Ander Fuentes eta Nahia Etxeberri dira I. Aitor Sarasua bertsopaper lehiaketako irabazleak

Ander Fuentes eta Nahia Etxeberri –

ARGIA


 

Bertsularien Lagunak Elkarteak jakitera eman ditu I. Aitor Sarasua bertsopaper lehiaketaren irabazleak: helduen mailan Ander Fuentes Mujikaren bertso sorta izan da saritua, eta gazteen mailan Nahia Etxeberri Lopepe. Bigarren eta hirugarren saria jaso dute, helduen mailan Elixabet Etxandi eta Urko Egañak, eta gazteen mailan Leina Alkhat eta Kemen Bidegainek. Barruan irakurgai sorta sarituak.

 

Ander Fuentes eta Nahia Etxeberri

 

Helduen mailan Ander Fuentes Mujikak Gorostiari jarritako sorta izan da saritua. Kantuz sortu naiz eta (zazpi puntukoa) doinuan daude jarriak:

 

1

Mendizale batentzat

hain da atsegina

ezpondetan egin ohi

duen ahalegina

materiala behar da

komeni adina

zira, motxila, botak

baditut jakina

baina denetan badut

arrunt lagun mina

gorosti makil eder

gogor bezain fina

oraindik bizi zela

atautxik egina

2

Biderik gogorrena

bihurtuz erraza

eskuekin helduta

ze nolako dantza

pausoa emateko

badaukat zalantza

makilak orekatzen

dit laister balantza

makulu pasatzeko

putzuak, lokatza

badago larra, sasi

iratze, arantza

bidea zabaltzeko

erreminta latza

3

Bide luzea egin

baduzu lehendik

nahiz eta ez espero

hatsa haunditzerik

sumatzen duzu estu

petxua beterik

nekez ez duzunean

pausoa ematerik

ez denean gelditzen

pausa bat besterik

bi besaurreak makil

gainean gorderik

niretzako ez dago

postura hoberik

4

Mendi ibilera da

beti mamitsua

sorpresaz betea da

paisaia itsua

azienda inoizean

da bitxo pisua

berak niregatik nahiz

esan berdintsua

temoso bada parez

pare betizua

makilarekin eman

ezkero abisua

beregana pasatzen

da nire izua

5

Bidez baldin bazara

noizbaiten okertu

pazientzia behar dela

lehenbailehen ulertu

patxadan egon eta

ez zaitez aihertu

ondoren ingurua

makilaz aztertu

altxor txikitxoren bat

igual bada gertu

puntarekin iratze

mordoxka baztertu

eta onddo bat bixtan

hara non agertu

6

Nire oinazeekin

dudan harremana

traba ez dudanean

niretzat da zama

kiropraktikoan dut

denbora emana

fisioterapian

sesio andana

hainbeste aspirina

ere ez da plana

makilak egiten du

niretzako lana

belauneko min hori

arintzen didana

7

Bapatean aurkitu

zuhaitzan aurrean

gereziondo baten

enbor zaharrean

mokadu bat egin nahi

bidenabarrean

beheko fruituak daude

itxura txarrean

goxoenak urruti

goiko adarrean

makila luzatuta

zuzen indarrean

ttak goxoenak hartu

kolpe bakarrean

8

Ikuspegi ugari

mendi panoraman

batzutan galdu bainaiz

nahiz mapa eraman

bapatean murgilduz

abenturan xarman

soinu azkarki daude

euren pentagraman

sarri eroria naiz

bere amaraunan

makila sartu ohi dut

aurreko sakanan

ikusteko errekak

zenbat ur daraman

9

Askok ohitura baitu

mendira joateko

natura nola inoiz

ez dugun kalteko

distantziak haundiak

direla tarteko

jendea ikusten da

urruti antzeko

nola baserritarra

halaxe kaleko

eskutako makila

altxatuta suelto

balio du urrundik

aio esateko

10

Berekin uxatuak

hainbat arerio

bidea aukeratzen

zenbat gomendio

egoera jartzean

itsusi, serio

moldatzen gara bere

laguntza medio

makila mendian maiz

da erremedio

baina pena bat badut

berekin dedio

mandeuliak hiltzeko

ez baitu balio

 

Gazteen mailan Nahia Etxeberri Lopepek Munduko injustiziak izenburupean jarritako sortak jaso du lehen saria. “Uztailaren 19a” doinuan jarri ditu:

1

Joan den astean ene karrikan

promenatzen nintzelarik

emazte zahar bat ikusi nuen

espaloiean jarririk

esku mehe bat eni luzatuz

eta doi-doia bizirik

ono sekulan ez nuen ukan

holako pena handirik

ohartu bainiz injustizia

gurekin dela oraindik

2

Munduko gauza larrienetan

lehen lerroan da gerla

herri guzietan jende guziek

bizia galtzen horrela

Etxe hautsiak, jende tristeak

gorputz hilak mela-mela

horrengatikan milaka jendek

altxa behar dute bela

Etsaiak ados diren bakarra

da hondamendia dela

3

Munduko gauza hoberena zen,

baina gaur zer da natura?

plastiko eta petrolioan

den-dena hondoratu da

liliak ilun, arbola gutti

beltz bilakatu da ura

hau ikustean beldurtua niz

eta sortua zaut duda

Ez da gehiago Lurra planeta

izena du Kutsadura

4

Katalogoak dio jokoak

norentzat diren eginak

saltegiak bitan moztuak dira

arrosak eta urdinak

muttikoentzat helikoptero,

heroiak eta harginak

neskatoentzat sukaldetxoa,

panpina ta erreginak

Baina aurreiritzirik gabe

den denak gira berdinak

5

Migratzaileek barku batean

itsasoa trebeskatu

presidenteek beren herrian

ez dituzte nahi onartu

egoera hau injustua dela

den denak gira ohartu

Eta uste dut noizbait beharko

ginukela esku hartu

Migratzaileak babes ditzagun

ta Macron ur pean sartu

6

Denbora huntan munduan zehar

injustizia da gaia

hori guzia aldarazteko

momentua da oraia

erreka ttipi ainitzetatik

beti sortzen da ibaia

denek erreka izaiteari

eman diezaiogun baia

Mundu hobe bat eraikitzeko

oraindik baita garaia

 

Hemen argitaratu ditu Bertsularien Lagunak Elkarteak bigarren saria, hirugarrena eta aipamen berezia eskuratu duten sortak.

Ander Fuentes eta Nahia Etxeberri
Ander Fuentes eta Nahia Etxeberri
Ander Fuentes eta Nahia Etxeberri