Ttakun eta Herren: Itsasoz hara, itsasoz hona
Itsasoz hara, itsasoz hona –
Itsasoz hara
Doinua: Hiritarra eta baserritarra
Itsaso bat bitarte
bertso-sortagintzan,
nola biratu duzun
lehengo bizitzan,
hasiz gero galderen
neurriko langintzan,
handiegia al da
zer moduz zabiltzan.
Buruan ditut “banu”,,
“baleki”, “balitu”.
Aurreiritziz galderak
soinu hauek ditu.
Aurkitu ote duzun
zerekin harritu,
edo kontrara zaren
gehiago larritu.
“Mundu berri” bat al da
itsasoz harago?
Euskal Herritik mapan
apur bat beherago…
Orain han, pentsatuta:
“orain gertu nago”,
zer sentitzen duzu lehen
baino urrunago?
Egunerokotik nik
ez dut ihes egin,
badut aski lan, badut
nahi beste zeregin,
Hemendik harakoa
baizu atsegin…
Gero zure buruan
zer duzu desberdin?
Nik hemendik urruti
ikusten zaitut zu,
zure pausaje lasai,
arnasezko luxu,
zure urruntze behar
eta zuri-kutsu…
Eta handik zuk nola
ikusten gaituzu?
“Hemen eta orain” den
neurrira egina
nagoelako daukat
dudan jakin-mina…
Alferrikakoa da
ez datorren grina,
barrurantz esatea:
“Ausartu bazina”.
(Idatzi ostean hau
post-ean jarrita
galdera bila jardun
ohi naiz maiz larri ta,
egin ezazu barre
-nahi bada aldarrika-
Otañoz oroitu naiz
zu irakurrita).
Itsasoz hona
Doinua: Kantuz egin behar det
Nire berri eman gabe
nengoen luzaro,
-ezta nagoelako
lehen baino hutsago-.
Hemen desberdina da
bizitza zeharo,
ordutegi, denbora,
jende zein urtaro…
Ur epeletan busti,
arnasari trago…
Han ez nenbilen gaizki,
hemen ondo nago.
Ibili eta egon
ez baita berdina,
orain aurpegian joz
daukat haize fina.
Ahaztu dut herrigintza,
ahaztu ikurrina,
kendu hor kendu ezin
nuen pegatina…
Ez nau ezerk larritu
harritu adina…
Ederra da hemendik hor
eragin ezina.
Itsaso zabal eta
zaharraz bestaldera
Mundu berririk baden
Da zure galdera.
Nerea ezta aurrez
nenkarren ubera,
ez bainaiz nintzen gazte
neurtzaile, izubera…
Hala ere oinpean dut
lehengo mundu bera
aldatu ta berritzen
geranak gu gera.
Nahiz hor dauzkadan bihotz
eta zilbor heste
Medellin ez dut inoiz
sentitu erbeste.
Hor noraino nintzen ni
ta noraino beste?
Dena bada igotze,
ugaltze, aurrezte…?
Hemen inor ez daukat
pausu berri eske
eta erabakiak
atzera daitezke.
Horrexek bihurtzen du
bizitza jolasa,
eguna egona ta
ezbaia solasa.
Ahaztu Suunto, Lanbide
eta Fotocasa,
furgoneta, sehaska,
komuneko taza…
Hau da nere interesak
duen gaurko tasa;
esnatu, jan mangoa
eta ondo pasa.
Bizi baitut amets bat
egina neurrira,
beraz, zertan itzuli
behar dut herrira?
Lur honek pentsarazten
didana hori da,
amets honi nola ta
non eman segida…
Hor, lasai, zabiltzaten
modura segi ba…
Hemendik ez bainago
horruntza begira.
Hobe norberak bere
bizitza gidatu,
eta ondokoaren
hari ez tiratu.
Askatasuna baietz
hortik deribatu;
libre bizi hautu zein
desio pribatu…
gure bueltan ez denez
mundurik biratu…
Zuk ikusi nora ta
nondik begiratu.