Aldaketa publikoan gertatu da

Aldaketa publikoan gertatu da –

Gorka Erostarbek egindako elkarrizketa, Berrian. Normalean bertsolaritzarekin lotura zuzena daukaten testuak ekartzen ditugu hona, kasu honetan ez bezala; baina Igor Elortzak proposatuko ikuspuntua kontutan hartuta, begirada aldatzen da. 

 

……………………………………………………………………………………………..

UDAKO SERIEA EGUNGO EUSKAL MUSIKAREN ERRADIOGRAFIA BAT (II). MAHAI INGURUA.

«Aldaketa publikoan gertatu da»

 

Formulazio zaharrak agortu dira. Kezka eta gatazka berriak azaldu dira gizartean; feminismotik etor daiteke hurrengo prozesu eraldatzailea musikan ere, solaskideen iritzian.
 
Aldaketa publikoan gertatu da
Arg: Gorka Rubio
 
Ez da kasualitatea: azken 60 urteetako euskal musikaren eta gizarte bilakaeraren arteko lotura aztertzen duten bi tesi liburu agertu ziren iaz: Ion Andoni del Amoren Party & Borroka. Jóvenes, músicas y conflictos en Euskadi eta Josu Larrinagaren Euskal musika kosmikoak. Ez da kasualitatea, halaber, «euskal musikagintzaren iraganari, orainari eta geroari buruzko hausnarketa kolektiboa» bilatzeko asmoz Entzunaldizkariak Aho bete doinu 2 liburua ere iaz plazaratu izana, lehen zenbakia atera eta hamabost urte geroago. Badago garai garrantzitsu bat bizi izatearen sentsazioa, bai gizartean, baita musikaren esparruan ere. Badago atzekoa begiratu eta ulertuz egungoaren joera eta giltza batzuk irakurtzen hasteko premia ere. Gizartean, etengabeak izaten dira aldaketak; baina aldi batzuetan besteetan baino bortitzago eta azkarrago gertatzen dira. Musikaren eremuan ere aldaketak etengabeak izaten dira, baina batzuetan besteetan baino nabarmenagoak. Hiru solaskideak, Ion Andoni del Amo EHUko irakasle eta ikerlaria, Leire Lopez Ziluaga DBHko irakasle eta Joxemi Zumalabe fundazioko kidea eta Imanol Ubeda musikari eta kazetaria ados dira musikak gizarte aldaketei jarraitu eta erantzuten diela gehienetan, eta ez alderantziz. Haiei erantzuten ari al da euskal musika? Inoiz baino askotarikoagoa eta aberatsagoa dela diote gehientsuenek, eszena asko dituela. Mugimendu eraldatzaile kolektibo bat eskatzen duten ahotsak ere ez dira gutxi. 

Behar du euskal musikak prozesu eraldatzaile bat, Ez Dok Amairu berri bat, zenbaitek aldika dioen moduan? Edo prozesu hori gertatzen ari da nahiz eta ez izan modu antolatuan?

IMANOL UBEDA (I.U.): Ez dudana ulertzen da zer eskatzen den Ez Dok Amairu berri bat aktibatzeko eskatzen denean. Uste dut Benitori [Lertxundi] irakurri niola BERRIAn hori esaten, baina uste dut Euskal Herriaren independentziaren ideiarekin lotua zihoala, zentzu ideologiko-identitario batean. Beste galdera batekin erantzungo dut nik: zein zentzutan aldarrikatzen da Ez Dok Amairu berri bat? Arazo identitario bategatik da, edo eszena irauli nahi dutelako?

LEIRE LOPEZ ZILUAGA (L.L.Z.): Uste dut bereziki Ez Dok Amairuren inguruan daukagula obsesio bat. Ez dakit zeren falta sumatzen den Ez Dok Amairutik. Zer berreskuratu nahi dugu? Ez baita inoiz zehazten. Ez Dok Amairu da fenomeno bat oso momentu jakin batean pasatu zena, diktadura sasoi batean, euskal kultura eta hizkuntza oso egoera makalean zirenean. Asmo batekin sortu zen taldea. RRV oso fenomeno diferentea da. Horrelako beste zerbait sortzeko, uste dut kataklismo bat pasatu beharko zela gizartean ere. Ez dut uste horretatik pasatzeko prest gaudenik. Iragan mitiko baten kontakizuna daukagu. Ez dakit zer gustatzen zaigun iragan mitiko horretatik: euskaldun guztiak elkarrekin egon ginela?… Oso momentu diferentean bizi gara.

