TTAKUN-HERREN

Izar Mendiguren eta Iñaki Gurrutxaga-(r)en argazkia Izar Mendiguren eta Iñaki Gurrutxaga 2020-12-21

TTAKUN-HERREN –

MUNDUA ALDREBES

Izar Mendiguren

 

TTAKUN-HERREN

 

Umeak helduak berez
Dira gauza askotan, ez?
Saguzahar ez da bat izan behar
Dena ikusteko aldrebes!

Inguruan parez pare
Zenbat jende, zenbat lege!
Zuri beltz asko ikus daitezke
Zebrabideetatik ere!

Nahi dut zerotik hastea,
Eta behingoz ikastea,
Mundua ez da baloi, ezin da
Debekatu jolastea!

Txirristetan pilatuta
Jolasa bideratuta
Zergatik daude haurrak lehoiak
Bezalaxe hesituta?

Kale ertzetan kamera,
Kontrolatzeko norbera,
Herria pizti askodun zoo
Arriskutsua ote da?

Espaziotan enpate
Inurri ta elefante?
Ibilgailuek guk baino toki
gehiago nola daukate?

Heldu ezkero mugara,
Bi besoak paretara!
Kristal sabaidun ontzi bateko
Arrain presoak al gara?

Ustez gara burujabe,
Baina idi proben pare
Aurrera tira ta tira goaz,
albokoa ikusi gabe!

Stop seinaleak… kopon,
Euskaraz ez daude inon!
Euskal Herria Gaztela ez ezik
Bihurtu dute Washington!

Kontsumo eskandaloa
Baserritarrak zail loa
kate handien azeriek jan
behar diete oiloa!

Nahiz eta agindu txapo
ta denok izan aintzako
Oraindik malda asko falta da
Gurpildun aulkientzako!

Edadetuak bankutan?
Umeak noiz zuhaitz puntan?
Denontzat leku bat izateko
Oraindik gaude lekutan!

Gune beltzak, andreenak?
Barka, ez gara problemak…
mundua andrebes ikusi arte
hankamotz gabiltza denak!

Izan ezti, ta ez ezten
Segi dezagun amesten!
Esna gaitezen herriz zein jendez
Librea den mundu baten!

 

 

ASKATASUNA ETA GU

Iñaki Gurrutxaga

 

TTAKUN-HERREN

 

Hemen guztiok izan nahi dugu

txori libre eta aske

eskua emanda besoa hartu:

hortan gabiltza desastre.

 

Paradoxa bat dirudi baina

derrigorra da halare:

ezin da sortu askatasunik

mugarririk jarri gabe.

 

Zeruak ere baditu mugak

ondo pentsatzen hasita

zulo beltzean sartu gaitezke

bulkada hutsei segika.

 

Baina zergatik ari naiz orain

filosofia merketan?

Talka handiak ikusi ditut

azken hilabeteetan.

 

Etxetik irten ginen haseran

hanka puntetan bezela

eta pentsatu, oh, inozente,

mundua aldatu zela.

 

Mundu hobe bat sor zitekeela

balkoiko txalo artean

gizakiari bere egoa

berriz itzartu artean.

 

Eta hasi ginen normaltasunez

ordu gutxiren buruan

gaixotasun ta gaitzen gainetik

baldin bageunde moduan.

 

Sasoiko denak pilan jarrita

tabernetan, terrazetan,

giza-zintzoen maskara ere

erantzi genuen bertan.

 

Denok nahi dugu aske sentitu,

ikutu eta igurtzi,

baina besteen askatasunak

batzutan axola gutxi.

 

Noski ardura behar duela

goitik agintze duenak

baina norbere ardurak dira,

nonbait, hartzeko zailenak.

 

Poliziarik ez dut nahi inon,

penaz ari naiz aipatzen,

batzutan oso zaila delako

jendea justifikatzen.

 

Epe motzeko memoria da

eguzkitan urtu dena…

ea etxetik kanpokoa den

helduko den udazkena.

 

Bertso jarriak

TTAKUN-HERREN

TTAKUN-HERREN TTAKUN-HERREN