Ahozkotasunaren eta hezkuntzaren inguruko ikastaroa aurten, UIKen
Ahozkotasunaren eta hezkuntzaren inguruko ikastaroa aurten, UIKen –
Mintzolaren webgunetik ekarria.
Euskara ikasgaian landu ohi da maiz ahozkotasuna, baina ahozko komunikazioa edonon eta edonoiz ageri zaigu: ikastetxetako gainerako ikasgaietan ez ezik, ikasgelako zein handik kanpoko giza harremanetan ere bai. Antzerkia, bertsolaritza, kantua… horien bidez ahozkotasuna modu gozagarrian landu daiteke, eta eragin ona izan dezake ikasgelatik kanpoko harreman ohituretan ere. Horren inguruan ariko gara uztailaren 9an eta 10ean UPV/EHUko Uda Ikastaroetan antolatu dugun eskolaren baitan: Ahozkotasunaren eta ahozko kultur sorkuntzen didaktika.
Askotariko moduak daude ikasgelan ahozkotasuna lantzeko, eta ahozko kultur sorkuntza zenbaiten didaktika esperientziak ezagutuko ditugu lehen egunean: Arantxa Hirigoien, Gotzon Barandiaran eta Mikel Artola gonbidatu ditugu horretarako, antzerkiaren, kantuaren eta bertsolaritzaren ikasgela barruko esperientziak ezagutzeko. Hezkuntza arautuan ahozkotasunaren lanketari eta horrek gazteen hizkuntza eta harreman ohituretan izan dezakeen eraginari buruz ariko zaizkigu bigarren egunean Olatz Bengoetxea, Aroa Murciano, Ainhoa Ezeiza eta Joxerra Garzia.
Ikastaroa jarraitzeko bi aukera
Egungo egoerak ekarri du berrikuntzarik. Bi eguneko ikastaroa Miramar Jauregiko ikasgelan bertan jarraitu ahal izango da, osasun neurriak hartuta eta horiek bermatzeko kopurua mugatuta; baina online jarraitzeko aukera ere izango dute ikasleek, zuzenean. Batera ala bestera egin, izena eman behar dute interesdunek: ikasgelan bertan aritzeko 77 euroko matrikula ordainduko da, eta etxetik jarraitzeko, 65ekoa. Zenbait kasutarako matrikula murriztuak ere eskaintzen dira UPV/EHUko Uda Ikastaroen webgunean.
Izena emateko aukera badago jadanik: hementxe modu presentzialean jarraitzeko eta hemen ikastaroa online egiteko modua.
UEUko eskola, hurrengo urterako
UEUk bere eskaintzaren baitan iragarria zuen jada Mintzola Ahozko Lantegiak antolatutako Udako Bertso Eskola bi eguneko ikastaroa. Iruñeko Katakraken zen egitekoa, ekainaren amaieran, baina egungo egoerara moldatu behar izateak dinamika bera asko baldintzatzen zuen, tailer itxuraoa izanik, eta hurrengo urtean egitea erabaki dugu. Jakinaren gainean izango zaituztegu.