ION ANDONI DEL AMO (I.A.A.): Benitok [Lertxundi] aspalditik esan izan du hori, baina nik nostalgia edo, are, malenkonia ikusten dut hor. Galdutako garai edo aro bat berreskuratzearena. Ziur asko, sentsibilitate berri bat martxan dabil. Kulturaren rola aldatu egin da urte hauetan guztietan, eta, ziur asko, kultura ez da hain potentea gauzak eraldatzeko, eta, are, ez litzateke ona izango. Estetizazio prozesu huts bilaka liteke, eta fetitxizazio prozesu bat. Hori ari da gertatzen iraganeko obsesio hauekin ere.

Sentsibilitate berri bat ari da azaltzen, hortaz… 

I.A.A.: Estetika berriak ari dira agertzen, bai. Igual, gaur egun arte heldu dira Ez Dok Amairu eta RRVren hondarrak, eta jada agortu dira. Baina aldaketa estetikoak ez dira nahiko: eduki politiko eta kulturalak ere behar dira. Euskal kulturaren definizio jakin bat ere bai. Dena batera egotea nahi dugu. Hori zen garai bateko produktua, eta gaur egun ez dakit posible den, ezta ona den ere.

L.L.Z.: Euskal musika ez da izan inoiz zerbait homogeneoa. Ez Dok Amairu egon zenean, beste gauza asko izan zen handik kanpo. RRV izan zenean, beste gauza asko izan zen handik kanpo. Irakurketak egiten direnean mugimendu jakin batzuetan zentratuta, kanpoan uzten dugu beste gauza mordo bat. Eta gauza horiek ez ziren gauza txikiak, gainera. Gauza konkretuei begiratuta, ondorio interesgarri gehiago aterako dugu gauzak modu orokor eta unitarioan begiratuta baino. Akaso, aztertu behar da zer pasatu den hip-hop mugimenduan. Edo elektronikan. Musika eskolak bogako daude; horrek aldaketarik ekarri du? Fenomeno konkretuari begiratu, eta ez euskalduntasun orokor batetik musika aztertu. Ziur asko, prozesu eraldatzaileak ari dira gertatzen, baina txikiak izango dira.

Nondik gertatzen ari dira mugimendu eraldatzaile horiek? 

I.U.: Nik ez dakit mugimendu eraldatzaile bat gertatzen ari den. Gertatzen ari bada, segur aski ez nintzateke enteratuko ere, baina oraingoz ez dut ikusten. Ez da ezer txarra hori ere. Musika mugimenduak ere gizarte errealitate baten adierazgarri dira. Eta oraingo garai hau da dena, eta musikariek, kantariek garai horri abesten diote.

I.A.A.: Askotan, ematen du alderantziz ari garela: sortuko dugu mugimendu kultural bat, gero mugimendu sozial bat sortzeko. Eta gauzak, normalean, alderantziz dira, edo, gehienera ere, batera gertatzen dira. Bai Ez Dok Amairuk eta bai RRVk lotura handia izan zuten kanpoan gertatzen zenarekin. Katalunian, Frantzian, Hego Amerikan ere kantautoreen mugimendua izan zen, eta oso lotuta zegoen aldarrikapen sozialekin eta politikoekin. Aurreko protesta mugimenduetan, ereserkiak egon ziren; oraingoek ez dute soinu bandarik. Ziur asko, fase berri batean gaude, baina ez mugimendu berri batean…

Zein ezaugarri ditu fase berri horrek musikalki? Ados al zaudete fase honek ez duela soinu bandarik?

