Ume garaiak izan behar du
Ume garaiak izan behar du –
Doinua: Izarren hautsa
Ume garaiak izan behar du
Emankor eta oparo
Egia esan baldintza hori
Betetzea zaila dago
Batek hartua nau begiz jota
Lehen nintzen Julen, orain “Gafota”
Nire txistuari trago
Hark neurtzen du ia nik baino
metro erdi bat gehiago
Errege batek bezala ditu
hamaika mutil esklabo
Jakin dezaten, orain guztiei
Guraso eta irakasleei
Esan beharrean nago:
“Ezin dut jasan gehiago”.
Praktika beti da teoria
Baino askoz zailagoa
Sentimentuak partekatzea
Egiten zait arraroa
Orain banoa sukalderuntza:
“Ama behar dut zure laguntza”,
Nahiz eta ez den ohikoa
Gelakide bat daukagu dena
Benetan oso harroa
Artalde bat du jarraika eta
Niri min ematen doa.
“Nola ez duzu esan lehenago
Hori konpondu beharra dago
Nor da bere gurasoa?
Bere etxepera noa!”.
Bi gurasoak erdi haserre
Ene, kalean ze marko!
Nire amari hitza moztu ta
Esan du azkenerako:
“Ez jarri niri hala begira,
Umekeriak baino ez dira
Ez da horrenbesterako”.
Irakasleek egin digute
Gai honengandik eskapo
Tailer batekin dena konpondu
Omen dezaketelako
Laguntza ez dut inon topatzen
Jada ari naiz indarrak galtzen
Isuriaz hainbat malko
Bakarrik nagoelako.
Andoni Etxabe Uria