[Ttakun-Herren] Hasi eta segi

Etxahun Lekue eta Ane Zuazubiskar-(r)en argazkia Etxahun Lekue eta Ane Zuazubiskar 2024-11-06

Hasi eta segi –

HASI

 

Hasi eta segi
Etxahun Lekue

 

Doinua: Gu gazte ginadela / Txuriko

 

Hasteko momentua

iritsi da, beraz

jardun gurako nuke

orain hasieraz,

sarritan ez baitakit

zelan hasi berbaz

parera agertu den

pertsona bategaz.

 

 

Goizean ezin denez

denborarik galdu

igogailuan sartu

ta auzokoa azaldu.

Nahiz eta pertsianarik

ez dudan zabaldu

esan diot “bustiko

gara gaur igual gu!”

 

 

Erantzunik ez dator

bere ezpainetatik,

eguna trabestuta

lehenengo berbatik.

Orduan pentsatu dut

beste behin, zergatik

ez ote naizen jeitsi

eskilaretatik.

 

 

Ondoren tabernara

naroa patuak,

bertan den futbol zale

erretiratuak

bota dizkit Marca ta

As-eko datuak.,

kafe beltzari berba

deskafeinatuak.

 

 

Gero Institutuko

ezagun bat,hara!

Ikustean egiten

duguna zer da ba?

Ahalik eta arinen

pasatu ohi gara

“Aupa aspaldiko!”-tik

“Egongo gara!”-ra

 

 

Eta azkenengo berbak

jartzean abian

“Antolatu beharko

da zerbait agian,

hantxe batuko gara

hurrengo aldian”

egundo ere egingo

ez den afarian.

 

Pentsatzen aritu naiz

azken egunokaz

gatz ta piperrik bako

berbaldi askotaz.

Aritu gura nuke

hartaz eta hontaz

berdin ezagun eta

berdin lagunokaz.

 

 

Ane berba egingo

al dugu kritikez,

damuaz, botereaz,

gure huts egiteez…

Gure elkarrizketak

onak izan bitez,

igogailuetako

estilokorik ez!

 

 

Ttakun egin ostean

egiten da herren,

ea ba oraingoak

bueltan zer dakarren.

Eta zuk irakurle

barkaidazu arren

sorta osoan ezer

ez esatearren.

 

 

ETA SEGI

 

Doinua: Agur Jesusen Ama

 

Hasi eta segi
Ane Zuazubiskar

 

“Agur Jaunak” hasteko

igual da larregi,

“gabon” batek harrapa

gaitzake goizegi,

joan den mendekoa

baitzait ‘agur t’erdi’,

‘kaixo Etxahun’, sorta bat,

lehenengoa bedi…

Eta zuk, irakurle,

irakurtzen segi.

 

 

Euskarazko “agur”-ek

zenbat usadio,

gutxitan izan ohi da

“agur” bat “adio”,

“agur” batek ez baitu

“kaixo” kontrario,

azaltzeko sorta bat

“agur”-ren jario,

agurrak agurrari

segiko badio.

 

 

Noski, agurrak jarriz

gero muturretan,

batzuk dira “epa” bat

(labur, laburretan),

askok “gero arte” bat

dute gezurretan,

eta maiz izaten da

labur-beldurretan,

luzamendu gehiegi

azken agurretan.

 

 

Agintariek lotsa

zezaten aurreztu,

ezker hankak ez zezan

eskuinik har estu,

ez sokako aurresku

eta ez atzesku,

zenbat dantzarik duen

agurra “antzeztu”

pentsatuz “solemnetik

honek asko ez du”.

 

 

Eta bertsolariok

asmo oneneko,

santu, festa-hitzordu,

mahai-buelta, areto…

Zenbat agur egunik

“berezieneko”,

otordurik “gozoen”,

gau “ederreneko”…

Hamazazpi topiko

puntu laurdeneko.

 

 

Txapelketa garaian

hainbeste interes,

agur bat ezin baita

bete edozerez,

kantatzen da asmoez,

kantatu aukera,

komeni zaigu umil

agertzea berez,

baina hobe pixka bat,

gehiegi ere ez.

 

 

(Gai denak kantatzeko

hiletako mezan,

edo inauguratu

berri den enpresan,

barruan izaten du

aski kontraesan

Ez beza inor hartu

aitortzak sorpresan,

ez dut inoiz jakiten

“agur” nola esan).

 

 

Gure lehen agur honek

ez briz-briz, ez glamour,

zortzi bertsoan gure

kezka eta beldur

bildu nahi baina gero

ez erabat ziur.

Nahi genukeenok jardun

zorrotz eta labur,

ezer gutxi esanda

“agur” eta “agur”.

Hasi eta segi