I.U.: Ez dakit ikono berririk dagoen, edo etiketa berririk osatzeko adina ezaugarririk. Niri kosta egiten zait ikustea. Baina, esaterako, bazait adierazgarria euskal kantagintzan lehen aldiz hiru belaunaldi dabiltzala kantari elkarrekin. Niri iruditzen zait hori ez dela aurretik gertatu. Benito Lertxundik kantari jarraitzen du, eta adinez haren iloba izan liteke Izaro. Eta tartean gaude beste mordo bat. Hiru belaunaldi gaude kantuan. Eta bere sinpletasunean oso adierazgarria da, oparotasun baten adierazgarri. Ikustea oraindik Anje Duhalde eta Niko Etxart zuzenean eta txukun, eta ikustea gazte batzuk beste motxila batzuk gabe datozenak. Ez dakit nola izendatu behar den hori; izendatu beharrik ere ez dago…

I.A.A.: Ziur asko, fase honetan ezin dira homogeneizatu ez motibazioak, ez erantzunak, ez estetikak. Eta hori, ziur asko, abantaila izango da. Aurreko garaietan, gauza asko sartu ziren euskal musikaren motxilan, eta sartu behar ziren. Konpromiso bat egon behar zen hizkuntzarekin, Euskal Herriko gatazkekin, pluralean esanda, eta estilo eta estetika jakin batzuekin. Ziur asko, motxila hori kendu da, eta askatasun handiagoa dago gauza diferenteak egiteko; musika bera bizitzeko modua ere desberdina da. Lehen, konpromisoa azaldu behar zen musikarekin, eta, orain, modu lasaiago batean bizi da. Gauzak adierazteko badaude beste bide batzuk. Musikak ez ditu hainbeste gauza kondentsatzen.

I.U.: 

Lehen, katalizadore handi bat zen musika. Orain, globalizazioaren eta Interneten garaiotan, dibertsifikazio izugarri bat ekarri du aisialdian. Uste dut musikak berak, kantagintzak berak galdu egin duela indarra. Pisua galdu du.

Zenbaitek dio, aurreko mugimenduekin alderatuz, kontzientzia kolektiboan galdu dena aniztasunean eta kalitatean irabazi dela. Hala uste duzue?

I.A.A.: Egon badago kontzientzia, baina ez dago musikaren bidetik adierazteko beharrik.

L.L.Z.: Aniztasuna da agertoki gainean egotea soilik mutil zuri heteroak? Aniztasunaren gainean hitz egiten dugunean, hitz egin genezake horretaz ere… Hor gauza batzuk aldatzen ari dira, baina beste batzuk, ez horrenbeste. Kalitatean irabazi da? Ez dut uste. Sasoi guztietan egon dira kalitatezko musikariak, mugimenduen barruan eta handik kanpo.

I.A.A.: Formakuntza aldetik baliteke prestatuagoak izatea…

L.L.Z.: Bai, gauza bat da teknika aldetik prestatuago daudela, eta beste gauza bat da kalitatea. Ematen du lehengo musikariek ez zutela teknikarik.

I.U.: Entzuten dituzu M-ak-en diskoak, eta konturatzen zara zein ondo gainditu duten denboraren langa. Edo Juan Carlos Perezenak… 

I.A.A.: Agertokiek bai, irabazi dute kalitatean; kafe antzokiak, esaterako…

I.U.: Publikoa izatea falta da. Bueno, publikoa badago, baina…

I.A.A.: Egia da geroz eta jende gutxiago joaten dela kontzertuetara, eta joaten dena geroz eta helduagoa dela. Kontzertuetara diot, ez jaialdietara…

