Ainhoa Urein eta Onintza Enbeita: "Bertsolaritza mugimendu bat bada, elkarteak ezin du estankoa izan"
Aurrerantzean Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldea lau kidek osatuko dute: Ainhoa Urien, Onintza Enbeita, Sustrai Colina eta Xabi Igoa. Mugimendua den neurrian, orain artean garaiak irakurtzen asmatu du Bertsozale Elkarteak. Gaurko garaietan mugitzen asmatzea izango da berriz gakoa.
Ainhoa Urein eta Onintza Enbeita –
Amagoia Mujika, GARAn.
Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen ohiko batzar nagusia atzo izan zen Agurainen. Gai zerrendako puntuetako bat izan zen lehendakaritza taldearen erreleboa. Duela sei urte, zortzikote batek hartu zuen; lehenengoz taldean hartu zuten kargua, begirada ahalik zabalena izan zedin. Berriz errepikatu da taldearen aldeko apustua, oraingoan laukotea; Ainhoa Urien, Onintza Enbeita, Sustrai Colina eta Xabi Igoa. Lehena gai-jartzailea da, eta beste hirurak, bertsolariak. Xabi Igoa aurreko lehendakaritza taldetik dator, berak eutsiko dio transmisioaren hariari.
Lehendakaritza talde berria. Berriz ere taldea.
[Onintza Enbeita] Duela sei urte taldearen aldeko hautua egin zen eta benetan epe luzera egindako apustua da, lehendakaritza ulertzeko modu bat delako. Bertsolaritza oso anitza da, eta aniztasun hori pertsona bakarrak gorpuztea baino egokiago ikusten da taldeak gorpuztea. Kolektibotasuna erakusteko modu bat ere bada. Duela sei urte lehenengoz hautatu zen lehendakaritza korala; funtzionatu duten gauzak eta hobetu beharrekoak aztertuta, oraingoan talde txikiagoaren aldeko apustua egin da. Lau izango gara. Baina inork ez du zalantzan jarri talde batek jarraitu behar zuenik lehendakaritzan.
Zein izan da taldea aukeratzeko irizpidea?
[O.E.] Irizpide argiena izan da bertsoa den mugimendu zabal eta anitz hori islatzea. Gauza berdinak eta desberdinak ordezkatzen ditugu. Denok gara bertsozale, bertsolari, bertso munduko euskaldunak, baina leku oso desberdinetatik iritsi gara eta aniztasun hori erakusten dugu.
[Ainhoa Urien] Elkarteak dituen hiru zeharlerroak ere kontuan izan dira; lurraldetasuna, belaunaldiartekotasuna eta genero ikuspegia. Bestetik, Xabi Igoak taldean jarraitzea bada transmisioaren sinbolo bat, asko eskertu dugu hori. Transmisio hori oso ondo eman da, modu eraginkorrean. Aurreko lehendakaritza taldekoak gurekin egon dira hilabeteotan, lanketa bat egiten.
Erreleboa pausatua izan da beraz.
[O.E.] Jende askok irudikatuko du aurreko taldeak karpeta handi bat eman digula barruan gauza mordo batekin. Baina egia da askoz ederrago egin digutela dena. Inoiz sentitu bagara proiektuaren parte, orain inoizkorik gehien. Gurekin harremanetan jarri zirela badira hilabete batzuk. Guk hilabete batzuk daramagu ikusten eta ulertzen elkartearen funtzionamendua; langile bakoitzaren lekua, borondatezko parte hartzaile guztien lekua, egiteko dagoena, eginda dagoena, gure kezkak partekatu ditugu… modu oso demokratiko batean egin dugu dena. Alde horretatik, transmisioarena garrantzitsua izan da. Prozesua ederra izan da. Denok gara elkartea aspalditik, elkartearen inguruan gaude aspalditik, baita plazan ere, baina lagundu digute ulertzen zein den elkartearen eguneroko lana eta zer den elkarteak epe luzera egin behar duen hori. Ofizialki lehendakaritza taldearen parte ez ginenean ere, gure iritziak leku bat izan du. Prozesua erraza izan da.
«Kide guztiak gara bertsozale, bertsolari, bertso munduko euskaldunak, baina oso leku desberdinetatik iritsi gara eta aniztasun hori erakusten dugu»
Honezkero begietan dituzue egitekoak eta erronkak.
[A.U] Ez gatoz ezer berria deskubritzera –talde berria izanda, berritasunak egon daitezkeen arren–, dagoeneko martxan dagoen proiektu batera igotzera goaz. 2018ko gogoeta estrategikoan erabaki ziren zeharlerroak betetzea eta bermatzea izango da gure egitekoa. Bestetik, elkartean martxan dauden proiektu mordoarekin –hedapenean, hezkuntzan, ikerkuntzan, sustapenean, txapelketetan– jarraituko dugu eta orain arte lehendakaritzak egin duen bideari jarraipena emango diogu; soldatapeko langileen eta borondatezkoen arteko hibridoa den bide horretan. Erronkak horiek izango dira, jarraipena ematea orain artekoari eta irekitasun bat ematea Bertsozale Elkarteari, beste espazio eta eragile batzuetara are gehiago irekitzea.
Bertsozale Elkartean historikoki borondatezkoen lana oso garrantzitsua izan da, eta hori bultzatu behar dugu. Elkarteak bere burua aitortu dezake militantzia esparru bezala eta hori borondatezkoen bidez ziurtatzen da. Gero, gure jarduna asko lotu da beti euskararekin –ezinbestekoa da euskararen presentzia bertsolaritzan–, baina kulturgintzan eta herrigintzan beste aliantza batzuk egitea ere garrantzitsua da.
