Twitter zendu zenekoa
Twitter zendu zenekoa –
Gure lehen bertso idatzi lehiaketa antolatu genuen 2021an, aldizkari honen 30. urteurrenaren karietara. Bigarren edizioan bertso sorta kopuru polita jaso genuen, eta azken honetan ere iritsi zaizkigu zuen bertso sortak. Mila esker parte hartzaile guztiei, beraz, eta denok etxean jasoko duzuen Imanol Lazkanoren “Aho bizarrik gabe” liburuaz majo gozatzea opa dizuegu, baita bertsotan jarraitzea arkatzez zein mingainez. Sarituontzako sari txukunak lortzen saiatu gara aurtengoan ere, espero dugu horietaz ere merezi duzuen bezala disfrutatzea.
Epaimahaikideak Iñaki Murua, Ekaitz Goikoetxea eta Eli Pagola izan dira, eta hartu dute hartu beharreko erabakia.
Zorionak irabazleei, bejondeizuela parte hartzaile guztioi, eskerrik beroenak epaileei, eta agur bero bat sariak banatzeko ekarpena egin duten enpresa guztiei.
Hurrengo urtean gehiago!
Helduen kategoria
Bigarren saria: Beñat Zeberio Mateos, 18 urte, Asteasu. Elkano scaperrom-erako bi sarrera eta bi lagunentzako bazkaria Itziarko Hostalean. Zorionak, Beñat!
TWITTER ZENDU ZENEKOA
Doinua: Haritzaren memoria (Beira)
Dirua duenarentzat
zein erraz dena biltzea
eta edozer gauza nahi
duen bezala deitzea.
Horrenbeste aurkako aburu!
Muskek hizki bakarraz lortu du
mundua erdibitzea.
Ta kontra eginez Laboari,
Elonek lortu du txoriari
hegoak ebakitzea.
Txoriak ehizatzen hasi
nahi zuen Muskek gustora,
baina udazkena arte
ez zeukan sobran denbora.
Bi makil elkar gurutzatuta,
horietako bat lodituta.
Zaila da azaltzeko, ba,
nola pasa den, zoritxarrean,
txoritikan urrats bakarrean
guardia zibilen logora.
Nahiz jendea banatuta
egon, erasotzailea
sarri bihurtu daiteke
bi herriren ehailea.
Askok egin du deia uzteko
txiolaritza, ez babesteko
txioaren hiltzailea.
Mila esker salbatzeagatik
hainbeste jende pantailetatik,
oh Elon salbatzailea!