L.L.Z.: Bueno, segun. Ni trap kontzertuetan egon naiz azkenaldian, eta helduena neu izan naiz. Izugarria da zer-nolako jarraipena daukan nire ikasleen artean ere. Gauzak pasatzen ari dira gazteen artean, baina gure fokutik kanpo daude. Ez gara enteratzen. Egungo gazteek badituzte euren kezkak eta kontzientzia, jakina. Zarauzko gaztetxean punk taldeak pasatzen dira sarri, eta badago eszena bat. Traparen inguruan, berdin. Elektronikaren inguruan sekulako eszena sortzen ari da… Hor, adibidez, bada aldaketa bat: Las Tea Partyk musika jartzea txosnetan eta jende andana biltzea. 20 urte nituenean, Gernikako txosnetan pintxatu nuen; oso gauza arruntak ziren, baina jendeak sekulakoak esaten zizkidan, onerako zein txarrerako. Hor aldatu gara [kar, kar…], baina jende gaztea mugitzen da; esaterako, feminismoaren inguruan kontzertu mordo bat antolatzen da, eta neska gazte asko biltzen da. LGTB mugimendutik ere ikusten dut etorriko direla gauzak. Nire ikasleen ehuneko handi bat arrazaren marka ezarri dieten pertsonak dira; horiek ere hasiko dira musika euskaraz egiten. Eta hori ez badago, zerbait txarto egiten ariko gara.

Feminismoak eragin dezake, musikan ere, prozesu eraldatzaile bat?

I.U.: Nik uste dut baietz, feminismoaren gaia zentralitate bat hartzen ari dela. Ez dakit zertan geratuko den, baina uste dut hor badaudela osagaiak esateko badagoela mugimendu bat, eta eraldatzera datorrena gainera.

I.A.A.: Ez dago hainbeste musikari emakumezko oraindik, e! Egia da punkak eta rockak oso estetika eta jarrera matxiruloa eduki dutela, eta kosta egiten da horri buelta ematen. Pop musikan mugitu da zerbait, eta beste eremu batzuetan ere bai. Baina elektronikan ere, kosta egiten da. Las Tea Party bai, baina ia bakarrak dira…

I.U.: Ez nuen esaten artisten izenengatik, egon badauden edo ez, baizik eta gai hori oso latente dagoela, eta diskurtso batzuk ari direla azaltzen, eta humus horretatik sortuko direla proposamen artistikoak.

L.L.Z.: Nik uste dut gauzak asko hobetu daitezkeela. Oraindik ere, programatzen diren talderik gehienak gizonen taldeak dira. Eta oraindik ere, batez ere, gizonek osatutako taldeen inguruan idazten da. Baina uste dut azken bost urteetan badagoela aldaketa bat. Ez horrenbeste erreferentzialtasunaren kontuan. Nire ustez, Anariri, Mursegori, Miren Napokari bakarrik begiratzen badiegu, gauza handi bat galtzen ari gara. Eta uste dut horretan zentratzeak beste gauza asko tapatzen dituela. Azken bost urteetan, lehen entzuten ez ziren diskurtsoak sartu dira: horrelako aldaketak ez dira derrepentean pasatzen, baizik eta zerbaiti lotuta joan ohi dira. Mugimendu feministari esker da hori: gauzak egiten ari da Euskal Herrian, eta hori nabaritzen da. Musikazale feministek ekinaldi asko jarri dituzte martxan: EmaRock, Meffst, nesken gaua… Oso jarraipen txikia egiten zaie. Igual ez dira denak bereziki musikazaleak, baina hor jende pilo bat mugitzen da. Jabekuntza eskoletan rap ikastaroak egiten dira emakumeentzat. Musika eskoletan emakume asko dago. Gauza asko pasatzen ari dira. Beste gauza bat da horrelako prozesuei begiratzen ari garen, edo emakume izen batzuei bakarrik ari garen begiratzen. Beharrezkoa da horrelako prozesuak ikusgai egitea.

Garai batean baino emakume erreferente gehiago izateak ez dio bultzada ematen prozesu horri? 

L.L.Z.: Bai, jakina, eta beharrezkoak dira erreferentzia horiek, baina esan nahi dudana da gizonezko erreferenteek ez dituztela hainbeste estaltzen beste gizonezko batzuen proposamenak. Esaterako, maioritarioa izan gabe, Balerdi Balerdik disko bat ateratzen du, eta horren inguruan artikulu bat aterako da, baina Pottors ta Klitok atera zuenean ez dakit zer-nolako jarraipena izan zuen…

Hizkuntzari dagokionez, RRVn gaztelania izan zen nagusi, argi eta garbi ; 1990eko hamarkadan, ingelesarekiko lilura azaldu zen. Gaur egun ere hor dago zenbait taldetan.

