Alaia Martin: "Eroso sentitu nintzen Getxon, baina inkonformismo pixka bat ere behar dela uste dut"

Alaia Martin –

Leire Larrazabalek DIARIO VASCOn.


Oiartzuarrak finalaurrekoetarako txartela eskuratu zuen Bizkaiko udalerrian ospaturiko Betsolari Txapelketa Nagusiko lehen saioan

 

Alaia Martin
Alaia Martin oholtza gainean, beste bertso saio batean. / IÑIGO ROYO

 

Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen saioan Alaia Martin gailendu zen, Getxon, iragan larunbatean, 738 punturekin. Oiartzuarrak finalaurrekoetarako txartela eskuratu zuen. Hamabi urterekin hasi zen bertsotan, eta Oiartzungo eta Santutxuko bertso eskoletan ibilitakoa da. Egun, gainera, lagun arteko eta Ahalduntzeko bertso eskoletan dabil. Gipuzkoako txapelketaren finalean hirugarren izan zen 2011an eta 2019an, eta txapeldunorde 2015ean. 2013ko eta 2017ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan, bestalde, finalaurrekoetan jardun zen.

– Oso ondo hasi zara Txapelketa Nagusian. Eroso sentitu zinen oholtza gainean?

-Txapelketako saioek, ezinbestean, halako urduritasun bat dakarte baina, orokorrean, eroso sentitu izanaren oroitzapena daukat. Bertsokideen artean giro ona izan genuen, eta gaiek elkarrizketarako bide ematen zuten. Erosotasuna bilatzea funtsezkoa da baina inkonformismo pixka bat ere behar dela uste dut. Bilaketa horretan ibili nintzen: leku eroso baina emankorren bila.

– Zortziko eta hamarreko txikian ederto moldatu zinen.

-Oihana Bartra umore fineko bertsolaria da, eta gustura sentitu nintzen berarekin zortziko txikian. Hamarreko txikiko gaia asko gustatu zitzaidan, aukera asko zabaltzen zituen nire paperak eta dilema interesgarria proposatzen zuen (etxea saltzea eta munduko beste txokotik hastea planteatu zioten). Elkarrizketan goxo aritu ginen eta pozik hartu nuen Perurekin kantatzeko aukera, belaunaldi berriak indartsu datozenaren beste adibide bat baita.

– Eta hori gutxi ez balitz, ‘Ganbarako lanean’ ere txapela kentzeko moduko saioa eskaini zenuen.

-Bide ezberdinak otu zitzaizkidan. Baina haur batek epaitegi batean bizi lezakeen egoera itogarri hori kontatzea aukeratu nuen, eta istorioa nahiko egituratuta ikusi nuen eta pertsonaiarekin konektatu nuen. Finago bete nitzakeen agian, baina konforme geratu nintzen.

– Zer iruditzen zaizu ‘Kartzelako ariketa’ri izena aldatu izana?

-Kontzeptu polita iruditzen zait ‘ganbara’. Uzta biltzeko leku goxoa da, babeslekua, bistakoa ez den gune bat… Ariketa aurkezteko era leunagoa da, hortik aurrera ez dakarkigu aldaketa praktikorik. Beraz, gustura egongo gara ganbaran ere.

– Nola ikusten dituzu bertsokideak?

-Indartsu ikusten ditut, jakina. Nor bere buruari distira atera nahian, bilaketan, ekarpen interesgarriak egiteko prest… Txapelketa ederra izango dela uste dut.

– Faboritorik?

-Ez naiz faboritoak aipatu zalea. Bertsolari bikain mordoa dago eta bakoitzak zerbait ezberdina du eskaintzeko. Aurreikuspenak egitea baino aberatsagoa iruditzen zait harritzeko inuzentziaz begiratzea; hala gehiago ikasten eta gozatzen dela uste dut.

– Urriaren 22ra arte itxaron behar duzu orain. Nola prestatuko zara finalaurreko horretarako?

-Lagunekin bertsotarako elkartuz, burua erne mantenduz, artea kontsumituz, ilusioz eta bakarrik ibiltzeko denbora hartuz.

– Iruñeko finalean ikusten duzu zeure burua?

-Ikusi nahi nuke, jakina! Pausuz pausu, ikusiko dugu zein bide datorkigun!

Alaia Martin