Ttakun Herren - Belaunaldi honen galderak
Ttakun Herren udaberria –
BELAUNALDI HONEN GALDERAK
ANE ZUAZUBISKAR
Doinua: Behin eta berriz berri pozgarriz
Joan den mende amaierako
azken-aurreko segundu
haietan jaio ginenok, gure
zilborraren punta mundu…
Gu beti ume, gu beti gazte,
baina beti berandu gu.
Zer galdetua badugu berez,
baina galdetzen al dugu?
Laurogeita hama-berandukook,
dudaz beteta ez eze,
historiaren putzu parean
galderaz oin-puntak heze…
Zuri ala beltz? Ezker, eskubi?
Ernai ala GKS?
Ur sakonetan sartu gaitezke
baina sakonegi ez, eh!
Bakarrik bizi nahi ote dugu,
edo bizi bikoteka?
Alokairua konbentzimenduz
ala kutxan hipoteka?
Nahi al ditugu haurrak, katu bat,
asteburuz furgoneta?
“Eta nahi badut zer?”. Baina hobe
dut galdetzea ahopeka.
Umeak nora? (Galdera hau da:
Publikoa? Ikastola?)
Igandetan zer? Sofa-zuloa?
Mendi-buelta bat? Futbola?
Pasa al gara gin-tonicera?
Gehiegi al da ron-cola?
Ez al dugu “zer?” asko galdetzen,
tokatzen denean “nola?”
Guk zeren alde egingo dugu
oihu? Zeren alde barau?
Zenbat iraultza daude egiteke?
Apurtzeke zenbat arau?
Dena eginda zegoenean
munduratzeak ito nau;
pasatzen al da dena asmatuta
dagoenaren uste hau?
Senide zaharren etxe barruko
eta kanpoko lan-ordu,
aiton-amonen bizi-iraupen
gurasoen bizimodu…
Dena ikusi duen munduak
gugandik zer espero du?
Eta espero ez duenari
zer eskaini nahi diogu?
Zer egin dugu lehengoek gisan,
egin ezinda hobeto?
Zeren jarraipen izan nahi dugu
eta zeren oinordeko?
Nahiz aurrekoen zenbait konturen
lotsa ez dugun gordeko…
Norbera ere ez al da beti
beste norbaiten ordeko?
Galdera-ikur bat aldatzen bada
belaunaldiz, begitartez,
Beso nekatuz gabiltzanean
aurrekoen estandarteez…
Zer dagokigu? Gaurtik hastea
erantzuteko aldartez,
guk erantzun nahi ditugun hauek
hurrengoei utzi partez.
ERANTZUNIK GABEKO GALDEREI JARRIAK
Haritz Mujika
Doinua: Seme ezarri bainauk
Erreportaje doia
edo primizia,
mendeku basatia
edo justizia?
Zazpi antxumetxoak
edo Alizia?
Ez daukat erantzun bat
finkoa, itxia;
soilik eman dezaket
nire iritzia. (Bis)
Batua-Euskalkia,
GKS-Ernai?
Tribua sendotzeko
egiten da zernahi.
Ager-mahaiek behar
lukete uler-mahai.
Zergatik beti egon
defentsiban, ernai?
Ez al dugu arrazoiaz
gain beste ezer nahi? (Bis)
Hori bada borroka
honen bitamina
etsaia bera denik
ezin imajina.
Besteek argituko
balute enigma
−zapalduz zapalkuntza,
baztertuz estigma…
Zer eragingo dizu
min edo kilima? (Bis)
Parte-hartze prozesu
nahiz gune seguru
zergatik gure egin
nahi ote ditugu?
Sistema horizontala,
−gu garena buru;
nire iritzi, nire
arau zein liburu…
Horretara biltzeak
baina zein zentzu du? (Bis)
Galdera guztientzat
ez da erantzunik
baina asko horretan
sumatzen ditut nik.
Ez badaukazu lanik,
balkoirik, lagunik…
Ez da sistema egurtzen
ez duzun egunik.
Desorekak noiztik du
multiplo komunik? (Bis)
Izan ere guztiak
goaz berdin jantziz
ondorio bakar bat
lortzeko instantziz.
Ezetz heldu inora
detaileak ahantziz
kasu partikularrak
taldekotu antsiz…
Inbutua ez bada
jartzen alderantziz. (Bis)
Ziurtasuna al du
pertsonak berezko?
Koherentzia beti
ote beharrezko?
Bai baten sokan ote
daude sei ezezko?
Ta aldatzea sumatzen
badut beharrezko?
Edo erdibidea
da erdi-bidezko? (Bis)
Zenbatek galdetu du
nahikoa ote den?
−Zatituta balio
baitugu bi heren.
Une historiko hau
bakearen eden
ez bada ere oroit
zaitezte bederen
zazpi egunean behin
hartzeaz atseden. (Bis)