I.A.A.: Egun ez da sentitzen euskararen behar hori, angustia hori. Lehen, konpromisoa beharrezkoa zen, hizkuntza galtzen ari zelako. Orain, neurri batean, ziurtatutzat ematen da euskarak iraungo duela. Aurreko hamarkadetako musika euskaraz izan da, erregistro estetiko batekin; pisu handiagoa hartu zuen hizkuntzak, eta sartu ziren bertsolariak eta idazleak hitzak egitera… Neurri batean, haustura estetiko hori ematen du ingelesak, eta, bestalde, ezer ez esateko erraztasun gehiago ere bai [barreak]. Abestiei pisua kentzeko. Garai batean, karga handiegia hartu zuen euskarazko kantuak, eta haustura bat izan da; haustura hori ez da modu dramatikoan bizi.

Gehiegizko pisua hartu zuen euskarazko kantuak, bai?

I.U.: 60-70eko urteetan, hil edo biziko afera zen: euskara hilurren zegoen. Eta gu gure gurasoen seme-alabak gara. Guk jaso egin dugu hori. Niri gustatuko litzaidake euskararekiko harremana naturalagoa izatea, edo ez hain kargatua. Baina, hain zuzen ere, uste dut belaunaldi berrietan hori gertatzen ari dela. Badok.eus-en sartzen zara, eta ikusten duzu euskaraz asko abesten dela, inoiz baino gehiago. 13-14 urteko gazte batek baditu erreferentziak euskaraz, nahiko hurbilak, gainera. Berri Txarrak gustatzen bazaie, ziur asko euskaraz egingo dute rocka.

L.L.Z.: Hori da. Egunerokoa euskaraz bizi duen zenbat jende ari da ingelesez kantatzen? We Are Standardekoak euskaraz bizi dira egunerokoan. Zein dira? Audience, Izaro, Belako…? 

I.U.: Egia da oihartzuna duten batzuek badutela joera hori, baina nik uste dut euskaraz asko abesten dela.

L.L.Z.: Ez Dok Amairu euskaraz izan zen, baina hortik kanpo ere gaztelaniaz egon ziren gauzak. Baina horrek ez digu arazorik eragiten, garbi dagoelako Mocedades bat gugandik kanpo dagoela. Euskal musika zer den eta ez den eztabaidatzen hasten garenean sortzen dira arazoak. Cancer Moonek eta Los Bichosek ingelesez egiten zuten, baina euskara erabat arrotza zitzaien. Noiz mugitzen gaitu gaiak? Audiencek edo Belakok edo Izarok ingelesez egiten dutenean. Badaukagu euskal musikaren irudi bat, lehenaldi mitiko batekin lotua, gauzak ondo egiten ziren sasoi batekin… Hala ere, uste dut euskaraz dakiten taldeek euskaraz egiten dutela.

I.A.A.: Ados nago. Euskal musikaren definizioarekin dago arazoa, eta, oro har, euskal kulturaren definizio batekin, Ez Dok Amairutik datorrenarekin. Buelta pare bat eman behar dizkiogu horri. Batzuentzat, Kortatu ez da euskal musika…

L.L.Z.: Niri arazoa iruditzen zaidana da Kortatu euskal musikatzat hartzea eta La Oreja De Van Gogh ez hartzea. Esaten badidazu euskal musika dela euskaraz egiten dena, ba, ulertzen dut zertaz ari garen. Nik neuk ez daukat definiziorik. Baina horrelako debateak interesgarriak dira…

I.U.: Niretzat, euskaraz egiten dena da euskal musika, baina ez dut horregatik epaitzen. Falta zaiguna da hedonismoa, eta zenbait gauzari karga kentzea…

Hain zuzen ere, ez al du ekarri belaunaldi berriak umore irreberentetik gehiago? 

I.U.: Adibideak beharko nituzke…

Oraintsu atera du Kepa Matxainek Argia-n Bizi luzea Post Pum-ari izeneko artikulua. Kau Kori Kura, Ttun Ttun Brigade, Gorpuzkings eta Zazkel aipatzen ditu besteak beste. Umoretik ere dezente dute Mursegoren eta Drumkoptersen emanaldiek, batzuk aipatzearren.

