Ander Perez: "Bertsolaritza programari eutsi diogu, eta hala ikasle askok ez dute galdu euskararekiko lotura"

Ander Perez –

Euskalerria Irratitik hartua.


Ander PerezEgunerokoa erabat aldatu zaie Bertsozale Elkarteko kideei. Eskolak online ematen dituzte orain bertsolariek eta plaza internet dute gehienek. “Sortzaileek bizi duten prekarietatea” sakoneko arazoa erakutsi du itxialdiak Nafarroako Bertsozale elkarteko Ander Perezen ustez.

Kulturgintza, bertsolaritza, zaleak aurrez aurre elkartzetik bizi da neurri handi batean; osasun krisiak kolpetik eten ditu zuzeneko emanaldiak eta bertso plaza. Martxoan 195 bat saio aurreikusten zituten Euskal Herrian eta 53 gauzatu dira. Hortik aurrera, bertan behera 400 inguru geratu dira. Honek guztiak ondorio ekonomiko nabarmenak ditu: martxotik ekainera arte, 385.600 euro inguruko galerak. “Egoerak erakutsi du sakoneko arazo bat dela sortzaileek bizi duten prekarieteak”, adierazi du Ander Perezek Irrintzi Plazan.

Erresilientzia gaitasuna erakustera bultzatu ditu krisiak. Hezkuntzan baldintza berrietara azkar moldatzeko ahalegina egin dute, www.bertsoikasgela.eus orrialdearen bitartez. Erakundeek egin duten ahalegina eta ekarpena balioan jarri dutela adierazi du Perezek: “Bertsolaritza programari eutsi diogu, eta hala ikasle askok ez dute galdu euskararekiko lotura”. 

Plazara begira, konfinamendu garaian bertsolaritza mugimenduko hainbat eragilek Interneteko online saioak jarri dituzte martxan, eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak ere Konfinamenduko bertso saioak egitasmoa abiatu du Nafarroako hainbat irratirekin elkarlanean.

Bertsozale Elkarteak 45.000 euro bideratuko ditu plaza indartzeko eta bertsolarien zaurgarritasun egoera leuntzeko. Maiatzaren 2tik aurrera, Internet bidezko bertso plaza aberastuko dugu, garai honetarako Lankuren bidez hitzartuta zeuden zenbait saio sarean eskainita, eta bertsolariek proposamen ordainduak izatea bermatuta. Bertsoa.eus ataritik bideratuko dira ‘Potokastak’, ‘Plaza’ eta ‘Bidaiak’ egitasmoak.

Ander Perez