Alaia Martin Etxebeste: "Oka egiteko modu ederra da poesia!"

Oka egiteko modu ederra da poesia! –

Uberan.eus ataritik.


Alaia Martin Etxebestek enkargu bitxia jaso zuen aurtengo udaberrian,  Amets Badiola Rubio eta Zazpi T’erdi ekoiztetxeko kideekin batera, Eztena arte eszenikoen jaialdiaren eskutik: hiru laborategi eszenikoren -eta haien emaitza izango ziren emanaldien- lekuko izatea, eta horien kronika libre eta kreatibo bat egitea. Alaiaren kasuan Leihoen afasia liburua da emaitza, egilearen testuez eta argazkiez osatua. Sailkatzen zaila den liburua honakoa, Alaia Martin Etxebesteren gogoetekin, poemekin eta kronikekin osatua. Antzerki esperientziaz harago, bizitzaz ari den liburu bat.

Oka egiteko modu ederra da poesia!

Eztena jaialdiaren enkarguz idatzi duzu Leihoen afasia, hiru antzerki prozesuren kronika libre eta poetikoa. Hiru laborategien jarraipena egin zenuen egunez egun; bizitakoa transformatu eta Leihoen afasia sortu da, tarteka kronikara gerturatzen den liburua, tarteka poesia liburu bilakatzen dena… Prozesuan zinen bitartean imajinatzen zenuen zure lanak forma hau hartuko zuenik?

Hiru prozesuen begirale nintzen bitartean ahalegin berezia egin nuen gero zegokidan lanean gehiegi ez pentsatzeko. Ahalik eta osoen eta garbien jaso nahi nuen gertatzen ari zena, zentzumen guztiekin eta bizitzen ari nintzen horretan ahalik eta gutxien esku hartuz, epaituz eta eraginez. Bizipen bezala gozatu nahi nuen, harritu, ezeroso sentitu, liluratu, ikasi, zalantzan jarri eta denbora pixka bat pasatakoan buruan eta azalean zer geratzen zitzaidan ikusi eta horretatik eraiki eta aukeratu. Horrela planteatu nuen hasieratik ariketa eta ez nuen kronika egiteko modua zehazteko beharrik sentitu ordenagailuaren aurrean eseri nintzen arte. Hiru laborategiak oso ezberdinak ziren elkarren artean eta Aldarri-ren eta Eraikitzen gaituzten hitzak-en kasuan, batik bat, prozesuak ez ziren emaitza izango zenaren lagin argiak, gehiago ziren arakatze ariketak, beraz nahiago izan nuen bizipen osoa bizi arte itxaron, sentsazioetatik intuizioetara eta intuizioetatik erabaki praktikoagoetara pausua emateko.

Eztenako kideek “libre” jokatzeko esan omen zizuten, sortze prozesuak esperimentalak izan ziren heinean kronika hauen izaera librea izan behar zuela. Ahotseneako aurkezpenean aipatu zenuen, umorez, “libre” hitza izan daitekeela opari bat, edo guztiz kontrakoa… nolako ariketa izan da zuretzat?

Libre aritzeko aukera eskaini zidan Eztenako lantaldeak eta niretzat poz handia izan zen hori, ilusioz hartu nuen eta eskuzabaltasun eta konfiantza ariketa ederra iruditu zitzaidan haien aldetik. Koaderno bat erabili nuen aste horietan zehar batetik-bestera eta poz-pozik gehitzen nituen oharretan izartxoak, geziak, marrazkiak, azpimarrak… eta ilusioa egiten zidan zoramen hura begiratzeak, zoramen desordenatu eta lauso samar hura gainbegiratzeak. Horrez gain, astintzen ninduten uneak gordetzeko bideo batzuk ere grabatu nituen, gerora sentsazio haiek birbizitzeko tresna gisa eta mila argazkitik gora atera nituen, gertatutakoak berrirakurtzeko. Amaitu zenean oso aseta sentitu nintzen, asko, askorekin eta askorako bizi izanaren sentipen enkriptatu samar batekin, baina jakinmin horren pozez.

