Ainhoa Larretxea Agirre: “Plazan hagitz ongi pentsatzen dut zein gai ez dudan jarriko, zenbait kontu ez hauspotzeko”

Ainhoa Larretxea Agirre –

Aitziber Zapirain Etxaniz, ARGIAn.


 

Haurra zela hasi zen bertso-eskolan Ainhoa Larretxea Agirre (1996, Bera), eta hamar urte daramatza gai-jartzaile gisa. Publikoan kantatzea ez zaio sekula gustatu; hizkuntzarekin jolastea bai, ordea. Gaiak jartzea “bertze sorkuntza mota bat” dela aldarrikatu digu. Atsegin du bertsolaria zirikatu eta haren lekuan sentitzea, orri zuri bat hartu eta ideiak zerrendatzea. Bertsolari Txapelketa Nagusia atzean utzi eta plazaz plaza dabil arrunt gustura.

 

Ainhoa Larretxea Agirre
“Dena da kritikagarria eta oso merke ateratzen dira kritikak. Guk egungo Euskal Herria jarri nahi izan dugu oholtza gainean txapelketan zehar”. (Argazkia: Irantzu Pastor)

 

Gai-jartzailea uste baino figura garrantzitsuagoa da.
Saio baten ostean, bertsolariak aipatu ordez, gaiez edota gai-jartzaileaz mintzo bada jendea, hor arazo bat dago. Bertsosaio konkretuetarako bakarrik aritzen naiz gaiak prestatzen; ardura pisutsua egiten zait, beraz. Txapelketetarako ezberdina da, ordea. Taldean aritzen gara, eta oholtzara bakarrik igo arren, taldearen babesarekin sentitzen naiz jende aurrean. 

Ahalduntze bertso-eskolan ere gaiak jartzen aritzen zara.
Bai, emakume bertsolariak ahalduntzeko asmoz sortu zen duela lau urte, eta gai-jartzaileentzat ere zabaldu zen taldea. Azken batean, bertso saio bat egiten dugu gure artean. Presiorik gabe, epaiketarik gabe; saio esperimentalak dira. Hagitz aberasgarria da niretzat. Besteak behatzeko helburuarekin hasi nintzen, eta pandemiaren ondoren, berriz hasi ginenean, gai-jartzaile gisa parte hartzeko eskaini zidaten. Ezin horrelako aukera bati ezetz esan!

Gainera, egun plazan jartzen ditudan gai aunitzek ahalduntze bertso eskolako filtroa pasa dute jada. Beraz, lan horretarako ere balio dit eskolak.

Nola heldu zinen gai-jartzaile izatera?
Hamar urte nituela hasi nintzen bertso-eskolan, aitak epaile lanak egiten zituen jada eta hagitz espazio naturala zen niretzat. Oso etxekoa. Jende aitzinean kantatzea ordea, ez dut sekula gustuko izan. Nerabe nintzela, Estitxu Arotzenak proposatu zidan Bortzirietako taldekako txapelketan gai-jartzaile aritzeko, eta horrela topatu nuen nire lekua mundu honetan. Taldekako lehia izanik, bertsolariak, epaileak eta gai-jartzaileak behar dira, bai eskualdekoan eta baita Nafarroako Txapelketan ere. Gutxinaka gainera, trebatzeko aukera izan dut, atal hau ere lantzen ari baikara elkartean eta tartekako formakuntza saioak jasotzen ditugu.

Plazan nahiz txapelketan gaitegia asko aldatu da azken urteetan.
Bai, jendartea eraldatu eta Euskal Herria ere aldatu den heinean, gaiak horretara egokitu dira. Garai batean politikak eta preso politikoen gaiak pisu handia hartzen zuten; egun, ordea, eguneroko gertakari edota gaien inguruan kantarazten diegu bertsolariei.

Zuk nola lantzen dituzu saio baterako gaiak?
Ez ditut orduak zenbatzen, baina denbora aunitz bideratzen diot. Saioa zergatik antolatzen den jakin nahi izaten dut, antolatzaileek zer espero duten ezagutu, zein publiko mota espero den eta halakoak. Ordenagailuko dokumentu batean notatzen ditut gai posibleak, hitz gakoak eta ideiak. Momentu konkretu batean, bertsolari jakin batek zer kantatzea espero den ere aurreratzen edo asmatzen ahalegintzen gara gai-jartzaileok. Ezberdina da plazako saio bat eta antzoki bateko saio bat. Detaile oro kontutan hartzen saiatzen naiz gaiak proposatzerako unean, horrek ere eragiten duelako saioaren borobiltasunean.

