AMAraun: "Zaintzaz eta bizitzaz ari garen uneotan, bada lan hori balioan jartzeko garaia"

AMAraun –

Bertsozale Elkartearen webgunetik.


Amatasunaren sarean bertsotan eta dantzan ikusiko ditugu Amalur Luluaga eta Oihana Iguaran AMAraun ikuskizunean. Apirilean eskaini zuten lehen emanaldia Amasa-Villabonako Gurea aretoan, eta aukera gehiago izango dira maiatzean Lanku Kultur Zerbitzuen eskutik. BertsoZalea berripapererako egin diegu elkarrizketa biei eta hemen duzu osorik.
 
AMAraun
 

– “Nire azken bi urteak ikusi ditut”; “Ukituta eta hunkituta”; “Indartsua eta magikoa”;… lehen emanaldia ikusi zutenen iritziak entzunda, konexio berezia sortu zela dirudi. Nola bizitu zenuten zuek?

Ba gu ere hitz horiek eta estreinaldian bizitakoak hunkituta jarraitzen dugu. Gai delikatua hartu genuen lanerako, intimotzat jo den arren politikotik asko duena, eta guretzat oso garrantzitsua zen jendeak nola hartuko zuen ikustea, hartuko ote zuen ere konprobatzea. Oholtzan ari ginela sentitu genuen publikoa hor, isiltasunetan, barreetan, txaloetan… ederra izan zen.

Konektatu izana bera da emaitza onena guretzat, eta azken egunetan jendea gerturatu zaigu, piztu zaion zerbait konpartitzera. Emanaldia sortzean sentitzen genuen eta estreinatuta berretsi dugu: elkarrizketa abiatzeko hari mutur bat dela AMAraun; jendeak heldu dio, eta oso pozik gaude.

Azken asteetan sorkuntzan eta teknikari dagokionean egon gara murgilduta, itsu eta honek, askotan, egiten ari zarenaren garrantziaz edo balioaz ahaztea dakar. Estreinaldiak hasieratik abiatu genuen prozesua biribildu du. Ilusio handia dugu hemendik aurrera ere etorriko denarekin.

– Amatasunaren eredu askotarikoak irudikatu nahi izan dituzue, baina emanaldiak iraupen jakin bat du: erraza egin zaizue zedarri horiek zehaztea? Emanaldian erakutsi nahi zenuten hori zer izango zen erabakitzea?

Zedarritzea derrigorra izan da, bai iraupenagatik eta bai hartzen den bide bakoitzak beste batzuk uztea dakarrelako. Zentzu horretan, gorputzari eman nahi genion garrantziak markatu du bidea: erditzea, erditze-ostea eta edoskitzea beste era batera irudikatu nahiak, horiek oholtzan gorpuzteko erabakiak amatasun biologikoan kokatu gaitu, esaterako.

“Arrakala horiek gorputzetik, hitzetik eta espaziotik ere eraiki nahi izan ditugu, amatasunaren alde intimoa, soziala eta politikoa ere ukituz”

Gero beharra sentitu dugu bestelako amatasunei ere aipamena eta aitortza egiteko emanaldian zehar, denak kabitzen ez direla jakin arren. Amatasunaren molde ideala hautsi beharra sentitu dugu, barruan kabitzen ez zaizkigun guztietatik abiatuta; baina ezinezkoa da. Pitzadura batzuk utzi ditugu bistan, eta espero zirrikitu horietatik arnasa sartzea gainerako bizipenei.

Arrakala horiek gorputzetik, hitzetik eta espaziotik ere eraiki nahi izan ditugu, amatasunaren alde intimoa, soziala eta politikoa ere ukituz. Bide posible bat erakusten da, beste bide posibleei esker dena bizigarri, eta ez itogarri.

 

AMAraun

 

– Gorputzak oholtzan garrantzia handia hartzen duen neurrian, amatasunak dakartzan eragin fisikoek ere lekua dute emanaldian. Amatasuna gorpuzteko ematen duen aukera da emanaldi honen punturik indartsuena?

