Anabel Ugalde Gorostiza: “Emakumeek bertsotan egiten zutela jasotzen dute testigantza zaharrenek”
Anabel Ugalde Gorostiza –
Anabel Ugalde Gorostiza historialari arrasatearrak ‘Euskal Herriko andre inprobisatzaileak XV-XIX mendeetan’ hitzaldia eman du Kulturaten gaur goizean.
Goienagusi elkarteak antolatuta, herritar ugarik jarraitu dute ekitaldia bertatik bertara.
Hitzaldiaren harira, historialariak azaldu digu “emakumeak bertsotan beti aritu direla, testigantza zaharrenetan emakumeak askotan agertzen dira, batez ere etxeko, familiako hileta, ezkontza eta halakoetan”.
Bertso haiek “norbaitek jaso izan ez bazituen, ematen du ez zirela existitu, baina guztiz dokumentatuta dago emakumeek gizonezkoekin abesten zutela, elkarrekin”.
Leku ezberdinetan abesten zuten: “hiletetan, sukaldean askotan, oro har lanean ari zirenean,… Testigantza ugari ditugu epaiketetan ageri direlako”:
“Salatzaileak askotan emakumeen bertsoen protagonistak izaten ziren, gehienetan ohore kontuengatik edota amodio kontuengatik”.
“Urte luzetan uste izan da emakume bertsolaririk ez zela izan, baina izan ziren bai, baita gizonezkoak ere”.
Esate baterako “Lore Jokoetan parte hartu zuten, baita irabazi ere, Abadie, Antoine d’Abbadie 1851n antolatzen hasi zen jokoetan”.
Euskal kultura berpizteko eta maila emateko antolatu ziren, “kataluniarrak La Renaixença egiten hasi ziren moduan, Euskal Herrian ere egin ziren, Iparraldean gehienak. Ondoren Hegoaldera igaro ziren”.
Fiesta Euskaras ere antolatu ziren “guk gure herrian izan genituen, eta bertan emakumeek dihardute gizonezkoekin batera partze hartzen, sano, eta gainera irabazten”.
Alabaina, “euskararen galeraren, industrializazioaren, kaletartze prozesuaren,… ondorioz mundu tradizionala mespretxatzen hasi ziren asko”.
“Ziotenez, mundu zabar hori gainditu behar zen, baserritarren aurkako isekak egiten zituzten, eta testuinguru horretan emakume bertsolariek ez dute lekurik”.
“Emakume bertsolariek bertsoei eutsi zieten baina soilik etxean, baserri-giroan, herri txikietan eta komentuetan. Harrigarri samarra den arren, komentuetan bertsotan aritzeko libre ziren”.
Hitzaldian adibide bi jarri ditu historialariak: “Justina Aldalur eta Joxepa Zubeldia. Hernaniarra antigoalekoa zen, eta bertsotan egiten zuen sano edozein lekutan. Bere alabak ama kalean bertsotan ikusteaz lotsatzen ziren”.
“Historiako momentu hura zen baina XX. mendearen amaieran poliki-poliki emakumezkoak itzuli ziren, asko bertso eskolei esker”.