URTE BAT LEHENAGO
ENEKO BIDEGAIN
Epailea
1.
Urte bat lehenago
biltzen hasten gara,
Nafarroa, Bizkaia,
Lapurdi, Araba.
Barka zerrenda hontan
zenbait falta bada;
Zein izan daitekeen
ahantzi dut jada.
2.
Epai-irizpideak
orrazten hasita,
Hitz batek pitz dezake
gugan kalapita;
Euskalki batzuk ados,
batzuk bereizita,
aberasgarria da
Mintzolako zita.
3.
Zinta martxan jarri ta
bertsoak aztertu,
Une horretan dudak
ohi dira agertu;
Horiek elkarrekin
ditugu ikertu,
Ziurgabetasunak
ditzagun baztertu.
4.
Azkenean heldu da
epaitze eguna.
Kaskoak jantzi eta,
arretaz garuna,
Puntuz puntu jarraituz
guztien jarduna,
Puntuatzean dugu
erantzukizuna.
5.
Puntu erdi bat gora
puntu erdi behera,
Asko alda daiteke
horren arabera.
Denak ados uztea
zaila da sobera.
Buruko min iturri
zaigu hori bera.
6.
Nahiz ta ez daitekeen
lor perfekzioa,
Zuzena izatea
da gure zioa.
Inportantena ez da
puntuazioa,
Baizik eta bertsoak
ta emozioa.