[Ttakun-Herren] Urtebete

Ane Zuazubiskar eta Haritz Mujika-(r)en argazkia Ane Zuazubiskar eta Haritz Mujika 2021-09-24

Urtebete –

 

Haritz Mujika

 

Urtebete

 

Doinua: Jesus maitea zan

 

 

Itxaropena denez
helduon txupete
gezurrez bete dira
joko zein tapete.
Ta udaberriak nola
ez irrikaz bete
azken neguak iraun
badu urtebete?

Iazko udaberria;
zaporez zitriko,
aldartez urdin eta
alarma gorriko.
“Gehiago egongo dira
aurten hau ta kito!”
Baina galdua ez da
berriz etorriko.

Ez dantza, ez jai giro
ta ez poz kutsatu,
ez taberna, ez txozna
ta ez diru-zaku.
Nahiz hotza goxatu ta
iluna uxatu
udan ere ez zuen
egunik luzatu.

Datu esanguratsu
zein grafiko itxik
udazkenez argitu
ote zigun fitsik?
Ez zen erori hostorik
ez lehortu gaitzik…
Ta guk basoan ezin
bereizi zuhaitzik.

Neguan elurteak 
gogor goikaldetik
erasotzean joan
ginen artaldetik.
Ta bidea ez zenez
garbi; goitik, behetik…?
bakoitza joan ginen
nor bere bidetik.

Baina hura bukatu
eta alboratu
ostean zergatik ez
autobaloratu?
Maitemindu, amestu,
mugitu, zoratu
eta naturarekin 
batera loratu?

 

Ane Zuazubiskar

 

Urtebete

 

Doinua: Kantak jarriko ditut

 

 

Lau hitz tripa barruan

dugun harriari,

lau hitz gaur urtebete

ez igarriari,

sententzia bat urte

itogarriari…

Eskatu gabekoa

urte berriari,

eskatzea libre da

udaberriari.

 

Baldin eta bizitza

bada ziklikoa,

ta neurria ez bada 

egutegikoa.

Eskatzerik balego

zerbait neurrikoa,

betor udaberria

arnas berrikoa,

ez dadin berriz hasi

iazko zikloa.

 

Baina ez bainaiz baikor

ohiko ibileran,

ez dakit zehaztean

asma dezakedan,

ea argia dugun

tunel amaieran,

edo luzatzen diren

ilunen tankeran,

gauden argidun tunel

baten hasieran.

 

Mundu bat leziotan

ulertuarazi

digun urtean guztiz

ezkor bainaiz kasi,

martxotik martxorako

arreta-garrasi

guztien oihartzuna

zaratan da nahasi…

Ikas genezakeen;

ez dugu ikasi.

 

“Ohitu gintezke dugun

erritmo mantsora”,

edo “honek bildu nau

nire gelatxora”.

Eraldatu zirenen

garaia atzo da,

ahal bezain arin joan da

nor bere altzora.

Ezer aldatu al da

martxotik martxora?

 

Behekorik sumatzen

al dugu gorago?

Mudatu al da forma

azalaz harago?

Munduak egin al du

udaberrirago?

Egiturak hor dirau

urtaroz urtaro…

Guztia aldatu da;

dena berdin dago.

 

 

 

Urtebete