ZER DAUKATE, GU ERAKARTZEKO?

AINHOA AGIRREAZALDEGI

DOINUA: ETA-REN SU-ETENETIK

 

1.

INTERDIZIPLINITATEA

Kultura maite duenak

arte oro maite du-ta

gozatzen dugu ondoko

artistak ezagututa

elkar tentatzen hasita

gaude apurka-apurka

erronkazaleak gara

hori ezin da ezkuta.

Elkarri hitza emanez

ta elkar zirikatuta

batzuetan batzen gara

presaka, arnasestuka

besteen oinak zapalduz

baina gerritik helduta. (bis)

 

2.

ANTZERKIA

Antzerkia gorputza da

ikusten dugu kolpera

haragizko gordintasun

bat dakar oholtza gainera

publikoa berehala

bultzatzen du jolasera:

zer jarri foko azpian,

zer eraman itzalera.

Tranpolin bat ekartzen du

haserrera, umorera

fikzioa bihurtzen du

emozioen kantera

pertsonaiaz mozorrotuz

ta bistaratuz norbera. (bis)

 

3.

CLOWN-A

Ta, ai! Sudurgorri batek

sor dezakeen sukarra:

boterearen aurrean

ez da batere koldarra.

Kale kantoiko artista

begietan du indarra

haurraren inozentziaz

egiten du irriparra

haurren galderak egiten

ausartu ohi den bakarra

bertsolariarentzako

klown-a ez da lagun txarra

gizarte honek badu-ta

bufoi batzuen beharra. (bis)

 

4.

DANTZA

Dantzariak egiten du

bularrarekin garraisi

oinekin lurra laztandu

ta gero indarrez jauzi

hegoen askatasunaz

gerria mugiarazi

ta jolasak nekeari

aisa dio irabazi.

—Bertsogintzan bitartean

oholtzan zenbat analisi!—

Dantzaria aireari

heltzen zaio bixi-bixi

lepotik gora bakarrik

ezin garelako bizi. (bis)

 

5.

MUSIKA

Komunitate bateko

taupadak batzen lehena

horren unibertsala da

musikaren ahalmena!

Egunaren kolorea

indartu dezakeena

emozioen hizkuntza,

zirrararen hastapena.

Bihotzaren memorian

samur gorde litekeena

musika da guk daukagun

konpainia gertuena

pertsonen biografiak

zizelkatzen dituena. (bis)

 

6.

MAGIA

Zabaltzen dugu ahoa,

eskuak jaso burura:

egiak eta gezurrak

non ote daukate muga?

Kontrolatu ezin denak

beti baitakar azkura

ezinegon eder hortan

sortzen digu harridura

sortzen dizkigu galderak

pizten digu jakingura

magiaren sekretua

bizitzaren akuilu da

denok behar baititugu

fantasia ta lilura. (bis)

 

7.

KABARETA

Whisky ta pattar botilak

ta lau tekila txupito

ligeroak, eskoteak,

luma eta abaniko

sedukzioan jolasak

publikoari zimiko

goxoki edo basati

baina beti erotiko.

Oihu, dantza eta marru…

taberna lehertzear, kito!

Bietatik nahi dut pixkat

bien izerditan ito:

oraintxe kabaretera

eta oraintxe publiko. (bis)

 

8.

BERTSOA

Bertsoaren soiltasunak

baitauka indar demasa

errepikatu ezin den

horrexek bete du plaza.

Euskal identitatea

lantzeko ere kapaza

mikroaren oihartzunak

badu entzuleen traza.

Ezin asmatu zein bertsok

sortuko duten klimaxa

denbora mamiz betetzen

nahiz beti ez den erraza

inperfekzio horrekin

nahi dugu gure jolasa. (bis)