Amaia Agirre: "Niretzat konpartitze hutsa erabat aberasgarria da"
Amaia Agirre –
Amaia Agirre elkarrizketatu du Eneritz Maiz Etxarrik, Tolosaldeko atarian.
Gaur, Amaia Agirrek, Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean ‘Saio-formatuen inertziak’ hitzaldia emango du, Bertsolamintza jardunaldien barruan.
Zeintzuk dira hitzaldian jorratuko dituzun inertziak?
Gai jartzaile ikuspegia eta bertsolari ikuspegia, biak uztartzen saiatuko naiz. Bertso saioaren eskaletan, egituran edo formatuan, bertsolariarengan nola eragin dezakeen gai jartzaileen aukerak eta inertziak, eta era berean, bertsolariaren lekutik gai jartzailearen inertzia horiek saio batean edo beraiengan nola eragiten duten.
Zein mezu eman nahi duzu?
Nik nire esperientzia kontatuz, hausnarketarako balioko luketen galdera ikur batzuk airean uztea da lortu nahiko nukeena. Autokritika ere egin nahiko nuke, bai gai jartzaile lekutik eta baita bertsolari lekutik ere. Kritika konstruktiboa esango nuke, hau da, badaude gauza batzuk nire ustez hobetu daitezkeenak. Askotan, oraindik ere, nahiz eta gai jartzailea izan entzulearen eta bertsolariaren arteko zubi lana egiten duena, askotan zubi lan hori falta da bertsolarion eta gai jartzaileon artean.
Ildo horri tira nahiko nioke. Inertziak izango da abiapuntua, baina gero, ildo nagusia gai jartzaile eta bertsolarion arteko zubi lan hori nola sendotu eta nola indartu daitekeen izango da. Hor gabeziak ikusten ditut, eta elkarri nola eragiten diogun izango da helburu nagusia. Inertziak abiapuntu hartuta, inertzia horiek zertan eragiten duten gure arteko harremanean.
Berrikuntza beharra ikusten duzu?
Bertso saio baten puzzlea nahiko itxia dela esango nuke. Mugimendu askotarako aukerarik ez dago, baina badaude aukerak. Bakoitzak zein arrisku hartu nahi dituen, eta arrisku horiek zein ondorio ekar ditzaketen neurtu behar du. Nik uste dut badagoela zer aldatua, baina konpartitua izan behar duela iruditzen zait. Berritzaileak bai, baina oraindik ere kontserbadoreak bagarela uste dut. Oraindik ere, plaza askok, egitura hori oinarri hartuta, hori eskatzen dute. Nik tematika aldetik ikusten dut aldaketa errazagoa, egituratik baino.
Garrantzitsuak dira Bertsolamintza moduko jardunaldiak?
Aberasgarria dela iruditzen zait. Bereziki, arlo ezberdinetan gabiltzanok edo zerbait landu dugunok paperean jartzeko gure ideiak; eta hausnarketarako bidea emateko eta konpartitzeko. Bestela, askotan, bakoitza bere lanean ari da eta, esaterako, gai jartzailetza oso-oso lan bakartia da txapelketatik kanpora. Honek ematen du bidea, buruan bueltaka darabilzkigun ideiak, zalantzak eta beldurrak plazaratzeko eta konpartitzeko.
Niri besteen testuek eta iritziek on egiten didaten moduan, espero, nik ere norbaiti pistaren bat edo ematea, edota kontrako iritziren bat emateko bidea irekitzea, ikuspegi ezberdin bat azaltzeko. Niretzat konpartitze hutsa erabat aberasgarria da.