1965-2012. Bertso berriak ARGIAn jarriak
Bertso berriak ARGIAn jarriak –
Miren Osa Galdonak Argia aldizkarian.
1965eko otsailaren 21ean eman zitzaion hasiera bertso jarrien atalari Zeruko Argian. Iñaki Eizmendi Manterolak “Basarri”k Nere Bordatxotik atal finkoa zuen, eta haren alboan egin zien lekua irakurleek bidalitako bertsoei. “Ereñozu ballarako Luistar bat dezute ondoren irakurriko dituzuten bertsoen egille. Donosti’n izandako Aizkora Txapelketa gai artuta, ara zer lore sorta eskeintzen dion Polipaso’ri. Maiteak dira bertsolariak Zeruko Argian. Poz pozik ematen dio toki Ereñozu ballarako luistarrari”.
Handik aste gutxira, atal berriak izandako harrerarekin harrituta, mezua idatzi zien Basarrik igorleei hainbat ohartarazpenekin: “Oso ondo ari zerate portatzen euskaldun bertsolariok. Zeruko Argiak eztauka asteroko bertso sail onen paltan gelditu beldurrik. Lan asko dauzkagu jasota, ta danak batera ezin argitaratu. Txandaren zai egon bearra dago oraingoz. Ez ordea estutu, denborarekin danak azalduko dira ta. Pozik gera ain langille agertzen zeratelako”.
Geroztik 2010eko hamarkada hasierara arte, Zeruko Argian aurrena eta 1980tik ARGIAn ondoren, etenak eten, bertso jarrien atalak txoko bat izan zuen astekarian.
80 eta 90eko hamarkadetan, ilustrazioz eta argazkiz hornituta atera izan zituzten bertsoak. Beraien sinadura kazetari edo ARGIAko kolaboratzaile gisa ezagunagoa den batek baino gehiagok ere osatu zituen bertsoak, eta ezizenez sinatu. Kartzelatik jarritakoak ere argitaratu zituzten, bat baino gehiago.
2006an Bertso Berriak atala eraberrituta kaleratu zuten. Puntako bertsolariak eta irakurleentzat berriagoak zirenak aritu ziren bertan idazten. Iritzi sailean leku finkoa lotuta, sei bertso argiratzen ziren astero. Berezko funtzioa eman nahi zitzaion bertso jarrien atalari: gaurkotasunari buruzko iritzia modu artistikoan ematea eta irakurleek buruz ikasi eta kantatzea, bertso hauen bizitza astekaritik harago irits zedin. Sorta horietako batzuk oso ezagunak egin ziren, grabatu eta diskoetan kaleratzeraino. Esaterako, Jokin Sorozabalek Olentzerori jarritako bertsoei Mikel Markezek musika gehitu zien.
Markez bera arduratu zen Uxue Alberdiren “konplize ditut eta maite ditut denak” musikatzeaz, Amaren Alabekin batera.
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek ere beren diskoan sartu zituzten Amets Arzallusek jolasari eginikoak.
Sei bertsotik hiru bertsoko zutabea izatera pasatu zen bertsoaren bozgoragailua 2012an. Geroztik ez du bertso jarrien atalik astekariak. Ez du esan nahi, aurrera begira izango ez duenik.