“Altu kanteu!”

“Altu kanteu!” –

Leire Vargas Nietok Anboto hedabidean.


 

“Altu kanteu!”

 

Ez dut garbi oroitzen “altu kantatzeko” esan zidaten lehen aldia. Bertso eskolako bigarren eguna edo izango zen. Gogoan dut, alabaina, hark utzi zidan zapore mikatza. Kantukideei zuzendua ere entzun izan dut eta beti utzi dit buruan bueltaka ibili zaidan arrastoa, ustezko aholkua aldebiko aiztoa izaki: alde batetik, zentzuzkoa da, izan ere, indargarria da arreta geureganatzeko era hori, eta entzuleak, inkontzienteki bada ere, segurtasun itxura ematen duenaren aurrean txalo jotzeko erraztasuna duela esango nuke. Gainera, norberak plazan dagoela hartzen duen gorpuzkerak, gure pausoaren pisuak, geure buruaren aurrean ere berresten du espazio hori hartzeko dugun eskubidea eta korrika alde egiteko dioskun barne boztxoa eman dezake.

Bestalde, nago aholku horrek bigarren zentzu bat hartzen duela arauzko bertsolari moldean sartzen ez diren gorputzei botatakoan, altu kantatzeko baimenik eman ez zaigunoi eta isilarazitako ahotsen oinordetza lepoan daramagunoi. Asimilazio ariketa izan daiteke ozen abesten saiatzea, bertsolaritza tradizionalera hurbiltzeko urratsa, kantari klase bakarra onartzen duena: gizon hegemonikoa, zeinaren ahotsa mikro barik ere entzungo den. Honek bazter uzten du, ordea, badaudela potentzia horrekin kantatzeko ezgai diren ahotsak, arrazoi ezberdinak medio.

Erraza da gogoratzea duela 50 urte ezinezkoa litzatekeela gaur plazan dabiltzan askorentzako bertsolari izatea; logikoa da ondorioa. Orain, ordea, zorionez, baditugu baliabideak beste ahots batzuk entzun daitezen edozein formako plazetan. Ahotsik indartsuenak ere ez luke areto handi batean bere kantua entzuterik lortuko, baina soinu ekipoek konpondu dute hori. Era berean, ez da “tranpa” ozen abesteko erraztasunik ez duenari mikroaren bolumena igotzea, adibidez. Betiko ohituretan kabitzen ez diren gorputzei molde horietan sartzeko eskatzean dago tranpa: zabalik uzten da atea, haren formak jende kategoria baten sarbidea baino baimentzen ez duela kontuan hartu barik. Eta are mingarriagoa da hori, arazoa guk geuk daukagula pentsatzera baikaramatza atearen markoarekin talka egiten dugunok. Benetako aukera berdintasuna edozein ahotsek plazan egoterik izan dezan beharrezko baliabideak eskaintzean datza. Hori ez dago, ordea, tradizioa apurtuz oholtzara igotzen garenon esku soilik.

“Altu kanteu!”