Abestu, errimatu eta neurtu
Abestu, errimatu eta neurtu –
Eunate F.Dominguezek Noticias de Alavan.
Arabako Bertsozale Elkartearen proiektuetako baten lehen fasea amaituko da; koadrilen arteko lehiaketarena. Gainera, gero eta gehiago dira bertsolaritzaren mundura animatzen eta barneratzen diren herritarrak.
Neurriz eta errimaz kantatzea hitza horra hor zer kirol mota den bertsolaritza”. Xabier Amurizak modu horretan laburbiltzen du bertsolaritza. Era berean, Bat-bateko bertsolaritza liburuan, kantatuz, errimatuz eta neurtuz burutzen den berbaldi bat bezala definitzen dela diote liburuaren egileek. Baina bertsolaritzak ikasteko, euskara praktikatzeko eta ondo pasatzeko ere balio du. Hala definitzen du, behintzat, Uxue Diaz de Ceriok, Hizkuntza Arautuko irakasle eta Arabako Bertsozale elkarteko kideak: “Bertsolaritza euskarazko hitzekin jolasteko era bat da, dibertitzekoa eta sormena lantzekoa”. Elkarte horretan, koadrilen arteko txapelketen lehen fasea bukatu egin da eta hiru saioak burututa finalaurrekoak erabakita geratu dira.
Bertsozale elkartea irabazi asmorik gabeko elkartea da eta bertan Arabako bertsolariak elkartzen dira bertsolaritza transmititu eta euskararen normalizazioari bere ekarpena egiteko asmoarekin. Elkartea 1993an sortu zen baina 1982an hasi ziren antolatze lanak. Hau da, 40 urte inguru daramatzate kultura hau gazteenei eta baita adinekoei ere hurbiltzen eta, horregatik, urte hauetan gero eta proiektu gehiago egin dituzte. “Gure proiektuetako bat ikastetxeetara joatean datza. Mundi bat Bertso-Bertsolaritza ikastetxean du izena. Bertan, bertsolaritza programazioaren parte gisa ematen dugu, beste ikasgai bat izango balitz bezala”, azaltzen du Uxue Diaz de Ceriok. Izan ere, proiektu horri esker, eskualde guztietako 46 ikastetxeko 2600 ikaslek lantzen dute bertsolaritza. “Egun bat klasean zurrunbilo bat da: lehenik, primeran hartzen gaituzte, gure zain daude irrikitan ordutxo batez bere egunerokotasunetik atera eta beretik ateratzeko une bat dutelako. Talde handian egiten ditugu gauza batzuk eta beste batzuk talde txikitan lantzen ditugu, batzuetan bertsoak idatziz, jolasak eginez eta beste batzuetan inprobisatzen saiatuz”, dio Uxuek.
Xabier Lasak, Bertso Bizi gazte proiektuaren irakasleak, gaineratzen du: “10 urteko haurrek askotan gu baino lotsa gutxiago dute horrelako gauzetarako… Bertsolaritza askorentzat gauza berria izaten da, eta batzuek, karaoke bat izango balitz bezala hartzen dute. Hala ere, duten naturaltasunak laguntzen du doinuen eta sormenaren paradixuan sartzen”.
Bertsoa Bizi Gazte DBH 3 eta 4. mailako D ereduko Arabako ikasleei zuzendua dago proiektua. Interesa piztu zaien ikasleen artean eskolaz kanpoko jarduera mugatu bat planteatzen da, Araba mailako gainerako ikastetxeekin batera ikus-entzunezko proiektu batean. “Bertso eskolak sortu eta euskaltzaleak saretzea du xede, kontutan hartuz, adin tarte hau dela hizkuntza hautua egiterako orduan lehen mugarri garrantzitsua”, nabarmentzen du Uxuek. Baina elkarte horrek proiektu gehiago ere baditu bertsozaleak elkartzeko, elkarrekin ikasteko, interesa eta gogoa sortzeko eta eboluzionatzeko. Adibidez, barnetegiak. “Bertsolariekin zuzeneko harremana dute barnetegietan. Txanda bakoitzean bertso-afaria egiten da, eta haurrek aukera dute haien erreferente direnekin jolasteko, hitz egiteko eta bertsotan jarduteko”.
BERTSO ESKOLAK Araban 33 bertsolaritza eskola daude, lurraldeko 10 herritan banatuta. Izan ere, gero eta gehiago dira bertsolaritzarekiko interesa duten pertsonak. Horixe da, behintzat, Uxue , Xabi eta Irati bertsolarien elkarteko kideek jasotzen duten pertzepzioa. Iratiren iritziz, egun eskolak inoiz baino ikasle gehiago biltzen ditu eta bertsolaritza ikasteko joera goraka doa. “Momentu honetan Gasteizko bertso eskolan inoiz baino jende gehiago dago eta Araban ere goranzko joera dago. Bertsoaren inguruan, kuadrilla artekoa bezalako ekimenekin, parte hartze eta ezagutza handiagoa dago. Giro oso sanoa sortzen da bertsoaren aitzakian eta horrek jendea animatzen du gure artera”. Izan ere, euskararen erabilerak eta ezagutzak hirian eta Arabako lurraldean gora egin duen heinean, kultura horrekiko eta bertsolaritzarekiko jendearen interesa ere handitu egin da. “Geroz eta giro euskaldunagoa somatzen da kalean, erabileran ez dakit handiagotzen goazen baina, euskara ikasten dutenen kopurua gora doa eta horrek bertsolaritzara gerturatzen direnen zenbakian ere badu eraginik”, aitortu du Uxuek. “Dena dela, askok uste du euskara bikain menperatzen ez badu ezin duela Bertso eskolara animatu, eta ez da guztiz egia. Guztiz egia ez dela diot, izan ere, bertsoak berak euskalduntzen laguntzen baitu, Bertsoa neurrean sartzeko eta errima dezan, beti baitago hitz berriak ikasteko eta esateko modu berriak erabiltzeko beharra”, gaineratzen du.
Gainera, bertsolaritza adin guztietara egokitzen da, hamar urteko txikietatik hasi eta nahi duten adinetik gorakoetara. Garrantzitsuena, Uxue, Irati eta Xabik azaltzen duten bezala, motibazioa izatea da. “Jolastea eta ondo pasatzea nori ez zaio gustatzen? Ba horixe da bertsoa, hitzarekin jolastea, sortzea, konpartitzea, lagunartea. Zer gehiago behar du pertsonak guregana etortzeko!”, dio Iratik. Eta gaineratzen du: “Ni 13 urte nituela animatu nintzen Txusta tabernetan ematen ziren bertso eskoletara. Nire kasuan bertan zegoen talde giroak animatu ninduen gehien behin eta berriz errepikatzera. Zailena bertso osoa bapatean botatzera animatzea da, sinistea posible dela. Behin egin ondoren bata bestearen atzetik doaz, onak eta txarrak, berdin du, helburua lotsa kentzea da”.