Amets Arzallus bertsolariari elkarrizketa

Amets Arzallus bertsolariari elkarrizketa-

Iñaki Etxelekuren elkarrizketa, Ipar Euskal Herriko Hitzarentzat.


Hetsialdiarekin, eta osagarri krisiarengatik jarri neurriekin, ofizioko bertsolariek saiorik batere gabe iragan dute udaberria. Udarekin, berriz abiatu ziren kotsia. Xilabaren bezperan, COVID-19aren egoerak bertsolaritza nola utzi duen aztertu du Amets Arzallusek (Hendaia, 1983), HITZAren galderei erantzunez.

Amets Arzallus bertsolariari elkarrizketa

 

 

 

Bertsolaritza nagusiki ogibide duzuen sortzaileek nola buru egin diozue saioen erortzeari?

Martxoaren erditik aurrera programatuak genituen saio, afari eta dena delakoak, denak erori ziren. Bizpahiru hilabete izan ziren txurian gelditu zirenak, bere ondorio ekonomikoekin, plazetako saioetatik bizi baikara. Gero, pixkanaka, maiatz hondar-ekainean, indarka bazen ere, hasi zen zerbait antolatzen. Elkarteak indar egin zuen saioak antolatzeko, eta nola antola zitezkeen pedagogia egiteko. Uda joan da usaiako erritmoaren %20an, erran nezake; beraz, izugarri motel. Beti heldu den asteburuan zer izanen den jakin gabe. Orain, hobeki.

Ofizioa laster kordoka bilaka daitekeela agerian utzi du?

Egia da; lehen, gure ofizioaren prekaritatearen kontzientziarik ez nuen gehiegi, asteburuz asteburuko erritmo batean bizitzen ohitua bainintzen. Egia da garai honek beste gogoeta bat eginarazten duela, eta ohartzen naizela bizitzeko manera honek baduela prekaritate izugarri bat: ohartu naiz inprobisatzen askoz hobeak garela kalkulatzen baino. Kultur lanbidea eta jende aurreko lanbidea duen jendeak berme bat izan dezan laboralki, bada zer gogoetatua. Orain abiatzen diren gazteak ditut gogoan, batez ere; ikusiz errealitatea, ez dakit nola egin daitekeen bizi apustu bat bide artistiko baten alde egoera honetan.

Jakinez Hego Euskal Herrian ez dela intermitentzia estatuturik.

Ez da ez kultur lanbidean ari direnentzat, ez hizkuntzaren inguruan ari diren orotariko lanbide batzuentzat, eta elkartea ari da erakundeekin lanketa bat eraman nahian, intermitentzia gisako bat plantan ematen ahal ote den. Baina afera honek oinarrizkoagoa den eztabaida batera eramaten du: kultura bera, azkenean, aisialdi edo dibertimendu hutsa den, edo oinarrizko beharrizan bat jendearen bizitzetan edo herri baten bizi antolakuntzan.

Bertsoa hitzaz haragoko ñabarduretan dabilen komunikazioa da; COVID-19aren ondorioz maskarak eta oro egiten diren saioak zer heinetaraino dira baldintzatuak jendearekiko harremanaren ikuspegitik?

Bertsoaren oinarria komunikazioa da, eta komunikazioa ez da alde batekoa bakarrik. Jendearen feedback-ik gabe, bertsolaria nolazpait galdua gelditzen da. Halere, nola basamortu moduko udaberri batetik heldu garen, zen guti hori, zen baldintzetan, ez zen gutxi. Nahiz jendea maskarekin izan, eta kasik zuhaitzak bezala eseria, han eta hemen, distantziak errespetatuz, izugarri bitxi zen hasieran. Gero, bitxitasun guzietara ohitzen da kasik pertsona, zorionez edo zorigaitzez; orain, argazki horri moldatzen hasia naiz, eta jendea bera ere bai, baina erran gabe doa komunikazioan zailtasun eta traba handiak sortzen dituela. Pertsonalki, anitz edaten dut jendearen aurpegi espresioetatik; horrek nire bertsoaren barne balorazio bat ematen dit, hurrengo bertsoaren sorgai motor bat dena. Hori hausteak uzten zaitu lauso edo bakarrik bezala. Halere, ari dira gauzak pixkanaka aldatzen, eta orain elkarrekin heldu diren taldeak elkarrekin eserarazten dituzte, eta, horrela kokatuz, naturaltasun handiagoa ematen dio. Kontrako teoriak entzun ditut ere lagun batzuengandik, erraten baitute jendeak maskarekin errazago irri egiten duela.