Eta Txapelketa Nagusiko gaiak nola prestatzen dituzue?
Hamalau pertsonako talde bat egon gara azken Bertsolari Txapelketa Nagusiko gaiak prestatzeko lantaldean. Asteartero elkartu gara Txapelketa osoan zehar, batez ere asteburuan zetorrena prestatzeko. Norberak gai batzuk lantzen zituen etxean, eta bateratu eta landu ostean erabakitzen genuen zein gaik eginen zuen aurrera eta zeinek ez.
Lehen ataza hori amaitu ondotik, saioari forma ematen hasten ginen. Zehazki aukeratzen gaien formulazioa, eta hitzen, aditzen eta adjektiboen erabilera eta kokapena. Hagitz zehatz aztertu genuen dena saio oro, behin eta berriz, besteak beste leku beretik bi aldiz ez kantatzeko bertsolariek.

 

Ainhoa Larretxea Agirre

“Saioa zergatik antolatzen den jakin nahi izaten dut, antolatzaileek zer espero duten ezagutu, zein publiko mota espero den eta halakoak”

Eta hala ere, kritikak.
Zer espero dugu sare sozialen garai honetan? Dena da kritikagarria eta oso merke ateratzen da. Guk egungo Euskal Herria jarri nahi izan dugu oholtza gainean txapelketan zehar eta baita eguneroko saioetan ere. Kontziente gara zaila dela, gai batzuk hagitz berriak direlako eta ziurrenik bertsolari askori horren inguruko iritzi propio bat osatzeko denborarik ere eman ez dielako.
Bertso saioa gidatzea da gai-jartzailearen ardura, konfiantza eman behar diogu bertsolariari eta gidatu. Plazan adibidez, nik hagitz ongi pentsatzen dut zein gai ez ditudan jarriko, zenbait kontu ez ditudalako hauspotu nahi. Egiten dudana asumitzen dut.

Bertsolari frustratua da gai-jartzailea?
Biziki zabalduta dagoen ustea da. Sorkuntza mota ezberdina dela errango nuke. Nik ez dut jende aurrean kantatzea atsegin, baina bertsolaritza aunitz gustatzen zait. Bertso-eskolara joaten segitzen dut astero, eta bertan ere gaiak jartzen aritzen naiz. Azken batean, saio bat egin dadin, geurea paper garrantzitsua da. Epaileak ere hor daude, lan handia eginez eta kritiken entsaladaren parte izaten. Nik momentuz ez dut nire burua hor ikusten. Oso lan arduratsua iruditzen zait gai-jartzailearena.

Esaiguzu bat: zein gai jarriko zenuke gustura?
Oraintxe bertan, honakoa: “Irun eta Hendaia arteko kontrol arrazistak kendu dituzte”. Ohitu egin gara mugak edukitzera, eta ez luke hala beharko. Egin dezagun kritika. 

Puntuak jartzen

Hiru urte zituela hasi zen saltsan. Musika bidelagun harturik, tresna bat eta bestea probatu ditu, haurtzarotik gaur arte. Konstantzia da bere ezaugarrietako bat. Txistua da orain hatsa kentzen diona. Hamar urterekin ekin zion bertsoari, eta oraindik ere jarraitzen du Bortzirietako bertso eskolan. Ez ordea kantari, gaiak jartzen edo aurkezten baizik, jende aitzinean abestea ez duela atsegin ohartu baitzen berehala. Maite du ordea, hizkuntzarekin jolastea eta trebatzea. “Bertso eskolak badu zerbait, ez dakit nola erran, talde baten parte sentiarazten zaituena. Ttikitatik, eskualdeko bertso lehiaketan, kantatzen ez genuenok trikitixa jotzen, aurkezten edota epaitzen jartzen gintuzten”. Berak aurkezle edota gai-jartzaile bideari heldu dio gogoz eta ilusioz.

Ainhoa Larretxea Agirre Ainhoa Larretxea Agirre Ainhoa Larretxea Agirre Ainhoa Larretxea Agirre