Aiztondo bailarako bertsolaritza ikertzeko beka
Aiztondo bailarako bertsolaritza ikertzeko beka –
Mintzolaren ataritik.
Gaur aurkeztu dugu Kilometroak egitasmoak eta Mintzola Ahozko Lantegiak Pello Mari Otaño ikerketa beka, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolaren eta Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkartearen babesarekin. Amasa-Villabonako Subijana etxean egin dugu aurkezpena, Mintzola Ahozko Lantegiaren egoitzan, eta han parte hartu dute lau erakundeotako ordezkariek.
Elkarlan proposamenagatik eskerrak ematen hasi du agerraldia Mintzola Ahozko Lantegiko Beñat Gaztelumendik. “Euskal Herri mailako proiektua kokatu zen Villabonan, herriarentzat ere aberasgarri izan asmoz, eta lan handia egin da hamabi urteotan. Hazia erein eta erein aritu gara eragile ezberdinekin elkarlanean, hainbat ikerketa proiektu eta tesi bultzatu ditugu eta jada hasiak gara uzta biltzen”; eta uzta horri gehituko zaion ikerketa bultzatzeko asmoa du Pello Mari Otaño bekak.
“Herritik sortua eta herriari eskainia. Kilometroak jaia da; bertsolaritza, jolasa. Bata zein bestea elkar lotuta daude, eta guztiz txertatuta euskal kulturan”, aipatu du Kilometroak egitasmoko Mikel Egibarrek eta gaineratu: “Gure herriak, euskararen herriak, belaunaldi berriak erakartzeko ekimen garaikideak izan behar ditu. Horretarako, azterketa, ikerketa eta analisia behar dira. Martxan jarri dugun Pello Mari Otaño bekarekin helburu honi erantzun nahi diogu”.
Proiektuak, apirilaren 2a baino lehen
Aiztondoko bertsolaritzaren ikerketa eta haren dibulgazioa egitea da Pello Mari Otaño ikerketa bekaren helburua. Bertsolaritza eta emakumea Aiztondon ikergaia helburu duten proiektuak lehenetsiko dira batez ere; dena den, bestelako gairik duten ikerketa proiektu edo monografikoak ere onartuko dira, beti ere Aiztondoko ahozkotasunari edo ahozko kultur sorkuntzari buruzko jakintza ikertzeko helburua baldin badute.
3.000 euroko dirulaguntza esleituko da ikerketa lana garatzeko. Interesdunek apirilaren 2rako helarazi beharko dituzte lanak eta maiatzaren 9an emango da ebazpenaren berri. Urtebeteko epea izango du ikertzaileak lana garatzeko.
Deialdia Kilometroek eta Mintzola Ahozko Lantegiak jarri dute martxan, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu Ikastolaren eta Hernandorena Kultur Elkartearen babesarekin: “Pello Mari Otañok inork gutxi bezala islatzen ditu Zubimusuren balioak”, azaldu du Zubimusu ikastolako ordezkaria den Nerea Zumeagak, “euskaltzaletasuna, eraldaketa, herriarekiko maitasuna… gainera, ikerketa beka hau aurrera eramateko moduak, herri eragile ezberdinak batera jardunik, hainbestetan aipatzen dugun elkarlan edo auzolanaren adibide ezin hobea dela deritzogu”. Joxin Azkue Hernandorena Kultur Elkarteko kideak ere Pello Mari Otaño bertsolari zizurkildarraren lana gogora ekarri du: “Berezko dohainak erakutsi zituen Otañok bertsogintzaren alorrean, ugaritasuna, zehaztasuna, abilezia… Juan Mari Lekuona adituaren iritziz, XX. mendean zehar Otaño izan da bertsolaritzan gehien eragin duen maisua”.
Proiektuak aurkezteko epea ireki da, honenbestez.
[DEIALDIARI BURUZKO INFORMAZIOA]
Aiztondo bailarako bertsolaritza ikertzeko beka