaintzen ditugu gaztetxoenekin eta Eskolartekoan aritzeko adinean daudenei motz geratzen zaienez ordubetea, bi orduko saioak eskaini izan ditugu. 

Lanketa berezia egiten duzue emakume eta gizonezkoen parte hartzea orekatzeko. 

Iritsi berria naiz ardura honetara, baina ikusi dut hemen ere emakumeen kopurua nabarmen baxuagoa dela gizonenekin konparatuta. Orain neroni, emakumea izanik, ea neska gehiago animatzen diren, polita litzateke mundu honetan geroz eta emakume bertsolari gehiago izatea. 

Eskolaz kanpoko ekintzen artean, aukeretako bat da bertso eskola. Bada zaletasunik?

Normalean, herri gehienetan kirola lehentasuna izaten da, eta bertsolaritza atzean geratzen da. Baina datuek erakusten dute zaletasuna badagoela, eta ikusten da gainera jendeak eutsi egin nahi diola horri. Ikusten ditugu ikasleak, esaterako, pilota eskolako entrenamenduen ordutegiak aldatzen saiatzen direnak, bertso eskolara joan ahal izateko. Horrelakoetan ikusten da badagoela gogoa, eta lehentasun apur bat ere ematen zaiola. 

Zergatik gerturatu beharko lukete gaztetxoek bertsolaritzara?

Harremanak egiteko modu polita da, jende asko ezagutzen da. Hitzekin jolastea, sortzea, imajinazioa aktibatzea, adierazteko moduak lantzea, hizkuntzaren erabilpen egokia egitea, gizarteratzeko modua, zure burua ezagutzeko aukera… balore asko eta asko eskaintzen ditu bertsolaritzak.

Ane Beloki Ane Beloki Ane Beloki