Ttakun-Herren: oporrei bertso jarriak
Ttakun-Herren –
Doinua: Itsaso hori dago zatarra
San Fermin, Bilbo,
Laudioko jaiak;
Mendi biziak
Kosta lasaiak,
Maleta bete kontu dakartza
denontzat uda garaiak (ber)
Bizipenak, ikasgaiak…
Trabesiak edo kayak
Izar usoen sabaiak…
Nahiz hegazkinek gerturatu ohi
hautatutako paisaiak
Askoz gehiago ez ote dira
Behartutako bidaiak?
Tailandia zein Fuerteventura
Zenbat geltoki, zer abentura!
Opor sasoian ere pentsatu:
Zergatik hau eta hura? (Ber)
Urrunera, ingurura…
Ahaztu nahian ardura,
Selfien arrantzan guda
Nahiz baloratzen dugun guztia
Eder, turisten modura…
Kanpora beste begiratzen al
Dakigu gure barrura?
Kalarik kala goaz ortozik,
Baina itzuleran ez dago sosik,
Postala osatzen dute argazki
Ta hainbat une berezik (ber)
Ez da behar beti flashik
Argi izatea baizik,
Ahaztu egin zaigu kasik
Nahiz astebete itzela igaro
Ezin da izan bizipozik
Norbera eta ingurukoak
Baloratzen jakin ezik!
Saharar haurrak familiekin,
Ukraniarrak ere gurekin,
Mundu berean jaioagatik
Zenbat punta, zenbat erpin (ber)
Datoz nahiz ondo ez jakin
Non dauden eta norekin…
Falu, Fatima, Valentin…
Bidea egin eta zabaldu
Behar dugu elkarrekin
Lehenago edo beranduago
Denok baikara etorkin!
Hegazkin, auto edo patera
Bidaiatzeko hainbeste era
Bizitza ipuin bat da ezin dena
Aurreikusi amaiera (ber)
Beraz gozatu topera
Beti baikoaz aurrera
Baina posible ote da?
Txartelen ehizan joaten gara
Ohartu gabe gainera
Mila geltoki ta abenturadun
Bidaia dela norbera!
Gorde aurretik berriz sombrilla,
Sasien ordez heldu makila!
Gure txikian handiak gara
Egin dezakegu pila (ber)
Pauso, jauzi, itsas mila
Mundu berri baten bila
Isilaraziz fusila
Elkartasunez eta balorez
Bete dezagun botila
Munduari buelta emango dion
Olatu bihur dadila!
Lagun bidaiariari jarriak
Doinua: Ai gure aitzinako
Tokatu izan zaigu
ondoan askori
bidaiari hori
esango liokena
zerbait Elkanori
guztia du bizipen,
guztia istori,
emozio, jakintza,
kontu ta teori:
zoritxar hau ez diot
desio inori.
Zabaltzen duenean
lagunak ahoa
ez da arraroa
hizketan motz uztea
auzoko loroa.
Pijipismoak hau du
urrezko aroa
guztiz gastatu arren
udako paroa
ez doa oporretara:
bizitzera doa.
Kontatuko dizkizu
detaile guztiak
hitzak ta hizkiak
denentzat ditu notak
bere abestiak
bi orduko azalpen
gozo ta eztiak…
baina ez du ulertzen
Willy Fog ostiak
ez zaizkigula inporta
bere argazkiak.
Altu hitz egiten du
aditu dezaten
(ta gutxi esaten…)
goitasun moraletik,
kriantza edaten.
Bere esperientzia
bizi genezakeen …
ba ni Saloun izan naiz
berriz ere aurten,
ta inori ez diot
pelmada ematen.
Urtero bidaia bat
badu pentsatuta
mapa altxatuta
internazionalista
senari helduta
mundu osoa pasa
nahi du puntaz punta
bitartean jaiero
rabak ta bermuta…
hara burges txiki bat
motxila hartuta.
Txiapas izan zuen
lehenbiziko meta
modan zegoen ta
geroztik mila postal
kaxoian gordeta
“Han zeinen gaizki dauden…”
ohiko berriketa
baina badaezpada
berriz ere buelta
kontzientzia arintzen
maletak beteta.
Herri urrunetara
bidaiatzen hasi
ta dena fantasi…
zertan bere lainotik
bajatu arazi?
Gu europarrak gara,
aberatsen hazi,
eta gauden lekuan
hobe dugu, kasi,
gure kontraesanekin
bizitzen ikasi.