Ttakun-Herren: GREBA

Izar Mendiguren eta Iñaki Gurrutxaga-(r)en argazkia Izar Mendiguren eta Iñaki Gurrutxaga 2020-09-29

GREBA –

IZAR MENDIGUREN

Doinua: Gaur gurutzatu gara (M. Urdangarin) 

GREBA

 

Historia kutxari

kendu maindirea,

Greben kontuan bada

nori, zeri beha!

Emakumeen borrokak

dira adibidea,

etxean geratzea

ez da irtenbidea!

Isilik egotea

noiztik da bidea?

 

Mendeetan eginda 

pixka bat atzera,

mila zortzirehun eta

hainbeste urtera (1857)

New_Yorken emakumeen

fabrika erre da,

errusiar andreek

ere gose greba…

ta zertan hobetu da

gure egoera?

 

Erresidentzietan 

piztu zen borroka,

Bizkaian garaipen bat,

lortu zen pausoka…

Esklabutza bultzatu,

ta pertsonak bota,

zuzendaritzek ezin

dute hala joka,

Bizitzeko dabiltza

bizitzaren kontra!

 

Laudion, Amurrion…

grebara “Berriak”,

“Neskek, jai egunik ez???”

salatu herriak,

lortu dituzten arren

hitzarmen berriak,

tentu, ez dira itzali

alarma gorriak!

Harategian soilik

ez daude txerriak!

 

Orozkon Artiachen

neska batzuk finko

ez egiteko bota

dituzte betiko.

Mobilizazioak

egin dira tinko.

Berronartu dituzte,

denak pozik, kitto!

ta zein neurri hartu da

enpresarekiko?

 

Osakidetza iruzur,

Hezkuntzako greba,

hamaika lan heriotz

goizetik gauera…

Ogia ez gorputza

sartzen da labera,

eskubidea ez da

joatea lanera,

baizik eta bizirik

heltzea etxera!

 

Ez pentsio ta ez lan

baldintza serio…

Sutan dago bizitza,

mundua herio!

“Greba frakasoa da”

esan prentsari, Oh!

Odolusten gaituzte,

aski da, redio!

Gure bizitzak ez al

du ezer balio?

 

 

Mundua ederra da,

noren begitara?

Noren esku gelditu

da lehen ilara?

Lar egokitu gara

miserietara,

Mila arrazoi daude

batzeko grebara,

Ta ez bazatoz, argi:

zapaltzaile zara!

 

 

 

IÑAKI GURRUTXAGA

Doinua: Zeru altuan

GREBA

Labe garaiak itzali ziren,

kaleko suak ere bai:

salerosketa etengabeak

itxura batean darrai.

Bakoitza bere rollora goaz

ta hemen denok gara guai:

inortxo ez da proletario,

ta inork ez du izan nahi.

 

Laurogeigarren hamarkadako

barrikadak ta sirenak:

nostalgiaren erretratua,

orain ongi gaude denak.

Grebak zergatik? Alferrik dira!

Bukatu ziren problemak!

Konpon ditzala besteren batek

denon arazo direnak!

 

Kapitalaren irabazia

ez da dirutan neurtzen:

erdi-mailako klase uste-ta

hemen jendea puztu zen.

Klase-kontzientzi deitzen zitzaion

mailua dabil biguntzen…

behekoei goitik begiratzeak

ez du gehiegi laguntzen.

 

Gimnasioko kuota ordaindu

ta hain zaude sasoikoa

ongi jantzia, perfumatua,

ia-ia heroikoa.

Hiper kanpoko eskaleari

botata txanpon ohikoa

goiko bat izan nahiko zenuke,

baina ez zara goikoa.

 

Auto berri bat hartu zenuen,

plazo erosotan, lehenik.

Berrogei urtez hipoteka bat

badaukazu, ziurrenik: 

ez duzu, bada, orain usteko

norbait nor dena zarenik?

Nor denak inoiz ez du eskatzen

ezertarako baimenik.

 

Esan zizuten: ez zara inor,

ez zara izango ezer,

bertso-zaharretan beti berdinak

ziren nagusi ta maizter.

Hanka azpiko txakur leiala

ordezkatzen dute laster:

daukazun pixka ez zuten lortu

obedientziari esker.

 

Beraz grebarik ez duzu egin

ta inor ez da harritu

hori eginda ezin delako

jefearekin kunplitu.

Hala ere lasai, ezin baduzu

noizbait zorren bat gainditu

nagusi jaunak zure faktura

denak ordainduko ditu.

 

Gu gara jende katramilatsu

ta takturik gabekoa

borrokabide zaharkitutan

galdu ohi den klasekoa.

Amorrazio bakarra daukat,

ez errez gainditzekoa:

zuretzat ere izango dela

orain guk lortutakoa.

GREBA