Gibeltasunarekin, zer oihartzun duzu Ibrahima Balderekin egin Miñan liburuaz?

Pixka bat harritua eta eskertua naiz izan duen zabalpenarekin. Hasieran ez zen liburu bat izateko ideiarik; Ibrahimaren asilo prozeduran pauso bat emateko lantxo bat bezala hasi genuen. Orduan, ez nuen batere jendeari begirako kalkulurik, ez bazen pertsona bati laguntzeko, eta kausa bati, nolazbait. Gero, behin liburua aterarik, zabalpen handia izan du, eta jasotzen ari naizen erreakzio horrekin izugarri eskertua naiz. Gero, zaila zait hunki duen jendearen erradiografia bat egitea. Dei egiten didaten irakurle taldeetan erran nezake adin bateko jendea izaten dela, orokorki. Askotan, emakumeak direla iduritzen zait euskal literaturaren inguruko irakurle taldeetan. Bestalde, eskola batzuetatik ere galdetu didate, eta hor gazte jendeak lantzen du, baina irakaslearen bidetik.

Euskal Herriko Txapelketarako sailkatzeko balioko du aurtengo bakarkako Xilabak. Zuk ez duzu horren beharrik, baina, aitzineko aldietan bezala, parte hartzea deliberatu duzu. Leialtasunez? Sustatzeko?

Duela lau urte kantatzeko deliberoa hartu nuen jadanik; sentitu nuen kantatu nahia eta beharra. Ulertzen dut Xilabaren funtzioetako bat dela Euskal Herriko Txapelketarako sailkapena, baina horren gainetik ikusten diot beste zentzu bat: lurraldeetako txapelketek badute ere lurralde horretako bertsogintzaren momentuko erakusgarri izatea, gazteetan bertsozaletasunaren lurra mugitzea, inarrostea. Alde horretatik, gure hiru probintzietako bertsogintzaren beharrei, eta batez ere errealitate linguistikoaren beharrei loturik, motibazio guztia dut ahal dena emateko, eta talde horretan parte hartzeko.

Eskolarteko txapelketan ikusi gazte batzuk eta taldekako Xilaban ari izan diren batzuk egin dute bakarkakorako jauzia. Nola aurre ikusten duzu aurtengo Xilaba?

Hasierako argazkiarekin kontent naiz, ikusiz jauzi bat eman dugula. Kuantitatiboki ere Xilaba badoa aitzinera, eta zabaltzen ari da. Bada hor, noski, bertso eskoletan egiten den urteetako lan luze baten emaitza; bestalde, taldekako Xilabaren apustuak ondorio bat badu, eta ikusi zen hortik bakarkakora motiba zitekeela jende gehiago. Ikusten dut gazte belaunaldi bat, lehen aldiz kantatuko duena bakarkako txapelketa batean, interesgarria, indartsua eta esperantza bat ematen didana Iparraldeko bertsogintzaren geroratzeari begira. Bestetik, helduen bertso eskoletatik lotu den jendeak ere prozesu interesgarria egin du, gure argazkia aberasten du, eta bertsogintzari anitz ekartzen dio. Beraz, hasi aitzin pozez eta esperantzaz bizi dut Xilaba honen argazkia; gero, harrapatuko gaitu fase izugarri bitxi baten erdian, eta ea pandemiaren kondizioek nola utziko duten Xilaba bururaino eramaten? Galdera hori denen buruan da.

Amets Arzallus bertsolariari elkarrizketa-
Amets Arzallus bertsolariari elkarrizketa-
Amets Arzallus bertsolariari elkarrizketa-
Amets Arzallus bertsolariari elkarrizketa-