L.L.Z.: Baina 80ko hamarkadan eta RRVn ere irreberenteak ziren.

I.A.A:RRVn ere tarte handia zuen umoreak. Euskal Kantagintza Berria bazen oso solemnea eta abar, baina RRVk apurtu zuen horrekin, modu oso kontziente batean.

Baina, gerora berriro, transzendentziarako joera ez al zen nagusitu 1990eko hamarraldian? Grungea eta nihilismoa… Eta joera ilunago horiek ez al dira apurtuz joan azken urteetan? 

I.A.A: Nik uste dut egun umore gutxi dagoela musikagintzan, gehiago beharko litzatekeela. Umorea eta irreberentzia bazen RRVren ezaugarri bat, eta neurri batean kantugileen kontrakoa. Euskaraz egindako musika oso serioa izan da, eta hala da oraindik ere.

L.L.Z.: 80ko hamarkadan umorea egon zela, bai, eta orain igual 1990eko urteetatik aurrera baino gehixeago dagoela, hori ere bai.

I.A.A.: Publikoan ondo pasatzeko gogo handiagoa dago, hori bai…

I.U: Egiten dugun musika garaiarekin doa loturik ezinbestean. Zu posizio batetik ari zara musika egiten, eta, esaterako, 1990eko garaiak oso gogorrak izan ziren, sozialki, politikoki, eta agian horretan askatze bat egon da….

L.L.Z. Baina 80ko hamarkada ere bazen oso gogorra, eta RRV nahiko hedonista izan zen. Halakoak askotan topikoak dira, eta justifikazioak, esateko ez zela egiten hau eta beste… Ematen du Euskal Herrian bakarrik egon dela gatazka potente bat…

I.U.: Baina ari gara zein musikak zeukan zentralitatea, eta 80ko hamarkadan RRVk zuen; 90eko urteetan, euskarazko rock musikak, metalak, hardcoreak…

Baina, 90eko hamarkadatik egungora, zerbait aldatu da. ETAren armagabetzeak eta gatazkaren leuntzeak izan dezake zerikusirik horretan?

L.L.Z.: Bai, baina, segur aski, bi prozesuak paraleloak dira. Agortze biak aldi berean pasatzen dira, politiko-soziala eta estetika musikalarena. Hor agortze bat dago, neke bat dago… musika bihurtu zelako zerbait aurreikusteko modukoa, eta bazenekien zer izango zen, eta hitzak nondik joango ziren… Niretzat, aldaketa ez da hainbeste musikala izan, edo estilo aldetik… gizartean ari dira gauzak aldatzen. Aldaketa publikoan gertatu da batez ere.

I.A.A.: Ziur asko, gatazkaren amaierak ere izan du zerikusirik, baina aldaketa gogo hori aurretik zetorren.

Forma aldetik ez dabiltza askeago egungo musikariak?

L.L.Z: Euskal musikaren figura kanonikoena Mikel Laboa da, eta hark ildo oso bat markatu zuen forma askeen aldetik, eta 1980ko urteetan M-ak eta Anjel Katarainek nola egiten zituzten gauzak. Beste gauza bat da zein eragin izan zuten gizartean. Edo, gero, Akauzaztek egin duen ibilbidea 25 urtez. Eta Beñat Axiarik 1970eko hamarkadatik, edo Artze anaiek… Hor badago hasieratik ildo bat esperimentazioarekin zerikusia daukana.Arto Artian indarrean zegoenean ere, Tzesne, Xabier Erkizia… Nik uste dut zerbait gertatu bada izan dela esperimentazio hori pop musikan txertatu dela. Pop musikan izan dela aldaketa hori: Mursego, Irazoki eta abarretan. Eta prest gaudela pop musikan bestelako soinu batzuk entzuteko ere. Ingurune batzuetan, esperimentazio joera horiek orain gehiago onartzen dira. Hala ere, oraindik ez dakit zenbat jenderengana iristen den haien proposamena.

Aldaketa publikoan gertatu da