Uztaila erdialdean, bi aste igarotakoan, koadernoa hartu eta ordenagailuari gertatutakoa kontatzen hasi nintzaionean hasi zen bertigoa. Batetik, fidela izan nahi nuen laborategiko obrekin eta partaideekin, bestetik oreka mantendu beharra sentitzen nuen obra bakoitzaren eta partaide bakoitzaren artean eta bestetik, estilistikoki edo formatuari zegokionean koherentzia exijitzen nion liburuari. Ardura handia sentitu nuen, hain ederra eta zabala izan zena behar bezain zehatz kontatzeko ardura. Horregatik eta distantzia apur bat berreskuratzeko, koadernoaren hustuketa egin ondoren beste aste bat hartu nuen ardura horri beste dimentsio bat eman ahal izateko. Argien Aldarriren planteamendua ikusten nuen eta poemak idazten hasi nintzen, Oreretako kaleetan gorpuztu zituzten ekintzak eta pertsonaiak protagonista bihurtuz. La Mirada/Begiradaren kasuan ohartu nintzen oso barne-eremu intimoan kokatzen nindutela partaideen gogoeta interesgarriek eta beraiekin, banaka, gustura hitz egingo nukeela gai horiei guztiei buruz, publikorik gabe. Nahi horrekiko zintzotasunez, banaka erantzun nien, ustez haiek esan zutenari ustez nik esango niekeena gehituz. Eraikitzen gaituzten hitzak lanaren kasuan, fikzionatzeko barne-muga gehiago sumatzen nizkion nire buruari eta kosta egiten zitzaidan laborategiko bi familiak errealitatetik erauztea; ez nintzen ausartzen. Horregatik erabaki nuen zuzenean haiengana jotzea. Horman Poster konpainiako Matxalen eta Igorri eta euren alaba Liliri bizipen hura laburtzeko hitz bana eskatu nien eta bertso bihurtu nuen eta Ugartemendia-Ausin familiako lau kideekin hitzordua jarri nuen abuztuan, interesgarriena eurek euren ahotik errealitate fikzionatua nola bizi izan zuten kontatzea zela iritzita. Behin hori egindakoan eta hori errepresentatu izanaren lasaitasunarekin, familia-loturei buruzko eta euren antzezlanarekin lotutako beste zenbait poema sortu zitzaizkidan. Ariketa askea izan delako izan da hain gozagarria baina kosta egin zitzaidan hasieran norentzat eta zertarako ari nintzen erabakitzea, lizentziak hartu edo uzteko.

Zerk harritu zintuen gehien hiru laborategietatik (bakoitzetik, edo esperientziatik oro har). Zer sentitzen duzu ikasi duzula haietan?

Ausardiak harritu nau edo erakarri nau gehien. Bultzatzaileen, zuzendarien eta aktoreen ausardiak eta garapenak. Aldarrik Orereta gehiago maitatzen lagundu dit, baita gogoratzen ere, hiriari arima jartzen eta hiriak birbegiratzen, izugarri gozatu nuen eta gozatzen dut horrekin oraindik ere, eta jenialidade askorekin liluratu nintzen. Eraikitzen gaituzten hitzakek eragiteko eta esku hartzeko modu sotil, maitagarri eta eraginkorraren oreka nola kudeatu hausnartzeko bide eman dit eta asko gustatu zitzaidan familiaren jasotzeko baretasunak. La Miradatik klimak harritu ninduen, sortu zuten atmosferak, zein finki harilkatu zituzten gogoeta ezberdinak, atmosfera berean, hasieratik-bukaerara tonu bereko burbuila bat sortuz.

Eta zer sentitzen duzu ikasi duzula liburua idazterakoan?

