Ttakun Herren: Lau urtez behin - Ia egunero
Lau urtez behin – Ia egunero –
Lau urtean behin
Doinua: Agur sagar beltzaran
Aurtengo otsaila ez da
izango edozein
hogeita zortzi egun
baditu behinik, behin…
Txapelketa, Hauteskunde,
edo Olympic Game…
Zenbait gauza egin behar
dira lau urtez behin;
Niretzako zein ote
eta zuretzat zein?
Euskalduna gehiegi
kezkatzen da lanaz
osasuna galdu zein
Jostera arte kanaz.
Hiru urtez lanean
soldata on banaz
pasa badituzue;
ahaz zaitezte danaz!
Hartu urte bat libre
eta hartu arnas.
Arnastu sakon eta
ez egin negarrik!
Edo bai? Izan ere,
ez du ezer txarrik.
Nahiz munduak ez izan
malkoen beharrik
Lau urtez behin eginda
ez gorde min zaharrik.
Gutxi xamar da hamar
urtez behin bakarrik.
Askok lau urtean behin
aldatzen du mila;
mugikorra, ohea,
zein automobila.
“Lehengoaren aldean
hau bai marabilla;
hogei zaldi gehiago
eta sei bonbila,
techo solarra eta
haurrarentzat silla!”
Harremanak, ordea,
ia jolas parke,
bihurtu ditu askok
maitemin aldarte
sutsu bila, eta lau
urtek aski tarte
dute horretarako;
zatoz, izan parte!
Baino aldatu-aldatu,
aldatu noiz arte?
Zurrunbilo horretan
bizi da gaztea
eta zer da horretatik
ateraraztea?
Bizitza bat galtzea,
beste bat hastea?
Nahiz hari finak lotu
arima askea
hark eragozten digu
bizitzen ahaztea.
Zerbaitetan gustuz noiz
ez da hasi norbait?
Baina maiz obsesio
bihurtzen da, nonbait.
Ikasketa, lan berri,
kirolerako Nike…
Lau urtean behin egin
behar luke nornahik;
ikasia ahaztu eta
lehen aldiz zerbait.
Ginen umea izan
lehendabizikoz;
sabela bete Kinder
eta Gusanitoz,
jolastu ezagutu
gabeko bost tipoz,
jantzi txandalez eta
kirol elastikoz,
jo eskuz pilota eta
mundua ostikoz!
Ia egunero
Doinua: Hamalau heriotzena
“Aldatzea ona da”
dio egiantzak,
eusten gaitu berri den
horren esperantzak.
Baina zaharra berri
egiten du antzak…
Ze zikloka bueltatu
ohi dira zalantzak,
flekillo labur eta
kanpanadun galtzak.
Igual arituz gero
ideologiez,
multzoari segitzen
diegun ardiez,
erdiko egiaz zein
egia erdiez…
(Oroituz Toni Canto
edo Rosa Diez)
Aldatzea ona da…
(Baina gehiegi ez?).
Baina belaunaldika
aldatzen da kexa…
Gureak du errea,
nekea, estresa,
ustez beti berandu
doanaren presa…
Hainbestekoak dira
“banu” zein “baneza…
Erromantizatzen da
aldaketa eza.
“Aldatu konpainiaz,
ile orrazkeraz,
darabilzun hitz-moldez,
daukazun hizkeraz,
aldatu nahastea
beti jai bezperaz,
profil-argazkiz edo
musika joeraz…”.
Aldatzeak erraza
ematen du beraz.
Probatu dantza, zumba
zein igeriketa,
has zaitez eskalatzen
atzamar kolpeka,
aldatu maiz maitalez,
egin zazpi buelta,
(izan nora itzuli,
ahal dela, zer gerta)…
Estimulu berri bat
ez da aldaketa.
Baina hortik harago
iraultza-iraultza…
“Aldaketa” kontzeptu
moduan zait hautsa.
“Hartu tartea lasai,
egin hiru pausa”…
Gero handia bada
oinarriko kausa,
uste dut aldatzeko
ez garela gauza.
Ustez guztiona da
aldatzeko grina,
denboran gorakoak
hor du ahalegina,
Baina hiztegiraino
bira dut egina,
kontzeptuz nahastea
ez da hain arina:
“Aldatu”, “egokitu”
ez dira berdina.
Ez naiz idealista
etorri aldarriz,
nahastu zaitut, Haritz,
guztia gris jarriz…
Ez, ez nauzu entzungo
bertsokera berriz…
Ez, ez naiz aldatuko
egitekoz, herriz…
Igual moztu behar dut
flekilloa berriz.