Ttakun Herren: Udakoak

Ane Zuazubiskar eta Haritz Mujika-(r)en argazkia Ane Zuazubiskar eta Haritz Mujika 2022-11-29

Udakoak –

Udakoak

 

HARITZ MUJIKA

 

Doinua: Behin eta berriz berri pozgarriz

 

Birkenstock marroi, Altus gorrixka,

eta Font Vella botila,

bakarrik zoaz, kale bazterrei

ateraz argazki pila.

Erakusleiho baten aurrean

ikusi arren bipila,

ez al zara inoiz isladan hasi,

ondoan, norbaiten bila?

 

Pausua sendo, pentsatuz “Ez dut

beste inoren beharrik“,

“Munduko punta honetan ez da

beste arrasatearrik”.

Zeure baitako galdera zein da

ez duzunean indarrik?

“Bakarrik nago bi aste luzez?”

edo “Bi astez bakarrik?”

 

“Iritsi gara, giro ederra!      “,

etxera bi Whatsapp mezu.

Gaur bisitatu nahi zenituzke

mausoleo zein kongresu,

auzo judutar, plaza nagusi,

lau monumentu ospetsu…

Begiek haiek ikusi arren,

nora begira zaude zu?

 

Eta gosea sartutakoan

-egunean bitan behintzat-

mila taberna dituzte aukeran,

bai Bretañak, bai Probentzak…

Zerbitzariak galde egitean:

“- Ados, mahai bat. Zenbatentzat?”

Lekurik ba al du jangela handiak

lagun bakarti batentzat?

 

Eta hondartzara joandakoan,

eranztean kamiseta,

itsasertzera joateko goian

estutu duzu koleta.

Baina han zabiltzan tartean zure

arnas eta hausnarketa

nork zaintzen ditu zure iPhonea,

kartera eta txaketa?

 

Behin hondartzatik ateratzean,

salbuespenak salbuespen,

hondar alerik ez denik zugan,

Ane ez dizut sinesten.

Baina bakarrik nola zabiltzan

ta ondoan inor ez den…

Nork lagunduko dizu toaila

astintzen eta tolesten?

 

 

 

 

“Bero honekin zuritotxo bat,

-bi edo hiru, akaso…”

Gaur eseriko zaren kantinan

pozik egon zinen atzo…

Topa egin nahi baina ez lagun,

ez bikote, ez guraso…

Zer da hobe; ura eskatu edo

norberarentzat bi baso?

 

Bakarrik erdi mozkortu zara,

sutan daukazu azala…

Nola Arrasaten, hala Cancunen

ostirala, ostirala.

Google Mapsari oinak zapalduz

topatu duzu hostala.

“Bihar goizean Euskal Herrira

idatziko dut postala”.

 

“Lo? Oso ondo! – Nahiz koltxonetak

bizkarra hirutan hautsi.”

Kaixo zer moduz, aita ta ama?

Ondo al dabil Garazi?

Gu kostaldean, de maravilla…

Bada hemen zer ikasi!

Etxean inor kezka ez dadin

hobe zutaz ez idatzi.

 

Hamabost gauren ondotik heldu

da azken opor eguna

etxera bueltan zoaz pentsatuz

“Jasoko al zuten gutuna?”.

Nik neuk galderak egin ahala

eman diet erantzuna,

zure bidaiak irudikatuz,

sortuz argazki albuma…

Orain zuk esan zer den motxilan

ekarri izan duzuna.

 

 

Udakoak

 

ANE ZUAZUBISKAR

 

Doinua: Lo hadi aingurua

 

 

Ez zatoz onenari

gomendio eske,

Haritz, iritzia dut

merke bataz-beste,

baina postalean har

dezazun babespe…

Igual erdi-ulertzen

saiatu gaitezke.

 

Nahiz Instagramen hanka

ilunduak jarri,

nahiz barra bazterretik

izotzak ekarri…

Lasai, egon zintezke

oporretan larri,

opor delako ez da

beti gustagarri.

 

Turista-bidaiari

duda dut erdizka

Bidaiariak ustez

urrun badu bista,

nire maleta txiki,

azal fin zurixka…

Bakarrik nahiago dut

sentitu turista.

 

Bakarkako bidaiak

bihurtzea lorpen

pentsatzeko “bakarrik

badakit egoten”,

egon naiz Portugalen,

egon Lanzaroten…

Pentsatuz “X-rekin

zein ongi nengokeen”.

 

(Biko plana txarra da

biko haserrean,

nahiz guztiok nahi esku

doi bat izterrean…)

Ameskerian nabil,

ez gorazarrean,

baina ezin dut krema

eman bizkarrean.

 

Hotel txikietako

mahai handiegitan,

kafe hutsa luzatu

baitut gosaritan,

dirdira sentitu dut

besteen begitan,

ez dakit errukitik

edo inbiditan.

 

“Kaixo, ni hemen ongi”

laukitxo ertzean,

“zu zer moduz lanean?”,

“zer moduz etxean?”…

Baina postalak ere,

zigilu hezean,

ez dira idazten bueltan

jaso nahi ezean.

 

Lo furgonetan edo

ohe gogorretan,

bankuko zenbakiak

etziko zorretan…

Dena ez baita eder

laukitxo horretan…

Hobe ez bizitzea

beti oporretan.

 

Baina mendi punta zein

irlako palmondo…

Bakarrik gauden zenbat

ukondoz ukondo…

Igual ez ginateke

hainbeste egongo,

ez balitz egon ahalko

bakarrik eta ondo.

Udakoak Udakoak