Uste dut aukeratzen ikasi dudala eta senari jaramon gehiago egiten. Begirunea diedan zenbait ideia ibilbiderik gaberi atea ixten eta sinple, lehor eta ez hain distiratsuei lekua egiten… Oraindik ere idatzitakotik ikasteke edo barneratzeke asko dudala uste dut.

 

Orain arte batez ere bertsolaritzaren bitartez ezagutu dizugu sormena, kazetari lanetan ere jardun zara… liburu honek denetik du pixka bat, baina agian batez ere poesiatik. Poesiarako joerarik baduzu?

Sormenarekin lotutako alor ia guztiek eman didate arreta oso umetatik, bereziki hitzekin eta irudiekin lotutako alorrek. Poesiarekin asko gozatzen dut eta eskaintzen duen argi-itzalerako aukera gustatzen zait. Oka egiteko modu ederra da poesia. Esango nuke nire diruz erosi nuen lehen liburua ere, poesia liburu bat izan zela.

Oka egiteko modu ederra da poesia!

Poesiak permititu dizu liburu honetan, agian, kronika zehatzetik harago, esperientzia honetan inspiratuta gauza unibertsalagoez aritzeko?

Sarezalea naiz, gustatzen zait loturak ikustea, dauden eta ez dauden tokian. Susmoa daukat partikulartasunetik unibertsalerako tartea espero edo gustatuko litzaigukeen baino txikiagoa dela beti eta gauza antzekoek egiten digutela oihartzun barruan, nahiz eta barne kartografiako gune ezberdinetan izan, edo gainetik geruza gehiago edo gutxiago izan, botoiak ez dira elkarrengandik hain ezberdinak. Liburuko testuek eta poemek hiru geruza dauzkatela esango nuke, norberarena, familia edo tribuarena eta herriarena edo testuinguruarena. Eztena jaialdiak ere hiru geruzak izan zituela sinestuta nago.

Bertsolaritza eta poesiaren arteko zubi bat izan daiteke umorea. “Leihoen afasia”n sumatzen zaizu joera bat hitz jokorako, umorerako, zirtorako, ironiarako… Ez dirudi erraza paperera eramatea umorea, zer nolako saiakera egin duzu liburu honetan?

Ez dut ahalegin berezia egin liburu umoretsu bat sortzeko. Batetik, Eztenaren osagai ezabaezinetariko bat izan zelako eta bestetik, uste dut liburu umoretsua dela, nire begiratzeko modua normalean horrelakoa delako. Nire begirada askotan da muturrekoa -hotzegia edo beroegia- eta muturrekotasun horren absurdoak askotan egiten dit grazia. Bizitzari, sormenari eta lanari begiratzeko era bat da umorea eta bizirauteko nire erarik gustukoenetarikoa da. Autokritikarako, batez ere.

Bertsolari gisa Gipuzkoako txapelketan entzun berri zaitugu, kazetari gisa Zazpikan edo Zubiak irratsaioan… Idazle gisa aurreikusia duzu beste proiekturik edo pausurik?

Bertsoei begira pasa dut udazkena eta asko gozatu dut xomorro-lan horretan eta orain bertsotan gozatzeko desiratzen nago, egindako lana aldi baterako bide bihurtzeko. Atseden apur baten ondoren 2020ko egutegiarekin hitz egiten hasteko asmoa daukat eta uste dut literaturaz ere hitz egingo dugula.

Informazio gehiago: http://eztena.liburuak.eus/

Liburua erosteko: eztena@liburuak.eus

Albiste honen Uberan: Hitzako erreportajea, “Emozioetatik eraikitako kronika

 

Hiru emanaldietako bideoak, jarraian (Zazpi T’erdi ekoiztetxeak grabatuak):

 

Oka egiteko modu ederra da poesia!
Oka egiteko modu ederra da poesia!
Oka egiteko modu ederra da poesia!
Oka egiteko modu ederra da poesia!
Oka egiteko modu ederra da poesia!
Oka egiteko modu ederra da poesia!