Ahozko kultur sorkuntzaren ikerketa sustatuko dute

Ahozko kultur sorkuntzaren ikerketa sustatuko dute –

Tolosaldeko Atarian irakurria.


Villabonan kokatuta dagoen Mintzola Ahozko Lantegiak, 2.000 euroko bi proiektu sari eta doktorego aurreko ikerketa kontratu bat esleituko ditu.

Ahozko kultur sorkuntzaren ikerketa sustatuko dute

Bertsolaritza ez ezik, antzerkigintza, kantagintza, kontalaritza edo ahoz emateko sortzen den beste kultur adierazpide bat aztertzeko asmoa duten proiektuak hartuko dira aintzat aurtengo ikerketa deialdietan. Bi dira deialdiak: batetik, bi proiektu sari eskainiko dira, eta, bestetik, ikerketa kontratu bat.

2.000 euroko diru laguntza lortu ahal izango dute aipatutako kultur sorkuntzak aztertzeko xedea duten lan monografikoek eta master amaierako lanek; bi sari eskainiko dira. Proiektu sari hauen helburua da «ikertzaile gaztea edo hasiberria doktorego tesiraino eramango duen ibilbidean laguntzea» eta gerora horrek ekar lezakeen doktorego tesirako bulkadan eragitea.

Eta, hain zuzen, doktorego tesia egiteko asmoa duten ikertzaileentzako da aipatutako beste deialdia. Doktorego aurreko kontratu bat finantzatuko da, EHUn gauzatuko dena. Aukeratutakoak doktorego aurreko urtebeteko kontratua lortuko du, hiru urte gehiagoz luzatzeko modukoa.

Bi deialdietarako eskariak 2019ko maiatzaren 3ra arte aurkeztu ahal izango dira. Eskaria bideratzeko prozedura eta xehetasunak www.mintzola.eus atarian edota EHUko Mikel Laboa Katedraren atarian topatu ahal izango dira.

Proiektu sarien deialdia Mintzola Ahozko Lantegiak eta EHUko Mikel Laboa Katedrak gauzatzen dute eta kontratu deialdia, bi erakundeez gain, EHUko Ikerketaren eta Euskararen Arloko Errektoreordetzek ere babesten dute. Deialdiok, jada, bide luzea egina dute, 2013an egin zen ikerketa kontraturako lehen deialdia eta 2014an proiektu sariei dagokiena. Ordutik hona hazi egin da bertsolaritzaren inguruan egindako ikerketa kopurua; oraingo deialdia, bertsolaritzaz harago, antzerkigintza, kantagintza, kontalaritza edo ahoz emateko sortzen den beste kultur adierazpide bat aztertzeko ikerketa proiektuei ere zabalduko zaie.

 

HELDULEKU UGARI

Mintzola Ahozko Lantegia sortu zenetik hamar urte pasa dira, eta unibertsitateekin elkarlanean ari da etengabe bertsolaritza eta ahozko kultur sorkuntzaren presentzia esparru akademikoan sendotzeko. EHUrekin antolatutako ikerketa deialdiok azpimarratzekoak dira ahalegin horretan, eta bertsolaritza hainbat ertzetatik ikertu da: «Eta, aurrera begira, zer? Bada, ikerketa hauen gizarteratzean eta aplikazioan egingo dugu ahalegina» aipatu du Beñat Gaztelumendik, ikerketa horietako batzuk aurkezteko egindako azken Mintzola Mintegian.

Mintzola Ahozko Lantegiak eta EHUko Mikel Laboa Katedrak zuzenean babesten ez badituzte ere, Tolosaldeko hainbat ikerlarik abian dituzte bertsolaritzaren inguruko hainbat ikerketa. Doktoregai tesia prestatzen ari da, adibidez, Oihana Iguaran amasarra. Bertsoaren Agenda. ‘Agenda setting’ak bertsolaritzaren diskurtsoan duen eragina lana ari da prestatzen. Mikel Artola alegiarra, aldiz, master amaierako lana jorratzen ari da: Bertsolaritzaren ikas-irakaskuntza hezkuntza arautuko hirugarren zikloan: didaktikarako eta irakasleen formaziorako proposamena.

Ahozko kultur sorkuntzaren ikerketa sustatuko dute