Emanaldi honek puntu desberdinak ditu, eta norbera nondik datorren, desberdin ukituko du. Ama izan diren gehienek gorpuzte hori azpimarratu dute, hori geratu zaie iltzatuta. Gorputzean duen eragin hori esploratu nahi izan dugu, bai mugimenduz eta bai hotsez. Mugimendua eta mugimendu eza, arnas estua eta arnas etena.

Guretzat poza da emakume askok beren burua hor islatuta ikusi izana, orain arteko irudikapen eta errepresentazioetan ez baitugu guk ere identifikatzeko modukorik aurkitu.

Hori urrun bizi duten askok, ordea, beste puntu batzuk azpimarratu dituzte, eta ederra da.

Amatasunak dakartzan eragin fisikoen aurretik ere, gorputzaren eraldaketari lotuta emakume askok dituzten mamuak ere elkarbanatu nahi izan ditugu: emakume gisa gizartean ditugun exijentziak, ideal estetikoak, emakume perfektuaren ideia…

Egia da, baita ere, ahots zein gorputz bidez gorpuztea interpretazioa dela; hau da, ez da ahaztu behar oholtzan gaudela, eta ikuskizun bat izanik nolabait guztia koreografiatua dagoela.

– Lanku Kultur Zerbitzuek proposamena egin eta kafe baten bueltan gaiak amatasuna behar zuela izan argi ikusi zenuten. Behin abiapuntu hori hartuta eta gaian sakonduta, hasiera batean ez zenituzten gogoetak eta heldulekuak ekarri dizkizue prestaketak?

Biok behar genuen hausnarketa eta sakontzea, arrazoi desberdinengatik. Pertsonalki ere oso bide sendagarria izan da biontzat, asko elkarrizketatu dugu, irakurri, partekatu, ikusi, entzun… eta asko desikasi eta ikasi dugu elkarrekin. Bestelako ereduen bila aritu gara, eta aurkitzeko zailtasuna bera izan da lehen aurkikuntza.

Prestatu ahala ertz berriak atera dizkiogu abiapuntuko ideiari, horiek landu, eta azkenik nola errepresentatu… eta dena finkatuta ere, entseguz entsegu aurkitzen genuen mugitzen gintuen zerbait, eransteko zerbait, ñabardura berri bat. Eta ziurrenik osatzen jarraituko dugu bidea egin ahala.

“Gure buruak alaba gisa kokatu ditugu, gure amak berrirakurriz, euren ibilbidea berrikusiz, euren lana aitortuz, eurei arreta jarriz”

Gogoeta konpartitua izan da biona, eta orain jendeari zabaldu nahi diogu, euren esperientzia ere entzuteko. Hor osatzen da emanaldia, ikusleak jasotzen duen horretan. Eta era berean, hor hartzen du zentzua ere.

– “Ama izan ala ez izan”. Bidegurutze horretan ez dagoenarentzat ere hurbilpen interesgarria izan daiteke?

“Ama izan ala ez izan” bidegurutze gisa agertu nahi dugun hautu bat da, ze normalean ez da galdetzen: galdetzen da noiz, edo noizko. Eta bai ala ez horren barruan ere, gure buruari galdetu nahi diogu nola eta ze preziotan. Horrek emakumeoi zuzenean eragiten digu, ama izan zein ez. Baina emanaldia prestatzen ari ginela landu dugun bidean, gure buruak alaba gisa kokatu ditugu, gure amak berrirakurriz, euren ibilbidea berrikusiz, euren lana aitortuz, eurei arreta jarriz.

Guztiok dugu ama bat (gutxienez). Amatasuna jendarte osoaren zutarria da, denoi eragiten digu. Amatasuna, beraz, gai unibertsala da. Interesatu beharko litzaiguke gure inguruko amak nola dauden, eta gure amek nola bizi duten. Zaintzaz eta bizitzaz ari garen uneotan, bada lan hori balioan jartzeko garaia.

Adi hurrengo hitzorduei!

Maiatzak 14 :: Zizurkil
Maiatzak 20 :: Arrigorriaga
Maiatzak 22 :: Anoeta
Ekainak 17 :: Munitibar

AMAraun AMAraun AMAraun AMAraun