Sumatzen da kezka batzuen oihartzuna. Euskararen ekosistema osasuntsu al dago? Bertso eskolak indartsu al daude? Plaza makaldu egin al da?
[O.E.] Bai, noski. Bertsolaritza osasuntsu dago, baina ezin ditugu etxafuegoak bota, euskalgintza eta kulturgintza nola dauden ikusita. Bertsolaritzak ekosistema osasuntsu bat behar du funtzionatzeko, eta badaude kezka eragiten duten gauza asko.
Euskal Herrian urtean 1.600 plaza egiten dira; toki batzuetan gutxitu egin dira eta beste batzuetan sortu. Aztertu egin behar da non eta zergatik jaitsi diren plazak, eta hori elkarteari dagokio. Baina bertso plazaren kontrol osoa ez dauka elkarteak. Elkartetik hausnarketa bat bideratu behar da; zergatik galdu dira plaza batzuk euskararen arnasguneetan eta arnasgune ez direnetan zergatik daude plaza gero eta gehiago? Nolakoak dira bertso saio horiek? Zer zirkuitu berri sortu dira? Bertso eskolak non indartzen dira eta zergatik? Zenbat neska daude bertso eskoletan? Neska horietatik zenbatek egiten dute plazarako saltoa? Elkarteari dagokio kezka horiek mahai gainean jartzea, ikertzea eta, zein hutsune dauden identifikatzen dugunean, zulo horiek jostea. Hortik aurrera, elkarteak ezin du plaza erabat kontrolatu, eta uste dut bertsolaritzaren handitasuna hori ere badela; autoeratutako mugimendu askok eta anitzek osatzen dute.
[A.U.] Kezka horiek identifikatu eta ahal dugun neurrian proiektuak sustatu behar ditugu, horiei erantzuteko. Adibidez, hezkuntza arautuaren proiektua Euskal Herri osoan dago. Haur askok euskal kulturarekin daukaten lehen lotura da eta batzuetan lotura bakarra. Eta zer esanik ez Euskal Herriko leku jakin batzuetan. Badira toki oso estrategikoak, ekosistema bezala kezkatzen gaituztenak, eta ahal den heinean hori aldatzeko lan egin behar dugu. Feminismoarekin berdin, kezkatzen gaitu diskurtso heteropatriarkal batzuk oso presente egotea, eta elkarteak bertsolaritzatik egin dezakeen apustua izan daiteke emakumeak oholtzara animatzea. Badakigu ekosistema osasuntsu bat behar dugula bertsolaritza osasuntsu egoteko, baina ahal den heinean eragin egin nahi dugu ekosistema hori indartze aldera. Baina gu ez gara burbuila bat, gizarte baten barruan funtzionatzen dugu eta argi dugu aldaketa horiek gizartearekin batera eman behar direla. Hortik dator euskararen, kulturaren eta herrigintzaren beste eragile batzuekin lankidetza bat egiteko nahia. Eta esango nuke erakundeekin ere beharrezkoa dela lankidetza hori.
Kanpotik ikusita, batzuetan ematen du bertsolariak mundua konpondu behar duela eta, era berean, badirudi jendarteari tira egiten ari dela etengabe.
[A.U.] Hori alde batetik abagune bat da, harro egoteko arrazoi bat. Eta, aldi berean, kezka iturri bat ere bada. Ekosistema osasuntsu batean beste eragile, elkarte eta mugimendu batzuk ere izango lirateke erreferentzialak eta tira egingo lukete, baldin eta laguntza izango balute erakundeen aldetik. Euskal Herriko gune batzuetan oso zaila da euskarazko kultura sustatzea.
[O.E.] Gu erreferenteak gara gintza guztietan: euskalgintza, kulturgintza, herrigintza… Baina gero leku ofizialagoetan eta erakundeetan euskarazko sorkuntzak eta guk egiten dugunak ez dauka garrantzi handirik. Ekosistema ez osasuntsu horren adierazlea da Bertsozale Elkartea norentzat den erreferente eta nork ez duen kontuan hartzen. Horrek ere erakusten du gure herrigintza, kulturgintza eta beste zenbait gintza askoren egoera une honetan.
«Bertsolaritza osasuntsu dago, baina ezin ditugu etxafuegoak bota, euskalgintza eta kulturgintza nola dauden ikusita»
1983an sortu zenean, Bertsozale Elkarteak asmatu zuen garaia irakurtzen. 2024ko hau garai desberdina da.
[O.E.] Bertsozale Elkarteak asmatu du saretzen eta hedatzen. Garai batean markatu ziren lan lerro estrategiko batzuk –hezkuntza, hedapena, sustapena, ikerketa– eta asmatu egin da. Gaur egun esaten dugu gure gakoak direla belaunaldiartekotasuna, generoa eta lurraldetasuna. Orain ere asmatu egin nahi dugu.
Bertsolaritza gizarte mugimendu bat den aldetik, elkartea ezin da erakunde estanko bat izan, elkartea ere mugimenduan dago. Kezkak etengabe berritu behar ditu, kezka eta galdera horietatik etorriko direlako erantzun berriak. Mugimendua baldin bagara, bertsozale elkarteak mugimenduan egon behar du.
Bertsolaritzaren jarduna etengabe plazari begira egiten da, eta nahitaez harremanetan zaude kezka sozialekin. Bertsolaritzako gure irakasleek, eskolarik eskola doazenean, errealitate oso desberdinen berri ekartzen dute elkartera. Horrek laguntzen digu etengabe kezka horien inguruan pentsatzen. Askotan espero ez ditugun kezkak izaten dira, eta horiei buruz hausnartzeak laguntzen du etengabe mugimenduan egoten.